Kopururik handiena kalkulatzeko, sare sozialeko erabiltzaileak bakarrik ez, logeatu barik irakurtzen dutenak eta bestelako webguneetako txertaketen bidez ere irakurtzen duten erabiltzaile kopurua hartu dute kontuan, izan ere, hedabide askotan jasotzen dira zuzenean Twitterren esandakoak. Dick Costolo zuzendari nagusiak emandako datuak dira eta audientziarekin batera, konpainiak egiten duen diruaren berri ere eman du Costolok. Hala, aurtengo hirugarren hiruhilekoan galerak izan dituzte, 175 milioi dolar uztaila eta iraila bitartean baina zehaztu gura izan dute iaz baino %115 salmenta handiagoak izan dituzte eta iragarri dute laster irabazi epean sartuko direla. Twitterren irabazien %88 zuzenean publizitatetik sartzen da eta gainontzeko %12a jasotzen dituzten datuen salmenta ala lizentziarengatik eskuratzen dute. Guztira, urtean 1.200 milioi dolarreko negozioa egiten du Twitterrek eta azken hilabeteetan sarrerek oso gora egin dute.
Datuen gerra
Datuen norgehiagoka erabatekoan dira Twitter eta Facebook. Biek gura dituzte euren buruak aurkeztu iragarleentzako ahalik eta erakargarrien, baina benetako inpaktua adierazteko metrika adosturik ez dago eta sare sozial bakoitzak bere onurarako publizitate datuak erakusteko metrika propioak garatu dituzte. Kopuruak kopuru, inpaktu objektiboa oraindik neurtzeko dago.