Debagoieneko EHBildu: "Ustelkeria zuria egiten duten alderdiak boteretik kentzeko ordua da"

Txomin Madina Milikua 2014ko aza. 3a, 20:42

Debagoieneko  EHBilduko bozeramaile taldeko kideek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Arrasaten udal hauteskundeetara begira dituzten asmoei eta ustelkeriaz berba egiteko. Adierazi dute programak eta hautagai zerrendak finkatzeko orduan, herritarrek hitza eta erabakia izango dutela. Gaineratu dute, era berean,  politika gutxi batzuen mesedetan egiten dutenak boteretik kendu behar direla.

Arrasaten egindako agerraldian ibarreko EHBilduko hainbat ordezkarik azaldu dutenez, lehenengo Bildu eta ondoren EHBildu sortu zenetik  ia lau urte pasatu dira, eta pozik daude egindako lanarekin eta lortutako babesarekin. Gaineratu dute herri langileriaren ahotsa eroan dutela instituzioetara: "Kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen; tokiko merkataritza, enpresak eta produktuak bultzatzen; euskarari eta euskal kulturari babesa emate; aberastasunak banatzeko neurriak hartzen; babesgabeak babesten... ari gara".

Oraindik ere nahikoa ez dela gaineratu dute, euren esanetan euskal herritar guztiek bizitza duina izan eta euskal estatua sortzeko jaio zirelako, eta oraindik ere urruti daudela uste dutelako. Horregatik, pausu berri bat emango dutela iragarri dute: "EHBilduren leiho eta ate guztiak irekiko dizkiegu herritarrei, Debagoienean herriz herri, instituzioetatik harantzago, EHBildu antolatzen ari gara. EHBildu zabala, irekia, parte-hartzailea, anitza eta indartsua antolatzen ari gara".

Programak eta hautagaiak, otsailerako

Hala, hori lortzeko Debagoeineko herrietan lehen  pausuak eman dituztela eta kolore ezberdinetako jende ugari gerturatu zaiela esan arren, askoz gehiago nahi dituztela gaineratu dute. Foru eta udal hauteskundeen gertutasunagatik ikasturte hau berezia dela diote EHBildutik, eta herrietako taldeen egiteko nagusia zita hori ondo prestatzea izango dela gaineratu. Aurreratu dute herritarrek hitza eta erabakia izango dutela alkategai eta zerrenda erakargarri eta eraginkorrak aukeratzeko, eta hurrengo lau urtetan herriz herri egingo dutena herritarrekin batera erabakiko dutela.

Debagoieneko herritar guztiei programa egiteko lan taldeetan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.  Horretarako, herrietan batzar irekiak egiteaz gain, postontzi eta eta internet bidezko inkestak ere egingo dituztela esan dute. Euren hitzetan, EHBildu herritarren ahotsa izango da udaletan, eta herritarrek egiten duten programa praktikara eroateko konpromisoa hartu dute.

Epeei dagokienez, aipatu dute programak otsaila ingururako finkatuta izatea espero dutela, eta asmoa dela ordurako hautagaiak ere aurkeztuta egotea. Dena den, gaineratu dute prozesuari eman gura diotela garrantzia.

Ustelkeriaz

Ustelkeriaren inguruan ere egin dute berba EHBilduko ordezkariek. Azaldu dute alderdi politiko batzuk goitik behera ustelduta daudela, eta Espainiako alderdi nagusietako arduradunek eskuak zikin dituztela. Espainiako "kasta" botatzea aldarrikatzen dutenekin ados egon eta onena opa dieten arren, pausu bat harago doazela gaineratu dute:"Gu bagoaz herri berri bat eraikitzera, estatu berri bat eraikitzera, kastarik gabeko estatua".

"Euskal Herri berri horretan ez dugu nahi ustelkeria beltzik ez zuririk. Ustelkeria zuria da politika gutxi batzuen mesedetan erabiltzea. Badira alderdi politiko batzuk, txapela eta gorbatarekin, banketxe, multinazional eta eraikuntza enpresen alde egiten dutenak. Ordua da alderdi horiek boteretik kentzeko", adierazi dute. Esan dute, horretarako, herritarrentzako eta herritarrekin politika ekonomiko eta sozialak egitea planteatzen dutela.

"Azken asteotan ari gara ikusten ustelkeria txuri horrek dakartzan ondorioak: multinazionalen aldeko politikak, Candyko langileak egoera oso txarrean utzi ditu; banketxe handiak pribatizatzearen aldeko politikak, denona zen Kutxabank gutxi batzuen eskuetan jarri; handien aldeko politikak herritar asko etxe eta babes gabe uzten ari da", azaldu dute, eta EHBilduk politika horren kontrako noranzkoan egin nahi duela azpimarratu: "Zerbitzu publikoak eta erakundeak herritarren esku jarri gura ditugu; beharrezkoa eta posible ikusten dugu".

Era berean, gaineratu dute EHBildu osatzen duten alderdietan ez dagoela "sagar ustelik": "Politika egiten dugun herritarrak gara; gure akats eta guzti herriaren alde gure onena jartzen dugu; eta seriotasun, gardentasun eta garbitasunaren berme gara".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak