Ze helbururekin sortu zen Gaztenpresa fundazioa?
Hasierako helburua gazteendako lanpostuak sortzea izan zen. Baina, gaur egun, egoera aldatu egin da. Hasieran Gaztenpresak gazteek enpresak sortzea zuen helburu; orain, enpresa gazteak laguntzea, sortzeko eta garatzeko.
Lehen bederatzi hilabeteetan 330 enpresa jarri dira martxan. Nolako balorazioa egiten duzue?
Iaz baino mikroenpresa gehiago sortzen lagundu dugu aurten. Aldaketa honen atzean Laboral Kutxak egin duen esfortzua dago, eta baita baliabide gehiago izan ditugula ere. Besteak beste, finantza erreminta berriak jarri ditugu martxan Europako Fondoen laguntzaz, eta gure bulegoetan, eta baita Lanbideko bulegoetan ere, bezeroei informazio gehiago eman diegu programa honi buruz.
Krisiaren eraginez, ekintzaile gehiago daudela esango zenuke?
Ez dut hori hain argi ikusten. Gaztenpresan bi ekintzaile mota daudela esan dezakegu: batzuei aukerakoak deitzen diegu, eta besteak beharrean daudenak dira. Aukerakoak, noski, momentu zailetan gutxiago izaten dira. Gainera, azkeneko ikerketen arabera, ekintzailetzarako beste leku batzuetan baino grina edo gogo gutxiago dago Gipuzkoan momentu hauetan. Beharrean dauden ekintzaileek sortutako enpresa kopurua handiagoa da; hala ere, horrek ez du esan nahi errazagoa denik ekimen berriak merkaturatzea. Iaz, esaterako, jaso genuen 4 eskaeratatik, bakarra jarri zen martxan. Beste hirurek ez zuten prozesu guztia bukatu, batez ere bideragarritasun faltagatik.
Gaztenpresak nola laguntzen die ekintzaile horiei?
Gaztenpresarena 5 pausuko prozesua da: lehenengo ideia landu behar da, benetako negozio-aukera dela ziurtatzeko; bigarren pausua negozio-plana egitea da, bideragarritasun plana barne; ondoren finantzazioa, aholkularitza, diru laguntzak eta finantzazio kondizio onenak lortzen laguntzen diegu; gero, enpresa berria sortzeko egin behar diren tramiteak egiten ditugu; eta, azkenik, finkapena. Lehenengo bi urteetan jarraipena egiten dugu, ekintzailea formatuz, eta aholkularitza eskainiz.
Ekintzaile horiek, gainera, lanpostuak ere sortzen dituzte.
Hasiera, batez beste, 1,8 lanpostu. Aurten, 330 mikroenpresa horietan 580 lanpostu sortu ditugu.
Mentoreen figura sortu duzue. Zer dira mentoreak eta nolako harremana dute ekintzaileekin?
Mentoreak eskarmentu handiko pertsonak dira, eta ekintzaileen problemen aurrean gauza izan behar dira beste ikuspuntu bat emateko, modu horretan arazoak ekintzaileak berak gainditu ditzan.
Zuengana jotzen duten ze portzentajek egiten du aurrera enpresarekin?
Aipatu dugun bezala, %75a bidean gelditzen da, aldiz, %25ak lortzen du martxan jartzea mikroenpresa berria. Datu hau positibotzat jotzen dugu, izan ere, ekintzaileentzat ikasbidea eta eskarmentua suposatzen du. Ideia guztiak ez dira bideragarriak eta horretan Gaztenpresak laguntzen die, porrotak eta frustrazioak saihesten, besteak beste. Horregatik, Gaztenpresaren bitartez sortzen diren enpresen bizi iraupena altua da.
Zeintzuk dira zuen erronkak aurrera begira?
Erronka kuantitatiboa dugu: gazteen iniziatibaz enpresa berriak sortzen jarraitu nahi dugu. Bestalde, mikroenpresa berrien sarea sortu nahi dugu.