Dagoeneko esan daiteke 4.100 euro poltsikoratuta dituztela. Arizmendi (Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza), Aranzadi (Bergara) eta Txantxiku (Oñati) ikastoletan diharduten 4.100 ikasleek parte hartu behar dute-eta, goizean edo arratsaldean, Debagoieneko bost herritan egingo diren krosetan. "Baina ea beste 4.000 animatzerik badugun, ikastola txiki horrendako hauspo handia delako gure dirua eta babesa", adierazi du Edurne Baltzategik, Arizmendi Ikastolako komunikazio arduradunak.
17:30ean irtengo da lehen herri krosa, Arrasateko Herriko Plazatik. 18:00etan, berriz, Bergarako, Oñatiko eta Aretxabaletako krosen hitzorduak dira, eta Eskoriatzakoa izango da egingo den azkenekoa (18:30ean).
"Parte-hartze handia"
"Oso pozik gaude; igartzen dugu parte-hartzea oso handia izango dela eta hori espero dugu, plazak jendez betetzea, hori da helburua", azpimarratu du Baltzategik.
Ekimenetan parte hartzeko nahikoa da krosen irteera puntuetara joan eta bertan euro bateko ordainketa sinbolikoa egitea, aldez aurretik izena eman barik. Lasterketen ezaugarriei dagokienez, berriz, elkartasuna oinarri duen lasterketa izanda, "oinez egiteko modukoak dira, asko jota 500 bat metroko ibilbideak izango dituztenak (…) etor daiteke txandalik eta halako barik; alde horretatik ez dago aitzakiarik", azpimarratu du Arizmendi Ikastolako ordezkariak.
Oro har, beraz, sinbolismotik asko izango du ekimenak, Bergarako Aranzadi Ikastolakoek egingo dutena adibide: "Ikasleek euro bat ekarri behar dute ikastolara eta ekitaldian gela guztietako ekarpenak kutxa handi batean sartuko ditugu Ziburura bidaltzeko".
Herri guztietan, gainera, ikasleek egindako dortsalak salduko dituzte krosa hasi baino ordu laurden lehenago, euro baten truke.
Reala, Asegarce…
Krosez gainera, "herri guztietan, honen bueltan girotuko da arratsaldea ekintzekin (umeentzako tailerrak, musika emanaldiak, txosnak…) guztietan bukatuko dugu agur hunkigarri batekin: manifestua irakurriz, bertsoak entzunez… 18:00-19:00ak bitartean".
Eta hainbat bide jarriko dituzte dirua batzeko: tabernak, tonbola, pegatina salmenta… "Tonbolak jarriko dituzte Aretxabaletan eta Eskoriatzan, eta hainbat erakunde, elkarte eta dendak eman dute materiala: Realak, Asegarcek, Orioko eta Hondarribiko arraunlariek, Goienak, Artemanek, Jakionek… ezin guztiak aipatu. Eta herritarrek ere lagundu ahalko dute hor txartelak erosiz".
Egitaraua herriz herri
Arrasate
10:30-11:00: Krosa, erdigunean (HH eta Ziburuko ikastolako ordezkaritza).
11:00-12:00: Ipuin kontaketa eta magia ikuskizuna.
15:00 16:30: Ikasle nagusien krosa.
16:30-18:00: Tailerrak eta karaokea.
17:30-18:00: Herri krosa eta agur ekitaldia. Herriko Plazatik abiatuko da.
Bergara
11:30: Txikien krosa.
15:30: Ikasle nagusien krosa.
17:00: Jolasak, plazan.
18:00: Herri krosa: plaza, Barrenkalea, Irizar, Fraiskozuri, Herrilagunak, Irala, Barrenkalea eta plaza.
18:30: Ekitaldia: bertsoak, trikitia, dantza… eta tabernaren irekiera.
19:00: Herria dantzan.
Oñati
11:00-13:00: HH eta DBHkoen krosa.
15:30: LHkoen krosa.
17:00-19:00: Tailerrak, dantzak eta musikariak
18:00: Herri krosa, mezu irakurketa, bertsolariak… eta gero taberna.
Aretxabaleta
14:30: Ikasleen krosa.
16:30-17:30: Umeendako jolasak, tailerrak… eta tonbola.
18:00-18:30: Herri krosa eta agur ekitaldia.
Eskoriatza
14:30: Ikasleen krosa.
16:30-18:00: Umeendako jolasak, tailerrak.
18:30: Herri krosa.
19:00: Agur ekitaldia eta kontzertuak.