Hala dio iragan eguaztenean Bilboko Euskalduna jauregian, SPRI-k antolatuta, egin zen Basque industry 4.0 jardunaldian Fagor Arrasateren esperientzia azaltzen egon zen David Chicok.
700dik gora enpresetako ordezkari izan ziren Alemanian laugarren industria iraultza gisa batailatu duten lantegi adimenduari buruzko jardunaldian, tartean Oñatiko Ulma Packaging, Antzuolako Goizper, Bergarako Lazpiur eta Arrasateko Fagor Arrasate eta Ikerlanekoak. Etorkizuneko euskal industriaren ezaugarri behar luketen teknologiak izan zituzten hizpide: fabrikazio gehigarria, elkarlaneko robotika, sistema ziberfisikoak, errealitate areagotua, ikuspen artifiziala, cloud computing-a eta big data, besteak beste.
Hainbat adibide
Eta zer dago gehienontzako ezezagun diren izenon atzean? Ulma Packagingeko Berrikuntza zuzendari Josu Ugartek ikuspen artifiziala zer den azaltzeko adibidea, Bilbon eman zuena: "Pieza bat enbasatzerakoan edo produktu bat enbasatzerakoan, nola lortu enbasatzeko materiala ahalik eta gutxien izatea. Hori egin dezakezu fresatzailean neurtuta, baina neurtu beharrean, geometria guztia ezagutzen baduzu hiru dimentsiotan eta aztertzen baduzu geometria hori, askotan gertatu daitekeena da material gutxiago erabiltzea". Hiru dimentsiotako eskaner baten aurkezpena egin zuen Ugartek, eta eskaner horren aplikazioarena produktu edo prozesu konkretu batean, enbasatzeko makina batean.
Fabrikazio gehigarriaren adibidea Aitor Urzelai oñatiarrak, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako ordezkari, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarte arloko zuzendari gisa jardunaldian parte hartu zuenak: "Makina erreminta ekoizle batek makina erremintak saltzen ditu mundu osoan, tornuak, fresatzaileak... Eta makina horietako piezak, denborarekin, hondatu egiten dira edo zaharkituta geratzen dira. Eta enpresa horiek eduki behar izaten dute asistentzia tekniko zerbitzu oso ona, piezak ordezkatzeko... Gaur egun inork ez dugu jartzen zalantzan pieza horiek mundu osora bidali beharra, piezak ordezkatuko dituzten muntatzaileekin eta abar. Hori birtualizatzen badugu eta fabrikazio gehigarriaren edo 3D inprimatzaileen arlora eramaten badugu, posible izan daiteke etorkizunean, eta ez du ematen oso urrun dagoenik, ordezkatzeko pieza horiek bidali beharrean diseinu birtuala, konfigurazio birtuala bidaltzea, eta makinak dauden munduko beste leku horretan, bertako jendeak, zuk bidalitako plano birtual horrekin, 3D inprimatzaileekin pieza horiek ekoiztea eta eurek ordezkatzea". Urzelaik dio, adituen arabera, logistika eta garraio ereduetan "iraultza" ekar dezakeela honek.
Azken adibidea, sistema ziberfisikoena, auto baten ordenagailu txertatuarekin erkaketa eginez, Goizperreko zuzendari tekniko Mikel Mondragonek: "Gure kotxeetan, alde batean dugu, panelean, ze abiaduratan goazen, zenbat gasolina geratzen zaigun, zenbat erreboluziotara goazen une horretan; eta gero dugu ordenagailu txertatua, esaten diguna egiten ari garen gidatze motaren arabera zenbat kilometro egin ahal izango ditugun... Guk ere gure konponenteetan momentuko argazki hori badaukagu, baina ez dakiguna da baldintza horietan erabiltzen jarraituta ze bizitza edukiko lukeen, gasolina noiz bukatuko litzaiokeen gure konponenteari, nolabait esatearren. Eta hori jakin ahal izatea nahi dugu, erabiltzaileak ere jakin dezan noiz aldatu beharko duen, ez dadila izan hondatzen denean istripu bat bezala, eta makina geratu beharra eta horrek dakarren kostu guztia".
Elkarlanaren garrantzia
Hain justu ere, sistema ziberfisikoen arloko proiektu batean elkarlanean dihardute Goizperrek, Fagor Arrasatek eta Ikerlanek, Europak subentzionatuta. Tendentzia berriokin lehiakortasuna hobetzeko, elkarlanaren garrantziaz dihardu Fagor Arrasateko Garapen Korporatiboko zuzendari David Chicok: "Inguruan ehun teknologiko oso indartsua dugu, gai hauetan lanean ari dena; enpresok jakin behar dugu geure onenarekin elkartzen, garapen onenak lortzeko. Enpresen artean elkarlanean jardun behar dugu, guk Goizperrekin egiten dihardugun bezala; ze beraiek ekoizten dute enbrage-freno bat guk prentsei ezartzen dieguna. Hori baino naturalagoa, ezin".
Eta lantegien adimentzeari eta lankidetzari buruz Goizperreko Mikel Mondragonek gehitutakoa: "Ez da nahikoa batek garbi edukitzea, inguru guztiak izan behar du; azkenean, kultura bat moduan delako". Eta Ikerlaneko Fabrikazio Aurreratuaren zuzendari Xabier Sagartzazuk: "Enpresak sinistuta daude lan-ildo horretan egon behar dutela. Prestatu egin beharko dute eta prestatu egin beharko dugu denok emaitza egokia izan dadin. Bailaran enpresa garrantzitsuak ditugu, eta agian teknologia hauek aplikatzen ari dira, eta orain garrantzitsuena da zentzua ematea". Mikel Mondragonek dio bide hori "eskuragarri" duela hemengo industriak: "Eta gainera heldu egin behar diogu, ze bestela atzera geratuko gara".
Egokitzearen kostua
Teknologiaren aplikazio berriekin, datorkeen laugarren industria iraultza honek ere ekarri beharko omen du pertsonaren egitekoen birplanteatzea, eta badakar kostuen gaineko kezka ere. Hauen gainean, Lazpiurreko Elektronika departamenduko arduradun Jorge Garinek dio, 4.0 Industriaren arabera, lantegiak adimentzea ezin daitekeela gain-kostu gisa hartu: "Beharrezkoa da, ze industriaren bilakaera alde batera doa non produkzioko medioak eta instalazioak oso aurreratuak izan behar diren, eta berez birplanteatu behar da zein izango litzatekeen pertsonen funtzioa planteatzen den industria berri horretan. Ze gauza asko automatizatu egin behar dira, horretarako erabili behar dira robotak eta ikuspena, eta halako gero eta gauza gehiago, kapazitate, produktibitate eta kalitate handiagoa lortzeko". Hala ere, Ulma Packagingeko Josu Ugartek argi dio: "Ez pertsonak ordezkatzeko".
Adituek omen diote bezeroen eskakizunei eraginkortasun handiagoz erantzuteko aukera eman dezaketela teknologia tendentzia berriek, baina ez direla pertsona gutxiago beharko: "Pertsona gutxiago ez, pertsonen kualifikazio desberdina bai, kualifikazio altuagoa ere bai, eta hori erlazionatzen zuten edukazio sistema osoarekin; unibertsitate aldetik, lanbide heziketa aldetik, perfil honetako pertsonak heztea oso inportantea izango da etorkizunean", dio Aitor Urzelaik.
----------
Debagoieneko enpresak 'Basque industry 4.0' jardunaldian
Ikerlan: 4.0 Industriaren ezaugarri bat da konektibitatea: datuak batetik bestera, makinatik makinara, makinatik pertsonara... horretan lanean ari da Ikerlan. Ari dira mikro-sentsoreen arloan ere, datu horien neurketak egiteko: neurgailu gero eta txikiagoak, iristea zaila den lekuetan jartzeko modukoak... Eta datuen ulermenerako lanean ere ari dira: datuok bihurtu behar dira baliodunak, erabakitzeko gaitasuna eman diezaioten maneiatzen dituenari.
Ulma Packaking: Ulma Packaging-en teknologia propioa dute, eta kontrol sistema propioen bitartez egiten dutena da jardunaldian ikusi ziren tendentzia asko gehitu. Makinen konektibitatea edo makinen Internet agertzen zen jardunaldian; Packaging duela urte pare bat hasi zen makinen konektibitatea lantzen, eta gaur egun ekoizten dituzten makina gehienek ahalmena dute Internet erabiliz Ulmara, zentralera, konektatzeko eta datuak elkarbanatzeko, zerbitzua hobetzeko.
Fagor Arrasate: Fagor Arrasate ari da sistema ziberfisikoen arloan. Badute zerbitzu bat gainkargak monitorizatzeko, ikusteko ze ahalegin egiten ari den makina. Informazio hori segurtasunerako baino ez zen erabiltzen lehen; muga pasaz gero makina geratu egiten zen. Orain informazioa ematen diote bezeroari, makina ondo erabiltzen ari ote den, mugatik gertu dabilen; eta hurrengoa izango ei da abisatzea: "Jarraitzen baduzu makina horrela erabiltzen, bi hilabetean hondatuko da".
Lazpiur: Lazpiurren, dimentsio kontrola egiterako orduan aplikatzen dute, adibidez, ikuspen artifizialaren teknologia, torlojuak fabrikatzen ari direla eta fabrikatzen amaitutakoan, ziurtatzeko, dimentsioei dagokienez, torlojuak kalitate estandarren barruan daudela. Ikuspen artifizialean, sentsore batekin hartzen da irudi bat, eta irudi hori prozesatu egiten da software baten bitartez. Hortik lortzen da informazioa, nahi bada hiru dimentsioena, neurtu den horren kalitatea ziurtatzeko, adibidez.
Goizper: Goizperrek ere sistema ziberfisikoen arloan dihardu, adibidez. Teknologia horrek emango lieke aukera, esaterako, transmisioko konponenteak sentsorizatu, bere seinaleak lainora igo, han konputatu, eta informazio bat jasotzeko, adieraziko lukeena konponente hori barrutik nola ari den funtzionatzen. Goizperren bezeroak eta azkeneko erabiltzaileak ere edukiko lukete aukera hori. Eta segun eta nola dabilen, aukera dago lan egiteko era aldatzeko, mantenua erreklamatzeko...
----------
Aitor Urzelai (Eusko Jaurlaritza): "4.0 Industria kontzeptua da bidea adierazten duen horizonte bat"
Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarte arloko zuzendaria da oñatiarra.
Basque industry 4.0 jardunaldiaren ze balantze egin duzue? Balorazio oso positiboa egiten dugu. Antolatu genuen formatu batean, sare zientifiko-teknologikotik demostratzeko enpresei ze kapazitate, ze aukera zabaltzen zaizkien 4.0 Industria kontzeptu honen inguruan, eta jaso genuen feedbacka positiboa izan zen. Aukera asko ikusten dira, orain tokatzen dena da lan egitea bide horretan.
Enpresa batzuk ari dira dagoeneko teknologia hauek aplikatzen; zer da, oraina? Etorkizuna? Enpresa batzuk, aurreratuenak, esan dezakegu gauza batzuk aplikatzen ari direla dagoeneko: fabrikazio gehigarria, errealitate areagotua, big data... Baina, orokorrean, esango nuke 4.0 Industria kontzeptua dela bidea adierazten duen horizonte bat, etorkizunean, poliki-poliki eta hemendik urte batzuetara, errealitate bihurtzen joango dena.
Edozein motatako enpresen eskura egongo den teknologia da? Txikien eskura ere bai? Jardunaldian esan zen: nahiz eta eman dezakeen hau bakarrik enpresa handien eskura egon daitekeela, inbertsio handiak eskatzen dituela, tendentzia hauetan guztietan badira, gaur egun, eskuragarri dauden teknologiak, enpresa txiki eta ertainen eskura ere bai, eta, kasu askotan, eta jarri zuten sentsoreen adibidea, ez dira batere garestiak. Gero, beste gauza guztietan bezala, egongo dira inbertsioak eta inbertsioak, eta tamaina bateko eta besteko proiektuak. Baina kontzeptu hauek aplikatzeak ez du zertan inbertsio handia eskatu.