Ibarreko kazetarien harrobia lantzen

Txomin Madina Milikua 2014ko aza. 3a, 10:39

Miren Arregi, ikasle talde bati azalpenak ematen.

Egun batez liburu, boligrafo, erregela, ordenagailu eta gainerako tresnak alde batera utzi, eta elkarrizketatzaile lanetan ibiliko dira laster Debagoieneko hainbat gaztetxo.

Horixe da Goiena telebista prestatzen ari den Galdegazte izeneko saio berriaren abiapuntua: ibarreko 14 eta 18 urte bitarteko ikasleek Euskal Herriko pertsonaia ezagunak elkarriztatzea telebistako platoan.

Goiena, Debagoieneko udalak eta ibarreko ikastetxeak daude ekimen horren atzean, eta grabazioak bi txandatan egingo dira: azaroan bost elkarrizketa grabatuko dituzte eta urtarrilean beste bost. Eta azken emaitza ikusteko, otsailera arte itxaron beharko da, orduan hasiko dira-eta saioak emititzen.

Ikastaroa ikastetxeetan

Hamar ikastetxek egin dute bat ekimenarekin, eta ikastetxe bakoitzetik hiru ikaslek egingo dituzte elkarrizketak. 

Programaren prestaketa lanak, baina, hasita daude dagoeneko. Izan ere, asteotan, kazetari lanetan ibiliko diren ikasleek eta euren ikaskideek Zela gertatu elkarrizketa bat telebistarako? izeneko ikastaro trinkoa jaso dute Goienako kazetari Miren Arregiren eskutik. Galdera egokiak nola egin, elkarrizketa prestatzeko zein urrats jarraitu, kamera aurrean nola  egon... Horien inguruko azalpenak eman dizkie Arregik: "Ilusionatuta ikusi ditut, eta baita elkarrizketak egiteko gogoz ere". 

Ez da gutxiagorako; izan ere, ikasleek eurek proposatuko dituzte elkarrizketatuak, eta, normala den moduan, gogoko dituzten pertsonaia ezagunak aukeratu dituzte. Mikel Gonzalez futbol jolakari arrasatearra; Xabi Solano, Fermin Mugurutza eta Leire Martinez abeslariak; Jon Gonzalez aktorea, Felipe Uriarte mendigoizalea... dira proposamenetako batzuk; oraindik, baina, ikusteko dago saioan egoterik izango duten edo ez. Zenbait kasutan, proposamenak errepikatu egiten dira, eta erabaki egin beharko da nork nor elkarrizketatu. 

Gazteak, gainera, ez dira saiorako propio prestatuko den  platoan bakarrik egongo, Miren Arregi bera izango dute-eta bidelagun: "Nik bakarrik lagundu egingo diet, baina programaren pisua ikasleek eurek eroango dute; eurak izango dira protagonistak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak