'Lou Reed, mila esker': euskal musikarien omenaldi diskoa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko urr. 31a, 13:19

Lou Reed abeslariari Euskal Herritik omenaldia egin gura izan dio Joan Ordorika musika ekoizle oñatiarrak. Oso gaztetatik da Lou Reeden jarraitzaile; ezagutzea ere lortu zuen, baita harekin Beteluko hainbat gatzatu dastatu ere. 

Lagunen artean egina

25 urtetako eskarmentua du musika arloan lanean, eta, horregatik, samur izan zuen norekin grabatu gura zuen jakitea. Lagunengana jo zuen, diskoa lagunekin egindako Lou Reedentzako omenaldi bat izatea gura zuen-eta hasieratik. Argi zuen bakoitzari zein kantu eman behar zion. Guztiek baiezkoa eman zioten eta Ordorikaren aginduetara jarri ziren, hasieratik ulertu zuten harentzako proiektu garrantzitsua zela. Txuma Murugarrenek itzuli ditu hitzak eta abeslariek egin dizkiote azken moldaketak gero.

Musikariak ere aspaldiko lagunak ditu. Reeden taldekoak eta Euskal Herriko beste hainbat musikari ere bai: Tapia eta Leturia, Karlos Arantzegi, Rafa Rueda, Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Iñigo Mugurutza...

Lou Reeden heriotzaren lehenengo urteurrena bete zen egunean, astelehenean, kaleratu zuten Lou Reed, mila esker. CD eta binilo formatuan eskuratzeko aukera dago.


Jonan Ordorika | Musika ekoizlea, proiektuaren bultzatzailea

"Euskararen eta euskal kulturaren zalea zen; beraz, gustuko izango zuen diskoa"

Durangoko Azokan egongo da, baina dagoeneko salgai dago ohiko salmenta tokietan ere. Euskal Herritik eta euskaraz egindako Lou Reedi omenaldi-diskoa Jonan Ordorikaren proiektua da.

Urteurreneko oparia egin zenioten Lou Reedi eta baita zaleoi ere.
Oso gustura nago, ez nekien-eta zer aterako zen, nola bukatuko zen. Buruan neukan Lou bizi zenean ere. Gustatuko zitzaiola uste dut, eta esango nuke Smalltown izango zuela gustukoena. Originaletik aldendu egiten da euskal kutsua hartuaz. Euskararen eta euskal kulturaren aldekoa zen Lou.

Eta Beteluko gatzatua-zalea ere bai, ezta? Diskoko gailleta-n ere keinua egin diozue.
Bai, horixe! Fernando Saunders ezagutu nuen lehenengo eta oso lagun onak gara gaur egun. Kontzertuetara joaten nintzenean gatzatu batzuk eramaten nizkion Saundersi, oso zalea zen-eta. Egun baten, Lou Reedek probatu zituen, eta gogoan dut haren managerrari horrelako batzuk ekartzeko eskatu ziola. Special yogurts deitzen zien hark. Danone batzuk ekarri zizkion eta probatu zituenean ez zitzaizkion gustatu eta Saundersi truke egiten saiatu zen: lau Danone, Beteluko bategatik, baina ez zuen lortu aldatzerik.


Geroago, bisitan izan zenuen Lou Reed ere.    
Bai, Saunders eta bera etxean izan ziren behin, tai txi irakasle eta guzti. Besteak beste, Special yogurts batzuk ere jan zituen orduan. Gustura egon ginen.

Nolakoa zen tratuan?
Izar bat zen eta horrela jokatzen zuen. Fama txarra zuen, besteak beste, kazetariekin-eta borde paperean sartuta egoten zen. Nirekin oso jatorra zen. Inteligentea zen.

Nola joan zen grabazioa?
Ez da ohiko grabazioa izan. Denbora eta toki ezberdinetan grabatuta, nahasketak hemen eta han eginda. Martxoan hasi ginen grabatzen. Fernando Saunders (Lou Reeden baxu-jolea) Euskal herrira biran etorri zela aprobetxatuta. Izan ere, hasiera-hasieratik dago Saunders proiektuan. Harekin eta lagun dudan Paco Locorekin komentatu nuen ezer egin aurretik. Azken hori Gijongoa den baina Andaluzian bizi den musikari eta ekoizlea da.

Zergatik aukeratu zenituen kantu horiek?
Ez dira gehien gustatzen zaizkidanak edo onenak; izan ere, Lou Reeden kantu guztiak dira onak [barrez]. Ez nuen hit-ak aukeratu gura izan. Garai eta estilo askotarikoak dira. Disko bakoitzeko bakarra.

Txuma Murugarreni ez diozu lan makala eman, baina maisuki bete du hitzen zentzua errespetatuz.
Zaila zen nork itzuliko zituen erabakitzea. Ingelesa, euskara eta musika menperatu behar zituen itzultzaileak. Txuma aproposa iruditu zitzaidan, eta halaxe izan da.

Hiru anaia batu zarete proiektuan.
Ruperrek diskoa zabaldu duen kantua abestu du, eta, horrez gainera, eskatu dizkiodan aholkuak ere eman dizkit. Eta azala eta kontrazaleko margoak orain urte batzuk hil zen Jose anaiarenak dira. Margolaria zen eta  diskoetarako azalak ere egiten zituen. Itoiz, Hertzainak eta Ruperren hainbat azal Joserenak dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak