Joseba Irazoki: "Inprobisazioa da kantuak sortzeko nire abiapuntua"

Txomin Madina Milikua 2014ko urr. 30a, 00:00

Joseba Irazoki.

Berakoa taldean eta bakarka, beste artista batzuen emanaldietan jotzen edo bereetan hainbat instrumenturekin ikusi dugu; 'Joseba Irazoki eta lagunak' du azken diskoa.

1. Izenburuan agertzen diren lagunak konbentzitzea edo denen agendak bateratzea, zer izan da zailagoa?

Bigarrena. Konbentzitzea nahiko erraza izan zen, benetako lagunak dira-eta. Baina denak oso lanpetuta ibiltzen dira, eta zailagoa izan da agendak bateratzea.

 

2. Etxeko zapatiletan grabatu omen duzu disko hau.

Bai. Etxe azpian intsonorizatutako lokal bat dut. Aurrekontu handirik ez nuenez, eta egun baliabide gutxirekin lan profesionala egin daitekeenez, ingenio pixka batekin, uste dut zerbait txukuna lortu dugula.

 

3. Disko hau deskribatzeko hitz bakarra erabili beharko bazenu?

Intentsua. Kantek iraupen nahiko luzea dute, eta entzunaldi nahiko kontzentratua eskatzen dute; dinamika askokoak dira. Kantak baino gehiago, giroak bilatu ditugu.

 

4. Sarri, Oso banda diskoan, esaterako, gizon bakarreko banda moduan ibiltzen zara: talentua soberan ala dirua faltan? 

Dirua faltan. Batez ere, Oso banda diskoarekin, kontzertu faltari aurre egiteko formula bat izan zen: urte baten ez nuen birarik izan, eta errepidera bakarrik irtetea erabaki nuen. 

 

5. Zer ematen dizu inprobisazioak?

Dena. Kantuak sortzeko, esaterako, hori da nire abiapuntua. Konponketa mahaian, bestalde, freskotasuna ematen du: inprobisatua denean, zerbait purua da.

 

6. Zenbat gitarra dituzu etxean?

Gitarrak, banjoak eta horrelako  instrumentu exotikoak sartuta… 15-20. Kuttunena, gehien erabiltzen dudana, nahiko trukatuta dagoen Fender Telecaster japoniarra da.

 

7. Batek baino gehiagok Tumatxak saioko moldaketengatik ezagutuko zaitu. Zeinek utzi zintuen gusturen?

Nahiko azkar egin genituen denak... Akaso, Ruper Ordorikaren Hi hintzena: oso lasaia egin nuen, ez nuen askorik aldatu, baina gustura geratu nintzen.

 

8. Berako baratze musikal emankorreko beste ale bat zaitugu. Zein ongarri ematen dizuete?

Gipuzkoarekin eta Lapurdirekin mugan gaude, eta horrek, agian, izan du eraginik: esan ohi da mugak leku biziak direla. Gertatu zen, baita ere, egon ginela lagun kuadrilla bat disko asko elkartrukatzen genituena, eta horrek markatu egin gintuen gerora egin dugun musikan.

 

9. Musika irakasteari utzi zenion musika jotzetik bakarrik bizi izateko. Nola doa egindako apustua?

Orain oso ondo, lan gehiegi eta guzti batzuetan! Tarteka, gogorra ere bada, ordutegiekin-eta familiaren kontra noalako; baina plazera da honetaz bizi izatea.

 

10. Fribolitate ukitu bat: zeinek aukeratzen dizkizu alkandorak?

Nik neuk. Beherapenetan-eta ibiltzen naiz; gustatzen zait arraroak lortzea, batez ere kontzertuetarako.

----------

Makila magikoa baneuka: "Munduko gizakien berdintasunaren alde egingo nuke; Afrikan-eta gertatzen dena injustizia hutsa da"

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak