Kutxa banku fundazio bihurtzeko erabakia hartu zuen batzar orokorrak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko urr. 25a, 16:39

Batzar orokorreko une bat. Argazkia: © Juantxo Egaña

Atzo arratsaldean hartu zuten erabakia. Gipuzkoako aurrezki kutxa zenak ezohiko batzar orokorra egin zuen, eta organoa desegiteko eta erakundea banku fundazio bihurtzeko erabakia hartu zuen.

Hartutako erabakia ez da denon gustukoa izan. Hasieratik polemika eragin du gaiak alderdi politiko eta sindikatuen artean. Gipuzkoako Diputazioak gai honen harira Badugu aukera, badugu beharra proposamena aurkeztu zuen; baina, Kutxako zuzendaritzak ez zuen onartu batzar orokorrean Diputazioaren proposamena eztabaidatzea. Hala, EHBilduko ordezkariek ez zuten egubakoitzeko batzarrean parte hartu nahi izan. Hori horrela, erabakia batzar orokorraren gehiengoarekin hartu zuten EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek, CCOO sindikatuak eta Pixkanakak. 71 batzarkidetatik 39k babestu zuten aldaketa; EH Bilduko ordezkariek aretotik alde egin zuten.

Andia kalean protestak

Kutxako pribatizazioaren aurkako plataformak deituta hainbat lagun batu ziren Kutxaren egoitzaren kanpoaldean protesta egiteko. Erabakiaren aurkako lemak eta pankartak erakutsi zituzten. Gainera, batzar orokorra hastear zela txistu eta zarata artean hartu zituzten egoitzara iritsi ziren batzarkideak.

15 laguneko patronatua

Aurrerantzean, 15 lagunek osatutako patronatuak gidatuko du Kutxa. 15 lagun horietatik dagoeneko 9 izendatu dituzte: EAJk 3, PSE-EEk 3, PPk 1, Afagiko ordezkaria eta langileen ordezkaria. Bilduk ez ditu berari dagozkion 4 ordezkariak aukeratu; eta, Donostiako Udalak eta Foru Aldundiak –erakunde sortzaileak– ere ez dituzte euren ordezkariak aukeratu. Patronatuko kideen bi heren beharko dira Kutxabankeko akzioak saltzeko erabakia hartzeko.

 

  • Bilduren iritzia. Ino Galparsoro

"Kutxako Batzar Nagusian EAJk PSE, PP, CCOO eta Pixkanakaren laguntzarekin Kutxa kapital pribatu/espekulatzaileei saldu ahal izateko behar zuen urratsa burutu du: hau da, kontrol sozial eta publikoa izan duen erakundea Banku Fundazio bihurtu, eta Batzar Nagusiaren desagerpenarekin, Kutxa 15 patronoen esku utzi dute (momentuz 9 daude), egin eta desegiteko botere guztiarekin. Gainera, Kutxaren ordezkaritza nagusia zuen EH Bilduk eskatutako Foru Aldundiaren proposamena eztabaidatzea eragotzi dute. Ez dugu iruzur horretan parte hartu eta alde egin dugu Batzarretik baina lanean jarraituko dugu akzio bakar bat bera ere ez dadin espekulatzaileen eskura pasa. Oraindik posible da eta ez dugu amore emango".

 

  • EAJren iritzia. Aintzane Oiarbide

"Europako legeek hala aginduta derrigortuta dago Kutxabank Banku fundazio bihurtzera. Gaurko erabakiaren helburua legearekiko egokitzapena egitea da, Kutxaren izaera ahalik eta gutxien aldatuz. Banku Fundazioak bere gizarte izaera eta irabazi gabekoa izaten jarraituko du. Egokitze hau lantalde zabal batean erabaki da: langileak, sindikatuak eta alderdi politikoak izan dira lanean eta emaitza hauxe da: Kutxaren historian ez da izan erakunde publikoen honenbesteko kontrolik. Orain arte, %40a zuten, hemendik aurrera %93a. Erabakiak hartzeko 15 patronoetatik 10en babesa izan beharko du. Batzar Nagusietan alderdi bakoitzak duen ordezkaritzaren araberako lekua izango du Kutxan. Non dago arazoa? Ezker abertzaleak ez du lan taldean parte hartu nahi izan. Bere gerra egiten ari da gipuzkoar askoren aurrezkiak dauden eta estatu guztian ondoen kudeatu den kutxaren irudia suntsitzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak