1. Saio berrian, formatua guztiz aldatu duzu. Nola daroazu?
Oso ondo; harro nago emaitzaz. Erregistro berri bat lantzen nabil, aurkezlearena, eta gidoiarekin lan egiten dudan lehen aldia da. Ikasten nabil, eta oso pozik nago.
2. Erraza da halako saio baterako euskal familiak aurkitzea?
Orain arte ez, reality aldeak atzera botatzen zituen-eta. Baina emititzen hastean, esperientzia berri eta dibertigarria dela ikusi dute, eta askoz eskari gehiago ditugu.
3. Saioan, famatuek oso behatzaileak izan behar dute. Halakoa zara zu?
Bai, nire lanerako garrantzitsua da; baina saioan, ez da nahikoa. Nik neuk, grabazioan aurrera egin arte, ez dut gidoia osorik irakurtzen, eta ez dakit nor den iruzurtia. Gertu ibiltzen naiz, baina ez dut beti asmatzen.
4. Faltan igartzen duzu 21 días?
Faltan igarri ez; konbentzituta utzi nuen, lau urtean oso lan exigentea izan zen-eta. Badut gogoa gogor lan egin eta erreportajeak egiteko, baina ez 21 días-en bezalako prozesu pertsonal gogorrekin.
5. Zein 21 egun izan ziren luzeenak? Eta zeintzuk gozagarrienak?
Lehen saioa, zabortegian, oso gogorra izan zen; baita edaten, lo egin gabe edo kartzelan emandakoak ere. Surfa egiten ederki pasatu nuen, eta, esperientziagatik, menonitekin emandakoekin geratzen naiz.
6. Ikus-entzunezko munduan lehen urratsak Asia eta Ozeania aldean egin zenituen. Hori pagotxa!
Dokumentalgile gazteendako Discovery Channelen lehiaketa baten Europatik ni aukeratu; eta sei aste eman nituen Filipinetan: astero herrialde ezberdin baten egiten genituen minidokumentalak. Esperientzia itzela izan zen eta neure buruagan konfiantza eman zidan.
7. Imajinatzen zure burua informatiboetako erredakzioan?
Bai, uste dut oraindik ere kazetaritzaz asko dudala ikasteko. Praktikak erredakzio baten egin nituen, eta asko gustatu zitzaidan giroa, albistea unean bizitzea, azkartasuna; 21 días-en kontrakoa da hori.
8. 21 egun baino gehiago dira ama zarela. Nolakoa ari da izaten?
Gogorrena hasiera izan zen, orain oso ondo daroat. Etapa lasaiago baten nago; Olivia handitzean itzuliko naiz lanera dedikazio handiagoarekin. Pribilegiatua naiz.
9. Familia izateak zein kazetari mugatzen du gehien, gizona ala emakumea?
Saio batzuetarako, emakumea; baina uste dut amatasuna eta kazetaritza konbina daitezkeela. Akats bat da muga bezala ikustea amatasuna: pertsona moduan aberasten zaitu, eta, horrek, lanean lagundu.
10. Lanak eta amatasunak uzten dizute denborarik surfa egiteko?
Ez lehen beste, baina bai. Eguneko kargendako ihesbidea da niretzat.
----------
Makila magikoa baneuka: "Munduko emakumeen egoera aldatuko nuke; berehala aldatuko litzateke umeen egoera, baita gizonena ere".