Laster arte, Jul

Iker Barandiaran eta Jagoba Domingo 2014ko aza. 17a, 11:17

RIP zuzenean, 80ko hamarkadan.

Jul Bolinagak agertoki gainean zegoela joan zen herenegun, The Potes taldearekin RIPen Condenado kantuaren azken akordeekin batera. Bizitza honek garraztasuna du marka, eta hori, besteak beste, ondo dakite 80ko hamarkada bizi izan dutenek; bizi ala hil, muturrean daudela biak.

Gitarra jotzeko era berezia zuen Julek, atzamar potoloa lagun, riff indartsu eta biribilak utzi ditu historiarako RIPekin lehenengo eta hainbat proiekturekin ostean. Belaunaldi baten erreferente izan da, eta hala izaten jarraituko du.

Disko eta erdi kaleratu bazuten ere, RIP taldearen izena zizelkatuta dago Euskal Herriko eta Espainiako musikazale askoren artean; eta oraindik ere berrargitaratu egiten dira laukote arrasatearraren lanak: No te muevas eta Zona Especial Norte. 90eko hamarkada gorabeheratsuaren ondoren, RIPeko partaideek beste proiektu batzuei heldu zieten: Jul eta Txerra anaiek Los Pitxones taldeari.
Gerora, Etsaiakeko Iñigito, Des-Kontroleko Magu eta beste batzuekin Txapelpunken sorreran aritu zen, punka publiko gehiagotara zabaltzen.

zkenaldian baina, banjoa izan du bidelagun eta The Potesen jotzeaz gain, besteak beste, Jim Tnt & the Gipsy Voodoo Rednecks proiektuan ibili zen eta Screamers and Sinners taldearekin kantu bat grabatu zuen. Banjoa zuzenean jotzeko aitzakiarekin Salarekin batera Dat tabernan estreinatu zen banjo-jotzaile bezala Jul, eta gau hori izan zen The Potes taldearen jaiotzarako lehenengo hazia.
Hortik aurrera hainbat zuzeneko eman dituzte Euskal Herrian; baita kanpoan ere, hain maitea zuen Asturiasen adibidez. Musikari bezala miretsia eta pertsona bezala maitatua, hutsune handia utzi du Julek.

 


Erreportaje berezia gaurko Asteleheneko Goiena Paperean

Julen Bolinagaren ibilbide esanguratsuaren eta bizitzaren kontakizun gertukoa egin dute Iker Barandiaran eta Jagoba Domingo kazetariek; bi belaunalditako musikazale eta lagunak, gertutik ezagutu zuten biek ere Jul. Erreportajean jasotako Fermin Muguruzaren, Vulpes taldeko Loles Vazquezen, Hertzainakeko Josu Zabalaren ala, besteak beste, Gose taldeko Iñaki Bengoaren gorespen eta dolu berbak, froga dira musikariak utzitako hutsunearena.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak