Desberdintasunak txikitzen joateko, giza garapen iraunkorraren bila

Julen Iriondo 2014ko aza. 26a, 00:00
MUko irakasle Leire Uriarte, Jon Altuna errektore-ordea, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Unesco Etxeko programen koordinatzaile Maider Maraña, txostena aurkezten.

Nazio Batuen Garapen Programak (UNDP) argitaratu du 2014ko Giza garapenari buruzko txostena, eta Arrasaten egin dute joandako astean txostenaren euskarazko laburpenaren aurkezpena, Unesco Etxearen eskutik, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesean eta Mondragon Unibertsitatearen parte-hartzearekin. 

Txostenak jasotzen du, batetik, Giza Garapenaren Indizea. Lehen begiratu batean, 187 herrialdetako bizilagunen diru-sarrerei eta hezkuntza eta osasun baldintzei buruzko datu berrienekin –arlo horiek hartzen dira kontuan, nagusiki, indizea egiteko– eguneratutako sailkapena aztertuta, ikus daiteke goiko zein beheko bost postuetan, adibidez, orain arteko herrialde berek jarraitzen dutela, goian Norvegia buru –Frantzia 20.a da eta Espainia 27.a– eta Sierra Leona, Txad, Afrika Erdiko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Niger azken postuetan –azken hamazortzi postuetan Afrikako herrialdeak daude–.

Indizeaz gain, baina, giza garapenarekin lotutako hausnarketak jasotzen ditu txostenak. UNDPeko arduradunek dioten bezala, aurtengoak lantzen ditu "elkarrekin lotuta" dauden bi kontzeptu, "oso garrantzitsuak biak giza garapenean aurrera egingo dela ziurtatzeko", diotenez. Giza aurrerapenak iraunarazi: kalteberatasunak murriztu eta erresilientzia eraikitzea; txostenaren goiburuak erakusten du zeintzuk diren aipatutako bi kontzeptuak: kalteberatasuna eta erresilientzia. Txostenaren azalean munduko mapa euritik –kalteberatasuna litzatekeena– babesten duen aterki sorta –erresilientzia– irudikatu dute, metafora eginez.

Giza garapenean, aurrera 

Azken 25 urteotako bilakaera aztertuta, Garapen Programako kide Helen Clarkek dio 1990ean giza garapenari buruzko lehenengo txostena egin zutenetik herrialde gehienek "nabarmen" egin dutela aurrera giza garapenean, nahiz eta azkenaldian garapen hori moteldu: "Aurtengo txostenak erakusten digu, oro har, munduko joerak positiboak direla eta aurrerapena etengabea dela. Nolanahi ere, naturak edota gizakiak eragindako hondamendi eta krisien ondorioz, jendea hiltzen ari da, bizibideak galtzen ari dira eta garapena ahultzen ari da". "Ezbehar" horiek saihestezinak ez direla ere badio, baina: "Nahiz eta gizarte guztiek bizi dituzten arriskuak, batzuek beste batzuek baino askoz kalte gutxiago izaten dituzte eta azkarrago etortzen dira bere onera, ezbeharrak gertatzen direnean". Eta zergatiak plazaratuz, txostenak, "lehen aldiz", "giza garapenaren ikuspegitik lantzen ditu kalteberatasuna eta erresilientzia". Azaltzen du "ze faktorek eragiten dituzten giza garapena kaltetu dezaketen arriskuak", eta nola eraiki daitekeen erresilientzia handiagoa, "sortzen ari diren hainbat arriskuri aurre egiteko", babes mekanismo horiek iraunkorrak izan daitezen gainera, etorkizunerako ere baliagarri. 

UNDPko arduradunen arabera, "txostenak pertsonak hartzen ditu ardatz": "Bereziki kontuan hartzen ditu herrialdeen arteko eta haien barruko berdintasun ezak. Alde horretatik, kalteberatasun estrukturalak dituzten giza taldeak identifikatzen ditu": "Generoarekin, etniarekin, indigena izatearekin edota kokapen geografikoarekin lotutakoak", adibidez. Kalteberatasun estrukturalak, besteak beste, gizarte eta lege instituzioek, botere egiturek, tradizioek eta arau sozio-kulturalek eragiten dituztela diote.

Muturreko pobrezian bizi diren pertsonak dira, nola ez, kalteberenetakoak. Txostenean esaten denez, azkenaldian pobreziaren murriztean aurrera egin arren, 2.200 milioi pertsona pobrezian edo pobreziaren mugan bizi dira gaur egun. Pertsona eta talde kalteberenetako askori, gainera, eragozpenak pilatu egin dakizkieke: "Pobrea izateaz gain talde gutxitu batekoa izatea gerta daiteke, edota emakumea izateaz gain gutxitasunen bat izatea". 

Bestalde, txostenak aztertzen du nola aldatzen diren kalteberatasunak bizi-zikloan zehar. Dio haurrek –asko direlako pobreak–, nerabeek –lan merkatuan marjinatuak izateko arriskua dutelako– eta adinekoek –%80k ez du pentsiorik– dutela, oro har, kalteberen izateko arrisku gehien; arrisku desberdinak izaten direla, esan bezala, eta, beraz, erantzunek ere "talde bakoitzera bideratuta" egon behar dutela. 

Gatazkak eta segurtasun eza dira giza garapenean eragin negatiboak dituzten beste bi faktore. Munduko biztanleriaren bostena, gutxi gorabehera, gatazkan dauden herrialdeetan bizi da; milioika dira, adibidez, euren bizilekua utzi behar izaten dutenak.

Gomendioak 

Txostenak zenbait gomendio ematen ditu, "munduan kalteberatasunak murrizteko eta etorkizuneko ezbeharretarako erresilientzia handitzeko". Zehazki, "beharrezkotzat" jotzen ditu honako hauek: "Oinarrizko gizarte zerbitzuak unibertsalak izatea [diskriminazio positiboa aplikatuz, ahulenen mesedetan], bereziki osasuna eta hezkuntza; gizarte babesa handitzea, barnean hartuta langabezia asegurua eta pentsioak; eta enplegu betea lortzeko konpromisoa hartzea, onartuz enpleguaren balioa sortzen dituen diru-sarrerez harago doala nabarmen [enplegu tasa handiak, zerga gehiago jasotzea dakar, eta horrek gizarte zerbitzuak unibertsalak izatea errazago bihurtzea]". Premisa hauek betetzeko inbertsioak behar izan arren, onurak handiagoak direla dio txostenak.

Horrez gain, dio oso garrantzitsua dela "instituzio arduratsu eta justuak eta gizarte kohesio indartsua izatea", komunitateetan erresilientzia eraikitzeko eta gatazka aukerak murrizteko. Txostenak adierazten duenez, berezko kalteberatasunak murrizteko oso politika eraginkorrak ezarrita ere, krisiak gertatuko dira gero ere, "ondorio suntsitzaileak" izan ditzaketenak, gainera; horregatik dio "behar-beharrezkoa" dela "hondamendietarako prestatuta egoteko" eta haiek gertatu ondoren "onera itzultzeko" gaitasunak eraikitzea.

Horrez gain, txostenak azaltzen du beharrezkoa dela "konpromiso globalak hartzea eta nazioarteko gobernantza hobetzea", kontuan hartuta "ekintza kolektiboen bidez" egin behar zaiela aurre "herrialdeen arteko mugak gainditzen dituzten arriskuei". 

Gomendio horiek "garrantzitsuak" direla berretsi eta, gainera, gomendioak egiteko "garai ona" dela dio Garapen Programako kide Helen Clarkek: "Izan ere, Nazio Batuen Erakundeko estatu kideak 2015aren ondorengo garapen agenda adosteko negoziazioak amaitzen eta garapen iraunkorrerako zenbait helburu jartzen ari dira une honetan, eta, beraz, txostenean bildutako eta aztertutako datuak eta txostenaren oinarrian dagoen giza garapenaren ikuspegia oso baliotsuak dira. Pobrezia desagerraraztea, adibidez, agenda berriaren helburu nagusietako bat izango da. Baina, txostenean adierazten den moduan, jendeak berriro ere pobreziara itzultzeko arriskuan jarraitzen badu faktore estrukturalengatik eta desagertzen ez diren kalteberatasunengatik, garapenaren aurrerapenak ezegonkorrak izango dira".

Eta Clarkek gehitzen du UNDPren asmoa lortzeko –"hau da, herrialdeei pobrezia desagerrarazten laguntzea eta, aldi berean, berdintasun ezak eta bazterketa

nabarmen murriztea eta giza garapen iraunkorra sustatzea"–, "oso ongi" ulertu behar direla kalteberatasun eta erresilientzia kontzeptuak: "Kalteberatasunei modu eraginkorrean heltzen ez bazaie eta ez bazaigu pertsona guztioi ematen giza garapenaren aurrerapenen onurak jasotzeko aukera, aurrerapen horiek ez dira inoiz ez bidezkoak ez iraunkorrak izango".

Leire Uriarteren irakurketa 

Mondragon Unibertsitateko irakasle eta Lankiko ekonomia sozial eta solidario alorreko ikertzaile Leire Uriartek –Mundukide fundazioko ordezkari ere bai– bere hausnarketa plazaratu zuen aurkezpenean, UNDPren txostena abiapuntu hartuta. Adierazi zuen muturreko desberdintasun ekonomikoek arriskuan jartzen dituztela "gobernantza demokratikoa, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna". 

Desberdintasunak, bereziki, errenta ertain eta populazio handiko herrialdeetan hazi direla zioen, baina "errenta altuko G-20ko herrialde guztietan –Hego Korean kenduta–" ere handitzen ari dela pobreenen eta aberatsenen arteko aldea: "Eta ekonomia alorreko desberdintasunek beste alorretako desberdintasunak eragin edo elikatzen dituzte, genero desberdintasunak, esaterako. Honek guztiak aukera berdintasunaren oinarrizko printzipioa jartzen du kolokan". 

Aukera berdintasunerako, hezkuntzaren funtzioa nabarmendu zuen Uriartek; baina kontuan izan beharreko ñabardura garrantzitsua ekarri zuen gogora: kalitatezko goi mailako hezkuntzara heldu ahal izatea baldintza sozio-ekonomikoen araberakoa izaten dela sarri.

Uriarteren esanetan ekonomia kapitalistaren logika berraztertu egin behar da, eta ekonomia sozial eta solidarioaren bidera jo, "ekonomia, gizarte zein ingurumen alorretan dauden erronkei aurre egiteko erantzun berritzaileak" ematen dituelako, ekonomian etika txertatzen eta ekonomia gizakiaren eta gizartearen beharretara egokitzen saiatzen delako: "Ekonomia sozial eta solidarioak giza garapenaren oinarrizko elementuekin bat egiten du: ekitatea, iraunkortasuna eta ahalduntze prozesuak".

----------

Desberdintasunak txikitzea, gako

Leire Uriartek hiru datu eman zituen –Oxfam erakundearenak–: "Munduko 85 pertsona aberatsenek munduko biztanleria erdiak –erdi pobreenak– adina diru du; edo, munduko familien % 1 munduko aberastasunaren erdiaren jabe da. Giza Garapen Indize handienetakoa –bosgarrena– duen AEBetako %1 aberatsenak, 2009ko krisiaren ondorengo hazkundearen %95 eskuratu du eta, bien bitartean, AEBtuetako bizilagunen %90, pobreenak, pobreagoak dira. Eta mila milioi dolarretik gora dituzten pertsonen kopuruak gora egin du munduan 2008ko krisitik gaurdaino". Datuok erakusten dituzten desberdintasunak txikitzea gako jo zuten aurkezpenean, giza garapenaren mesedetan, kalteberatasunak gutxitu eta erresilientzia handitzeko.

----------

Nazio Batuen txostena, euskaraz

Edukiaz gain, Arrasaten egindako aurkezpenean nabarmendu gura izan zuten UNDPren txostenaren laburpena euskaraz eskuragarri egote beraren garrantzia. Hori dela-eta egin dute, hain justu, euskarazko laburpenaren aurkezpen publikoa, aurreneko aldiz. Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zuzenean hartu du parte ekimenean, eta Patxi Baztarrika sailburuordea bera izan zen Garaiako aurkezpenean.

"Txosten garrantzitsua da gaur hemen aurkezten dena. Nazio batuek giza garapenari dagokionez argitara ematen duten erreferentziazko dokumentu nagusia da", zioen Baztarrikak, eta dokumentua euskaraz ere izatea "euskarari balio praktiko eta funtzionala ematen dion urratsa" dela gaineratu zuen. Eta baieztapen hori indartzeko datu gisa esan zuen, munduan dauden 7.000 hizkuntzetatik seitan argitaratzen dela txosten osoa, eta "beste zazpi-zortzi hizkuntzatan" txostenaren laburpena: "Guztira ez dira hogei hizkuntza baino gehiago, 7.000 horietatik;  bat, euskara".

Eta bigarren gogoeta bat ere egin zuen Baztarrikak. Zioen hizkuntza eta kultura aniztasuna ere giza garapen iraunkorraren osagai egin behar liratekeela. Nazio Batuak garapen iraunkorraren kontzeptua erabiltzen 80ko hamarkadan hasi zirela ekarri zuen gogora; hasierako definizioa, batez ere, ingurumenaren zaintzari loturik zegoela, eta urte gutxira erantsi ziotela garapenaren giza dimentsioa, "garapena lotuz osasunari, hezkuntzari, bizialdi esperantzari eta hainbat faktore soziali ere", giza garapen kontzeptua sortuz. Hizkuntza eta kultura aniztasuna aintzat har daitezen aldarrikatzeko argudio gisa esan zuen horiek sustatzea gizartearen kohesioa sendotzeko faktore eragingarria dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak