Firefox-ek 10. urteurrena ospatu du bi bertsio berezi eskuragarri jarriz

Pribatutasuna ikur bihurtu duen nabigatzaileak asmo berriak iragarri ditu: Forget nabigazio modalitatea eta pribatutasunean sakontzeko lankidetza-proiektu bat. Eguneraketa, eskuragarri dago jada.

Internet garaikidearen  nabigatzaileen artean zaharrenetakoa da Firefox, Mozilla Fundazioarena. 2004ko azaroan abiatu zuten lehen aldiz eta alternatiba libreen artean, popularrena bilakatu zen berehala. Gaur egungo nabigatzaileen moldagarritasuna eta gehigarriak eransteko aukera, hein handi baten, bere garaian Firefoxek ekarritako berrikuntzei zor zaie. Horri eutsi guran, nabigatzailearen bi bertsio berezi jarri dituzte eskura, urteurrenaren ospakizun bezala.


Pribatutasunaren ardura

Joan den astelehenean pribatutasunari lotutako berrikuntzak zekartzan bertsioa kaleratu zuen Firefox-ek. Hala, erabiltzaileen datuak ez gordetzeko kontu berezia duen DuckDuckGo bilatzailea gehitu du bilaketa aukeretara. Forget delako nabigazio aukera berria ere badakar urteurreneko bertsioak. Modalitate horretan  nabigatzaileak duela gutxiko historia ezabatzen du, automatikoki, erabiltzaileak ezartzen duen denbora tartean.
Pribatutasunarekin lotuta, Polaris ekimenean lanean dihardutela ere iragarri dute Mozillatik. Tor proiektuarekin bat egin eta erabiltzailearentzako pribatutasun tresnen garapenean bete-betean sartu da Firefox. Independentzia eta pribatutasunaren errespetua ikur egin ditu joaniko hamar urteetan Firefoxek eta, ematen du, aurrerantzean ere etorkizuneko lan ildo nagusia horixe izango dela.
Garatzaileentzako bertsio berria da bestea: Firefox Developer Edition. Tresna eta aukera bereziekin dator bigarren hori eta aukera ematen du profil berezituen bidez bertsio arruntarekin eta bereziarekin, aldi berean, lan egiteko. Egitasmoekin bat egin eta nabigatzailea ezagutzera emateko atxikipen kanpaina ere abiatu dute, deskarga webgunetik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.