"Ingurumena eta ikastetxea zaintzeko eta hobetzeko eskola komunitate osoak egindako ahaleginaren fruitua da ziurtagiri hau", diote Ipintzako ordezkariek. Aitorpen garrantzitsua den arren, Institutuak bide beretik jarraitzeko asmoa dauka.
Komunitatearen konpromisoa
Institutuan 2005ean ekin zioten Eskola Agenda 21 proiektuari. Ordutik hona, ingurumenarekin zerikusia duten gaiak jorratu dituzte. Horrez gain, baliabide-kudeaketa hobetzeko jarduerak garatu eta ingurumenarekiko konpromisoa bultzatu dute ikastetxe zein herri mailan.
Ziurtagiriak norabide onetik doazela erakusten duen arren, Ipintzan ez dute ahaztu ingurumen heziketa "eguneroko erronka" dela. Horregatik, eskola komunitatea osatzen duten guztiek tinko jardungo dutela ziurtatu dute, "ahuleziak gainditu eta hartutako konpromisoa sendotzeko".