Orain arteko sistema politikoa kolokan jar dezakete hainbeste ustelkeria kasuk? Edo, behintzat, kolokan jar dezake herritar askok sistema hori, ikusita hainbat politikarik zertarako erabili duten euren posizioa?
Alderdiak saiatuko dira ikusarazten hau koiunturala dela; baina gizartearen zati handi batek estrukturala izatearen zantzuak ikusten dizkio. Hain ustelkeria orokortua, hain mailakatua eta jarraikortasuna duena, horrek erakusten du badela zerbait sisteman funtzionatzen ez duena. Eta zerbaiten funtzionatzen ez duenean normala da nolabaiteko katarsiren bat planteatzea. Alderdi barruetan ere batzuk hasi dira aitortzen zerbait aldatu behar dela. Badaude arrazoiak, bai, parte-hartze politikorako eredua birplanteatzeko; Konstituzioaren arabera alderdiak dira parte-hartze horren ardatz, baina gero alderdiok daude ustelkeriaren oinarrian. Beraz, bai, zalantzan jarri behar da arazoaren sustraian dagoena, sistemaren sustraian dagoena, berrantolatzeko.
Eta bien bitartean, herria, herri xehea, gorriak ikusten: langabezia, etxegabetzeak...
Gertatzen dena perbertsoa da. Bere eginbeharrak zintzo betetzen dituen pertsona ez da saritzen; puntualki bere betebeharrak, ezinbestean, betetzen ez dituena estutu egiten dute bukaerara arte. Eta, aldiz, maltzurkeriaz eta modu estrukturalean gauza publikoaren bidez aberasten denari ia fabore tratua ematen zaio sarri, eta horren adibidea, beste maila batean, bankuen arloan ikusten dugu. Eta hori koktelera leherkor bat da. Hiritarra haserre, nahastuta, harrituta, suminduta dago, eta badugu argentinizazio arriskua, corralito-a ez zen izan bakarrik erabaki politiko txar batzuen batura, baizik eta gizarte baten nekea, erabaki zuena bere eginbeharrak ez betetzea, zergak ez ordaintzea; noski, hori eginez gero gizarteko oreka hautsi egiten dugu, baina. Apokaliptikoa ema dezake, eta gainera Euskadin, oro har, ondo betetzen ditugu gure betebeharrak; baina jendeak bere betebeharrak ez betetzea erabakitzeko aukera ez litzateke gutxietsi behar.
Ustelkeriarik gabe egungo krisi ekonomikoaren tamaina desberdina litzatekeela esatea gehitxo esatea da?
Kuantitatiboki, litekeena da lapurreta edo iruzur hauek ez izatea krisira eraman gaituztenak; baina alderdi kuantitatiboaz gain, hor dago konfiantza krisia. Kudeatzailea ari zaigu gerrikoa estutzen, murrizketak eskatzen, ahalegina eskatzen; baina gero arduradun horiek ari badira zenbait trama babesten, batzuetan konplize izanaz, bere egitura politikoaren onurarako, eta sarri, tamalez, baita pertsonen euren onurarako ere, ematen den irudia da konfiantza galtze erabatekoa. Eta konfiantza da demokraziaren oinarria, eta krisi testuinguru batean are gehiago.
Sistema judiziala hauek denak atzemateko nahikoa berme bada?
Hori horrela ez denaren froga argiena da zapatuko Estatuko Aldizkari Ofizialak zekartzala epailetarako 320 postu berri, ia denak ustelkeria kontuetarako, kontu penaletarako. Orain Gobernuak eman nahi duen irudia da egoera honi aurre egiteko mugitzen aurrenekoa dela. Hori orain publikatzea deigarria da. Bestalde, notizia ona da epaileak lanotan ibiltzea, baina asko dago oraindik aldatzeko. XIX. mendekoa da hemengo Prozedura Kriminalaren legea, eta ez dago eginda oraingoak moduko trama handietarako. Eta, azkenik, ustelkeria beti egon izan da agian; baina agian, ustelkeriaren aurrean gizarteak duen jarrera ere aldatu da, krisiaren ondorioz. Inkesta soziologikoak ikusten badituzu, 2007an ustelkeria hogeigarren postuan zegoen gizartearen arduren artean; baina, noski, gauzak okertu direnean jendearen tolerantzia maila ere, logikoki, txikitu egin da, eta arreta handiagoa jartzen dugu. Deigarria da, ustelkeria arloan irekitzen ari diren espediente handiak salaketa pribatuetatik etorritakoak dira, herritarren salaketetatik. Sistema judiziala eta sistema politikoa ez daude prest, ofizioz, kontrol mekanismoak edukitzeko. Epaileak, epaile apalenak dira lan handia egiten ari direnak, eta ikusiko dugu zenbat denboraz luzatzen den oraindik, ze, adibidez, Gürtelek hainbeste adar ditu, epaileei gain hartu diela.
Zergatik orain, hain tarte txikian, hainbeste ustelkeria kasu agertzea?
Aipatuko nituzke bi arrazoi. Batetik, Europako Batasunean hasi dira informazioa trukatzen, eta horren ondorioz agertu dira hainbat hari mutur. Espediente handietako bitan, adibidez, Europako zuzentarau batek eman du haritik tira egiten hasteko aukera. Beraz, bada autokontrol mekanismo bat aukera ematen duena diru joan-etorriak aztertzeko, eta normalak ez diren gauzak atzemanda, haritik tiraka hasteko aukera eman du horrek. Bigarrena da lehen esandakoa, hiritarrek erantzukizun handiagoa hartzen dutela orain euren gain. Eta badago beste arrazoi bat, ustelkerian dihardutenen lehiakideek, adibidez, faboreen truke dirua ematen duten enpresen lehiakideek, behin baino gehiagotan hartu dutela erabakia hori salatzeko, eta hori, adibidez, gertatu da enpresa eraikitzaileekin, zenbait espedienteren kasuan.
Politikariei buruz ari gara. Baina ze neurritan izan daiteke politikarion jokabidea gizartearen izaeraren ispilu –BEZik ordaindu ez,...–?
Hori entzuten da, baina nik uste etika pribatuak eta etika publikoak hainbat faktoretan bat egin arren, ez direla konparagarriak. Esaten da herri bakoitzak dituela merezi dituen arduradunak. Baina ez nuke esango gure irizpide etiko pribatuak izan daitezkeenik gauza publikoak daramatzatenen etika maila baxuaren justifikazioa.