Luis Javier Telleria: "Gizarteak praktika normalizatu legez ikusten du kalamua erretzea"

Julen Iriondo 2014ko urr. 28a, 12:00
Luis Javier Telleria, Eusko Legebiltzarrean.

Luis Javier Telleria (Antzuola, 1957) izan da jeltzaleen ordezkaria Legebiltzarreko ponentzian. Ehun kalamu klub inguru daude, gaur egun, EAEn.

Ze urrats falta dira kalamu kluben erregularizaziorako?

Aurreko legegintzaldian, Euskadiko kalamu kluben euren ekimenez, ponentzia bat sortu zen Legebiltzarrean. Amaitu zen legegintzaldia eta amaitu zen ponentzia. Baina 2012an berria hasi genuenean lehenengo egin genuena izan zen ponentzia hura berriz sortu eta hari berrekin. Hasi ginen askotariko jende aditua deitzen: fiskalak, epaileak, psikologoak, psikiatrak, abokatuak... Informazioa eman ziguten, eta jasotakoa aztertuta transakzio bat egin genuen, jasotzen zuena alderdi sozialistaren iritzia, EH Bildurena eta gurea, gutxi gorabehera bat gatozenona; transakzio hori aurkeztu genuen, eta duela bi aste, ponentzian, onartu egin zen. Beraz, ponentzia bukatu da, eta baditu bere ondorioak eta gomendioak. Bertan esaten dena da euskal gizartean kalamua normalizatuta dagoela, nolabait. Landaketa gutxi batzuetatik edo jende bat erretzen ikustetik nahikoa gauza normalizatua izatera pasa da. Beraz, iritsi da momentua, eta gainera uste dugu gizarteak barneratuta duela praktika normalizatu bat bezala, tabakoa erretzea edo alkohola edatea bezala, eta iritsi da erregularizatzeko momentua, ze bere egoera alegalak gatazka inportante eta serioak eragiten ditu; adibidez, fiskal batek agintzea landaketa bat suntsitzeko eta hortik bi urtera epaileak erabakitzea espedientea artxibatzea. Hori ari da gertatzen. Eta ulertu dugu normalena dela neurtutako urratsak ematen joatea legeztatzera bidean. Egoki ikusi dugu kalamu kluben azpiegitura aprobetxatzea, zeintzuk diren autokontsumo konpartiturako, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu hurrengo Adikzioen Legean –esan digute abenduan bidaliko digutela ziur aski– sar dezan zati bat, marko juridikoaren arabera Euskadik dituen aukeren neurrian, kalamu klub horiek erregularizatzen hasteko. Lege proiektua bidaliko du Jaurlaritzak Legebiltzarrera, eta han aztertu eta ikusiko dugu zerbait aldatu beharra dagoen, ze legea Legebiltzarrak egiten du. Eta aldi berean eskatzen diogu Espainiako Kongresuari, aukera badu, aztertu dezala berak ere, eta egin dezala aurrera araudia aldatzeko, gaur egun alegala den horren gaineko –ez baita legez kanpokoa justuki, ze autokontsumoa posible da, baina ezkutuan egin behar da; landatzea ez dakigu legezkoa den, zenbat landa daitekeen...– azterketa egin dezan. Baina, aldi berean, inork ez dezan pentsatu porreta batzuk garenik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu egin ditzala kanpainak abisatzeko kalamua erretzea ez dela ona. Gauza bat da eskatzea legezkoa izan dadila, eta beste bat uste izatea bikaina iruditzen zaigula. Baina uste dugu askatasun kontua dela. Herritarrok izan behar dugu askatasuna bertuterako eta biziorako; baina jakin behar da kalamua erretzeak, tabakoa erretzeak edo gin-tonic bat edateak, ziur asko, kalte egiten diola bere osasunari. Beraz, horren berri eman bai, baina horrek ez du esan nahi legez kanpoko izan behar duenik.  

PP ez da zuen iritzikoa...

Hara, izan ere handia da. Droga eta prostituzioa kontuan hartzen dituzte Barne Produktu Gordina kalkulatzeko, baina gero ilegalak dira! Aizu, bai edo ez. Ikaragarria da. Sar dezatela arma trafiko ilegala ere! PPko hauek izuaren menpeko dira. Baina gu ari gara ekartzen hona mundu mailako iritzi aldaketa bat. AEBak izan dira beti munduko drogaren polizia; ba Colorado eta Washington estatuetan bidea ireki diote kalamuari. Aztertu beharreko bideak ireki dira, gauzak aldatzen ari dira, drogarekiko gizartearen ikuspegia aldatu egin da. Eginbeharren eta eskubideen alorraz hitz egiten ari gara. Eta, gainera, legezko ez izatearekin ez da ezer lortu; kontsumoa ez da gutxitu, eta lortu den bakarra izan da mafiak sortzea drogaren inguruan. Aurrekoan holandar batzuekin egon nintzen Bartzelonan, eta esan zidaten, han, 1972an kalamua legeztatu zutenean kontsumoa ez zela batere hazi. Legeztatzeak ez du esan nahi mundu dena erretzen hasi behar denik, ez da beldurrik izan behar. Ausart xamarrak izateko garaia da, gauzei aurre egin eta ez aurpegia estali. Hipokresia handia dago honen inguruan.  

Honek segurtasuna emango die kalamu klubei, ezta?

Bai, asmoa da segurtasun handiagoa izan dezatela. Oraingoz badakite babes politikoa emango diegula: "Legebiltzarraren gehiengoa zuekin gaude". Orain, fiskalen bati otutzen bazaio, barrabaskeriaren bat egin ahal izango du. Baina iritzi publikoaren ikuspegitik zailago izango du, eta baita administrazioaren aldetik kontrol handiagoa egongo delako ere. Elkarteen erregistroan dauden unetik, segimendu bat egiten zaie. Administrazioa bera da bermea egiten ari direna ondo egiten ari direla. Lehenago edo beranduago sortuko da gatazka juridiko bat, baina kalamu klubek badakite orain Eusko Legebiltzarreko gehiengo handiaren babes politikoa dutela, eta hori bada urrats bat.  

Zuenaren kontrako norabidean, iragan asteko kontua da Valentzian, adibidez, kalamu klubei biderik ez ematea eskatu dutela zenbait psikologo eta terapeutak.

Ulertzen dut. Eta berdin asko erre duen eta horrek buruan kaltetu duen mutil edo neska baten gurasoen jarrera, ze halakoak badaude, eta nahikotxo. Ulertzen dut eurek esatea: "Patologiak eta jendearen bazterketa eragiten dituen zerbait bultzatzen ari zarete?". Ulertzen ditut. Baina norbanakoen askatasunaren ikuspegitik lan egin behar dugu. Eta, esandakoa, legeztatzeak ez du ekarriko kontsumoa gehitzea. Ponentziara ere aldeko pertsonak eta kontrakoak etorri dira, baina talde sozialik ez da egon egiten ari garenaren kontra agertu denik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak