Zelakoa da Edorta Arana?
Kuriositatea duen tipoa da; asko duena ikusteko, ikasteko eta bizitzeko. Egunerokoan ni moduko jendea bilatzen duena, eta gustura sentitzen da bere lagunekin.
Nolako harremana daukazu sukaldearekin?
Nik ez daukat pazientzia handirik eta ni moduko jendea gutxi sartzen da sukaldean. Hala ere, jatea asko atsegin dut; nire gustuko gauzak jatea gustatzen zait, nik egiten dudana nire modura egiten dut. Oso entsalada-zalea naiz, mota guztietako entsaladak gustuko ditut. Arraina ere asko gustatzen zait; okela, aldiz, gutxi jaten dut. Jana eta jatea mahaian jarrita nagoen jendearekin jarrita egoteko aitzakia da niretako; eurekin egoteko aukera bat da.
Zertara gonbidatuko zenuke zure lagunik onena?
Etxean bertan, entsalada berde bat egingo nuke, barazki batzuk plantxan eta txitxarro bat labean.
Zeinekin konpartituko zeznuke gustura mahaia?
Etxekoekin, egia esan, ez dut inor gehiago behar.
Zergatik irakasle?
Nik Kazetaritza ikasi nuen bere garaian eta kazetari moduan ibili nintzen lanean. Betidanik izan dut jakin-mina eta beti pentsatu izan dut kazetari moduan asko ikasten dela; jende desberdinarekin egiten da harremana eta hori oso aberasgarria da, baina eguneroko kazetari lanean jardutearen dinamikak ez ninduen betetzen. Orduan, unibertsitatera irakasle moduan sartzeko aukera izan nuen, eta, denborarekin, konturatu naiz unibertsitatean egonda mordoa ikasteko modua dagoela; denetik ikasteko sekulako aukera da, benetan, eta bertan jarraitzen dut ikasten.
Zure ogibidearen baitan nor duzu erreferente?
Zientzietako irakasle Jose Ramon Etxebarria beti iruditu zait ikaragarria irakasle moduan. Orain preso dagoen Jesus Mari Zalakain ere, gure fakultateko irakaslea, oso ona da. Izan ere, orokorrean, irakaskuntzan grinaz eta komunikatzeko gogoz bizi den oro dut erreferente.
Irakasle ez bazina...
Irakaskuntzarekin lotuta dagoen beste jardun batean arituko nintzateke. Interpretazioa eta musika, adibidez, asko gustatzen zaizkit; sormenarekin zerikusia duen zerbait.
Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.
Lehenik, denboran ikusteko prismatiko berezi batzuk eskatuko nizkieke; gustatuko litzaidake duela 1.000 urteko mundua ikustea eta gaurtik 100 urtera jendartea eta euskal gizartea nola dagoen jakitea. Bigarrenik, apur bat gaixo dudan lagun bat sendatzea eskatuko nuke. Eta azkenik, ardo on baten inguruan lagunak biltzeko beste aukera bat izatea.
Zer da bizimodu honetan ezinbestekoa zuretako?
Nik uste dut nork bere buruarekin guztiz gustura egon behar duela; duda barik.
Errepikatuko zenukeen zerbait?
Ume garaiko arratsalde aspertu horietan sortzen genituen jolas horiek.
Zerk beldurtzen zaitu?
Etorkizunean etorriko zaizkidan gauzei edo gertaerei, onei zein txarrei, behar bezala aurre egiten ez jakiteak.
Nora egingo zenuke ospa gustura?
Ez dut inoiz desertua ikusi, eta, benetan, gustura joango nintzatekeela; Arabia aldean dauden hareazko desertu horietako batera joatea gustatuko litzaidake.
Unibertsitatetik etxera iritsi eta...
Ez dut ezer berezirik egiten: egunkaria irakurtzen dut edo ordenagailuan ibiltzen naiz.
Zein aholku konpartituko zenuke?
Lo egin.
----------
Aukeran...
Lehen platera: Edozein motatako entsalada bat.
Bigarrena: Plantxan edo labean egindako edozein arrain.
Postrea: Mazedonia.
Edatekoa: Ardoa.