1.Ez dira nolanahikoak musika jarri diezun azken pelikulak!
Bereziak izan dira. Lasa eta Zabala, besteak beste, garai hartan Baionan bizi nintzelako eta, gertakariak gertutik bizi izan nituelako. Loreak, bestalde, oso estetika partikularra duenez, lengoaia musikal propioa bilatu behar niolako.
2. Zer egiten duzu lehenengo soinu banda bat konposatzeko?
Prozesu luze samarra da. Zuzendariak zer gura duen jakin behar da konposatzen hasi aurretik. Gero, aurre muntaia batekin hasten naiz lanean. Zinemarako konposatzea nahiko gauza intuitiboa da.
3. Pelikula baten onena musika dela esatean, pelikula txarra da?
Ez da horrenbesterako; ikusleak musikarekiko duen sentsibilitatearen araberakoa ere bada. Garrantzitsuena da musika diskurtso narratiboaren parte izatea.
4. Zein zuzendarirekin konpondu zara ondoen?
Hainbat daude. Baina unearen araberakoa ere bada. Gertatu zait, baita ere, zuzendari batekin pelikula batekin oso ondo eroatea eta hurrengoan ez; eta alderantziz.
5. Finlandiako pelikulei ere jarri diezu musika.
Rax Rinnekangas zuzendariarekin dira denak. El sol de membrillo-n egindako lanagatik ezagutu ninduen, deitu egin zidan, eta ordutik ia urtero egin dugu lan batera. Askatasun handia ematen dit.
6. Komedia gutxitan entzun zaitugu.
Daniel Sanchez-Arevaloren Azuloscurocasinegro-k eta Gordos-ek komedia ukitu bat dute, baina bai, gutxi egin ditut. Film baten funtzionatuz gero, antzekoetarako deitzen dute. Baina ni prest nago.
7. Musikan zure jarduna ez da mugatzen soinu bandetara, ezta?
Zineman, norbaitentzat lan eginda, ez dago %100eko askatasunik. Gustatzen zait kontzertuetarako musika eta musika garaikidea egitea; libreago sentitzen naiz.
8. Zergatik ez zaizkizu gustatzen zuzeneko emanaldiak?
Lagunekin-eta jotzea bai, baina niri estudioko lana, grabatzea, gustatzen zait asko. Biran irtetea, furgonetan ibiltzea... Ez zait gustatzen. Ez naiz lasai sentitzen jendaurrean jotzen; lotsatia naiz oso.
9. Zergatik utzi zenituen Medikuntza ikasketak musikagatik?
Lehen ikasturtean azken azterketan huts egin eta uda lagun musikariekin pasa ostean, gurasoen atsekaberako, Paueko unibertsitatean hasi nintzen musikan. Mediku ona izango nintzateke; diote, gainera, musika arimarendako botika dela.
10. Frantzian jaiotakoa, ia 30 urte daroazu Donostian.
Oso goiz hasi nintzen hemengo abeslariekin jotzen, eta, azkenean, geratzea erabaki nuen. Hasiera gogorra izan zen, ez nituen eta euskara eta gaztelera hitz egiten.
----------
Makila magikoa baneuka: "Politikan garbiketa handia egingo nuke; ustelkerian-eta maila ikaragarrira heldu gara eta herritarrek ez dute merezi"