Gizarte politikak nabarmentzen dituen aurrekontua proposatu du Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian

Eneko Azkarate 2014ko aza. 6a, 10:57

Gipuzkoako "herritarren beharrei egokitutako aurrekontu eraginkorra" aurkeztu du Foru Aldundiak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak aurkeztu duen aurrekontuaren ia erdia (%48) gizarte politiketara bideratuko da 2015ean. Bestetik, Foru Aldundiak aurrekontu proiektuaren bidez, "ingurune emankorra sortu eta gipuzkoarren bizi kalitatea" hobetu nahi du. Aurrekontu proposamen osoa 4.373,86 milioi eurokoa da, baina Diputazioak kudeaketarako 705 milioi euro izango ditu. Batzar Nagusien onespena beharko du aurrekontuak. 

Horrez gain, zenbait inbertsio aurreikusi ditu, bere eskumenei lotuta, lurraldearen ekonomian "eragin positiboa" izango dutelakoan. Kudeaketako aurrekontu arrunta %5,08 handiagoa izango da.

Aurrekontua aurrera ateratzeko, halere, orain, Batzar Nagusietan ordezkatuta dagoen oposizioko beste indar politikoren batekin, gutxienez, negoziatu beharko du Bilduk, ez daukalako gehiengoa Batzar Nagusietan. Aralarrena bai, baina EAJ edo PSE-EEren babesa izan du aurreko urteetan. Negoziazio prozesua irekitzen da, hortaz, abendu inguruan, behin betiko, 2015ko foru aurrekontua onar dezaten Batzar Nagusiek.

"Gipuzkoarren beharretara"

"Aurrekontu hauek lantzerakoan helburu garbi bat izan du foru gobernu honek: Gipuzkoaren eta bertako herritarren beharrei erantzuteko legealdiko aurrekonturik eraginkorrenak izan daitezela. Hori izan da gobernu honen konpromisoa", adierazi du Martin Garitano diputatu nagusiak 2015eko aurrekontu proiektuaren aurkezpenean.

4.000 milioi eurotik gora

Bilduk proposatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu osoa 4.373,86 milioi eurokoa da. 2014an baino %4,85 handiagoa. Udalak Finantzatzeko Foru Funtsera bideratutako kopurua %3,58 haziko da. Aldundiak berak kudeatuko duen aurrekontu propioa 779,806 milioi eurokoa izango da (2,79% handiagoa). Hortik, 74,5 milioi bideratuko ditu finantza kargara (12,3 milioi interesetara eta 62,18 milioi amortizazioetara). Hortaz, kudeaketako aurrekontu arrunta 705,3 milioi eurokoa izango da (%5,08 handiagoa).

"Bizi kalitatea hobetzeko" inbertsioak

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontu proiektuaren bidez "ingurune emankorra sortu eta gipuzkoarren bizi kalitatea hobetu" nahi du. Horretarako, honako inbertsio hauek aurreikusi ditu, bere eskumenei lotuta, "lurraldearen ekonomian eragin positiboa" izango dutelakoan:

  • Errepideak artatzea: 41,66 M€
  • Errepideen eraikuntza eta hobekuntza: 24,57 M€
  • Garraioaren antolaketa eta sustapena: 36,21 M€
  • Suaren aurkako babesa eta sorospena: 18,31 M€
  • Lurraldearekiko konpromisoa: 15,00 M€
  • Landa Garapena eta Nekazaritza Egiturak: 12,11 M€
  • Mendiak eta habitaten kudeaketa: 8,53 M€
  • Kirolaren sustapena: 14,22 M€
  • Ingurugiroaren kalitatea: 7,12 M€
  • Pasaialdeako antolaketa eta sustapena: 5,05 M€
  • 2.000 biztanletik beherako herriei laguntza: 1,3 M€

Mugikortasun eta bide azpiegitura

Garraio publikoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren legealdiko azkeneko aurrekontuaren "izarretako bat". Mugikortasun "sostengarria" bultzatu nahi du Diputazioak. 7 milioi euro gehiago bideratuko ditu horretarako. 56 herritan galdetu diete herritarrei ze garraio zerbitzu nahi duten eta hori aintzat hartuta hobetu nahi dute zerbitzua. %36ko inbertsio igoera planteatzen du, horretarako Larraitz Ugarteren departamentuak. Gaur egun Lurraldebusek 15 milioi kilometroko zerbitzua ematen du eta, aurrerantzean, 21 milioikoa izatea proposatzen du.

Bestetik, Zarautzen saihesbidea egingo dute eta Deskargako obrari amaiera emango zaio 2015ean. Hori guztia "bidegorri sarearen eta bizikletaren aldeko konpromisoa berretsiz".

Gizarte politikak

Gizarte politiketarako 10 milioi euro gehiago izango dira aurrekontuan; honenbestez, sailez sail, hazkunde handiena izan duena da. Mendekotasun arina duten 5.700 gipuzkoarrek diru laguntza jasotzeko eskubidea aitortuko zaie Alder Rodriguez diputatuak dioenez. Zerbitzuen sarean 106 plaza berri jarriko dituzte, itxoin zerrenda murrizteko. Azkenik Kabia erakunde autonomoa ere abian jarriko dute 2015ean, Udal egoitzak kudeatzeko.

Ogasuna eta enpresak

Ogasuneko departamenduak, bestalde, %5eko hazkundea izango du, bereziki, "iruzurraren aurkako neurrietan sakontzeko".

Enpresei laguntzeko, bestalde, "berrikuntza teknologikoan eta nazioartekotzean laguntzen segitzea" da Foru Aldundiaren asmoa, Jon Peli Uriguenek dioenez. Era berean,  "lan harreman berriak eta langileen arteko parte jartzea sustatzeko ekimenei bultzada" emango diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak