Mikel Olabe: "Erantzukizun garbia dauka korporazioak"

Eneko Azkarate 2014ko urr. 31a, 07:00

Fagor Etxetresnen itxierak sorrarazi dituen kaltetuen bilgune dira Ordaindu eta Eskuratu elkarteak. Azken hori, Edesako langilez osatua. 1.100 lagun daude bi elkarteotan. Ordaindun 700 inguru dira. Ordaindu plataformako bozeramaile Mikel Olabek elkarrizketa honetan dio protesta ekintzekin jarraituko dutela: "dagokiguna lortu arte".

Kaltetuen diotenez, kaltetu guztiei, orotara, Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibak zor dizkie 77 milioi euro. Fagor Etxetresnak itxi eta urtebetera manifestazioa egin zuten zapatuan kaltetu horiek Arrasateko kaleetan. Bestetik, mozioak aurkezten hasi dira Debagoieneko udaletan. Eskoriatzan aho batez onartu da oraingo astean.

Kooperatiba itxi zela urtebete igaro denean, zein da zuen egoera?

Lanean eta protestatzen jarraitzen dugu. Gure egoera ez da aldatu. Erakundeekin harremanetan dihardugu, bitartekaritza eskatzeko, bai kooperatiban eta baita erakunde publikoetan ere. Urkullu lehendakariarekin elkartzeko asmoa daukagu. Hartzekodunen konkurtsoan ere kaltetu moduan presente izan gara. Ez dugu ezer lortu, baina azken alegazioak egiteko gertu gaude. Eta, azkenik, elkarretaratzeak eta manifestazioak egiten gabiltza. Demokraziak uzten dizkigun zirrikitu guztiak erabiliko ditugu; izan ere, gurekin lotsagabekeria handia egin dute. Gurekin gertatu denak ez dauka zerikusirik kooperatibismoarekin eta ezta enpresetan langileen parte-hartzearekin ere. Hortik urrun dago. Tranpa hutsa izan da.

Zergatik tranpa bat?

Kooperatibismoak dauka irudi onegia eta esku luzeegia. Irudi onegia hedabideetan eta politikarien artean. Beste enpresa batzuetan edo harreman arruntetan egin ezin daitezkeenak egiten uzten zaizkie kooperatibei.

Ze eskatzen diezue erakundeei, lehendakariari?

Gure arazoari arreta jartzeko. Sumatzen dugu gurago dutela gure arazoa lehenbailehen ahaztu dadila. Baina guk diogu gai honekin luzerako daukala kooperatibak, eta, gaia zenbat eta gehiago luzatu, arazoa areagotu egingo dela, geldi egoteko asmorik ez daukagulako. Seguru gaude, azkenean, negoziatu eta lortuko ditugula gure helburuak. Lortu arte ez gara geratuko. Konbentzimendu osoz egiten dut berba. Arrazoia daukagu.

Oso konbentzituta diozu.

Jendea haserre dago eta lasaitu beharrean izan gara behin baino gehiagotan. Gainera, oso egoera gogorrak bizi ditu jendeak. Bada Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarik kobratu ezin dezakeena, ustez kapital bat daukalako, nahiz eta, gero, errealitatean, kapitalik kobratu ez. Jende asko dago oso egoera larrian.
Kooperatiban lan bazkideak zarete kooperatibaren jabe eta erantzule. Zeini eskatzen diozue dirua?
Gure kasua bestelakoa da. Ez da burtsan jokatzea bezala. Gure lan jarduna arautzen dute estatutuek, barne araudiak eta kooperatiben legeak. Baina, horretaz gain, guk daukagu enpresarekin sinatutako kontratu bat. Kiebraren aurretik, enpresari eskatu genion dirua itzultzeko. Ez zigun itzuli. Eta hori ez da legezkoa. Iruzurra da. Gure arazoaren gainean ez dago erabakirik inongo batzar orokorretan. Sinatutako kontratu bat ez betetzea, horixe da gure arazoa.

Malagon epailearen erabakia zela hartu duzue?

Ez gaude batere ados epaiarekin. Gertatzen da Mondragon korporazioak abokatu bulego oso indartsua daukala, eta konkurtso legera joan aurretik guztia oso ondo prestatuta zeukan. Epaileak garrantzia eman die lanpostuei eta hori ondo dago, baina, horretaz gain, guk eskatzen genuen gure zorrak lehentasunezko moduan hartzea eta Mondragon korporazioa errudun egitea. Ez dugu ez bata eta ez bestea lortu. Alegazioak egin ditugu eta demanda orokorra egiten gabiltza.

Mondragon korporazioak ez ditu ohar asko atera krisi honen gainean, baina oraingo asteko baten, imajinatzen dut izango dela zapatuko manifestazioagatik, dio Fagorren ekarpenak taldeari eskatzeak ez daukala zentzurik.

Hori ez da horrela. Edozeinek daki Fagor Etxetresnen erabakiak Fagorrek bakarrik ez dituela hartu. Eta erabaki guztiak induzituta hartzen direla. Bestela, zertarako dago korporazioa? Fagor Etxetresnen krisiaren arazo baten aurrean korporazioak erantzukizunik ez badauka, zertarako dago? Lanpostuen arazoei konponbidea aurkitzen zertarako dabil orduan? Erantzukizun garbia dauka, gure ustez. Bestela, kooperatibismoa eta haren balioak jar daitezke zalantzan.

Baina kooperatiba bakoitza burujabe ez da talde barruan?

agor Etxetresnetako lan bazkideok, bereziki, sortu genuen eta finantzatu genuen Laborala. Orain zer gertatzen da?

Laboral Kutxari eskatzen diozue laguntza?
Elkarrekikotasuna eskatzen diogu. Txema Gisasolarekin batzartu ginenean, duela hilabete batzuk, korporazioko buru zela, aitortu zigun arazo bat geneukala eta arazo horri irtenbidea aurkitu behar zitzaiola. Kooperatibismoaren eta korporazioaren izatekoa aldatu egin da urtebetean?

Irtenbide egokia iruditzen zaizu Fagor Etxetresnen ondasunak erosteko aukera CNA taldeari eman izana epaileak?

Ez. Lehenengo kontua: ekonomia sozialeko enpresak onak dira ala ez dira? 60 urtean etxetresnak produzitzen eta kudeatzen ibili gara Arrasaten, euskal kooperatiba mugimenduaren muinean. Eta, orain, etorri da beste enpresa bat, tamainaz, erosi duen enpresaren laurdena dena; bertako zuzendaritzako kideak, teknikariak eta bestelako langileak kontratatu ditu eta beste enpresa bat sortu du. Ulergarria da? Badauka logikarik? Gainera, ez dago argi zer gertatuko den Basauriko edota Bergarako lantokiekin. Eta, une honetan, 1.500 langile daude lanpostu finkorik barik.

Fagor Etxetresnen ondasunen erosketari ez diozue alde onik ikusten? Lanpostuak sortuko ditu.

Bai, hori positiboa da. Baina guretako onena izango litzateke Mondragon korporazioak sortzea beste kooperatiba bat Fagor Etxetresnak zena hartzeko, haren langileekin-eta. Gure ustez, lana banatu egin behar da. Eta, bestetik, aberastasuna ere banatu behar da. Batez ere, ondo doazen edo etekin handiak lortzen dituzten kooperatibek banatu behar dituzte mozkinak; Laboral Kutxak, esaterako.

Oraingo astean mozioak aurkezten zabiltzate herririk herri udaletan.

Eskoriatzan eta Arrasaten sartu ditugu eta asmoa da besteetan ere sartzea.

Alderdi politikoei dagokie zuen eskaerak babestu eta bide ematea?

Uste dut alderdi politikoak daudela herritarrei babesa eskaintzeko eta herritarren arazoei irtenbidea aurkitzen laguntzeko; arazo konkretuei erantzuteko, ez berbetan jarduteko bakarrik. Eta ikusita, esaterako, joan den zapatuan zelako manifestazioa egin zen Arrasaten, uste dugu unea dela neurriak hartzeko eta posizioa hartzeko. Jakina, Eskoriatzako edo Arrasateko udalek ez dute arazoa konponduko, baina neurri zehatzak har ditzatela eskatzen gabiltza.

Azaroan egingo du Mondragon Taldeak kongresua. Ze espero duzue?

Egia esan, une honetan, inork ez daki zer eztabaidatu behar den kongresu horretan. Eta, begira, kooperatiba guztietako ordezkariak egongo dira kongresuan... Hori ez da logikoa. Kongresu aurretik kooperatibetan eztabaidatzea da logikoagoa.

Mondragon Taldeko presidentea ere kongresuan aukeratuko da, seguruen.

Bai, baina, gure ustez, erreferendum bidez lan bazkide guztiek aukeratu beharko lukete. Eta, horretarako, lehenengo, programa aurkeztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak