Kanpaina berrian nahi dute sare sozialen bidez jendeak selfie-ak bidaltzea, bakoitzak gertuko dituen adimen urritasuna duten pertsonekin ateratakoak, haiek transmititzen dituzten balio positiboak erakusteko, asko direla azpimarratzen dute-eta.
Kanpainarako, elkarrenganako onura hori erakusten duten bi kartel sortu dituzte, adimen urritasuna duten pertsonekin sortzen diren harremanek duten aberastasuna agerian utzi nahian. Argazkiak benetako kasuetan oinarritzen dira, Maialen eta Gorkaren kasuetan. Bi bideo laburren bitartez, bi pertsona horien esperientziak ere kontatzen ditu Atzegik, protagonistak famili, gizarte eta lan ingurunean erakutsiz.
Atzegiko presidente Josean Idoetak zera azaldu zuen kanpainaren aurkezpenean: "Sarritan, adimen urritasuna duten pertsonak laguntza, zerbitzuak eta asistentzia behar duten pertsona gisa ikusten ditugu, baina gutxitan jartzen gara pentsatzen hauek inguruan zer eragiten duten. Tolerantzia, elkartasuna edo positibismoa dira askotan errepikatzen ditugun terminoak, urritasuna duten pertsonen ekarpenei buruz ari garela. Horregatik, aurtengo kanpainarekin, adimen urritasuna beste ikuspegi horretatik erakutsi nahi dugu, eta kolektibo honek emateko asko duela ikustarazi nahi diogu gizarteari”.
#Elkarrion traolaren bidez, Atzegik gipuzkoarrei dei egin die selfie-ak bidaltzeko; Twitter, Facebook edo Whatsapp bidez bidali ahal izango dira. Hona zenbakia: 609 70 37 06. Gainera, kanpainaren informazio guztia jarrai daiteke Atzegi elkartearen webgunean: www.atzegi.org/elkarrion.