Candyko arduradunak "gezurretan" ibili direla salatu dute langileek

Ubane Madera 2014ko aza. 7a, 14:24
Candyko langileak Bergarako San Martin Plazan protestan.

Haserre. Amorratuta. Eta traizionatuta. Horrelaxe sentitzen dira Candyko langileak Bergarako planta itxiko dela jakin eta ondorengo egunetan. Goizean bertan Eusko Legebiltzarrean plazaratu dituzte euren haserrea eta aldarrikapenak. Domekan, berriz, Behobia-Donostia lasterketara eramango dituzte.

"Bost urte EREn ibili gara. Beti esan izan digute EREn egon bitartean hobera egingo duela egoerak. Eta hori sinistu egin dugu. Baina azken urte honetan gezurretan ibili dira. Batzuk zerbait susmatzen hasi ziren. Ze, urte normaletan ibili izan gara bi astean lanean eta beste bi astean EREan. Eta aurten, berriz, jarraian egin dugu lan. Eta orain konturatu gara euren helburua hori zela, makinak egin eta gero itxi. Eta orain gu, ba gure adinarekin ja etxean geratu beharko gara", dio etsipenez Mertxe Arrietak, 40 urte pasa Candyn lanean ibili denak.

Egun batetik bestera etxean

"Fagorrena ere esan ziguten, hark utzitakoa guk hartzeko aukera zegoela… eta beti daukazu esperantza. Baina ez genuke sekula pentsatuko horrela bukatuko genukeenik. Egun batetik bestera etxera, bizitza osoa bertan lanean ibili ostean. Gu etxean geratuko gara, ze erretiroa bertan dugu. Baina gazteak…", gehitu du Mari Karmen Ibargurenek, hark ere 40 urte pasa bertan egindakoak.

Gazteak okerrago

Gazte horietako bat da Jon Gaztelu, 33 urteko bergararra. 15 urte eman ditu Candyn. Hark ere salatu du Candyko ordezkarien jarrera: "Adarra jo digute. Azken egunera arte gezurrak esaten ibili dira. Ze guk beti izan dugu esperantza. Baina, Txinaren kontuarekin batez ere, azken urtera arte jo digute adarra. Hasieran esan ziguten Asiarako zela bakarrik, gero gutxi batzuk egingo zituztela… eta begira. Ni gaztea naiz, eta egingo dut zerbait. Beste lankide batzuen egoerak kezkatzen nau gehiago. Kargak dituzte…"
Etorkizuna beltz ikusten duten horietako bat da, hain justu, Xabi Lopez, 43 urteko bergararra, Candyn 16 urte egindakoa. "Inpotentzia" handia sentitzen duela aitortu du. Eta geroa beltz ikusten duela, "egoerarengatik eta nire adinarengatik".   

Baldintzekin kezkatuta

"Amorratuta gaude. Haserre. Oraindik ez dugu sinesten lanera joan behar ez dugunik. Horrenbeste urteren ostean horrela bukatzea… Italiarrak etorri zirenetik esplotatu egin gaituzte. Urte mordoan soldatak izoztuta.… 1992tik hona geroago eta okerrago ibili gara. Eta orain erretiratu egin beharko gara, baina ez dakizkigu baldintzak zeintzuk izango diren. Badiote negoziatzeko gertu daudela, baina era berean, abokatu oso onekin etorri dira, eta horrek susmo txarra eragiten digu", laburbildu dute Mari Karmen Barrenetxeak eta Maria Jesus Mendibilek langileen kezkak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak