Hasteko, zer da bularreko minbizia? Nola sortzen da?
Bularrean sortzen da, esnearen konduktuetan eta gainontzeko minbizi guztiak bezala zelulen alterazio bat da. Zelulak hazten hasten dira, modu desordenatuan; orduan sortzen da minbizia.
Zergatik sortzen da?
Gaur egun ez dakigu zergatik sortzen den minbizi mota hori. Berdina gertatzen da beste askorekin ere. Zerk sortzen duen dakigun minbizi bakarra da umetoki-lepoko minbizia. Jatorri birala du, badakigu birus batek sortutakoa dela, baina bularrekoaren kasuan, ez dakigu ezer.
Intzidentzia handia duen minbizi mota da. Zenbat eragiten du?
Oso Minbizi ohikoa da, denok ezagutzen dugu bularreko minbizia duen norbait. Intzidentzia geroz eta handiagoa duen minbizia da, gainera, bularrekoa. Hamar emakumetik hiruk izango dute bularreko minbizia euren bizitzan, batez ere, 80 urte izatera heltzen badira. Hori oso zifra altua da eta ez hori bakarrik, izan ere, esponentzialki goraka doan emakumezkoei eragiten dien minbizi bakarra da, gainera. Obulutegiko minbizia bere horretan mantentzen da, geldi, umetoki-lepoko minbizia ere bai, beheranzko joerarekin, gainera; umetokiko minbizia ere egonkor dago. Kontrakoa gertatzen da bularrekoan. Uste da ingurumen faktoreek dutela eragina; hori, baina ez dakigu ziur.
Emakumeekin lotzen dugu minbizi mota hori baina gizonezkoei ere eragiten die, ezta?
Bularreko minbiziak eragindako pertsonen %1 da gizonezkoa. Guk ere ugatz edo titi-guruina badugu eta beraz, gizonezkoetan ere sor daiteke.
Arrisku faktoreak aipatu dituzu. Faktore horiek identifikatuta dituzue? Zerekin lotzen duzue?
Faktore epidemiologiko askorekin lotzen saiatu dira; besteak beste umerik ez edukitzearekin, edoskitzearekin, tabakoarekin, elikadurarekin... Baina benetan garrantzia duen arrisku faktore bakarra eta estatistikoki frogatuta dagoena da faktore genetikoa. Amak bularreko minbizia izateak, bi edo hiru bider handitzen du norberak minbizi hori izateko arrisku erlatiboa. Ahizpa batek izan badu, berriz, bost bider handitzen da. Bularreko minbizien portzentaje txiki bat da, soilik, genetikoa dena. Gainontzekoen kasuan ez dago ezer ziurra.
Irizpide horiek betetzen dituztenen kasuan (zuzeneko senitartekoa minbiziarekin), prebentzioa errazagoa da?
Kasu horietan, alegia, minbizi ginekologikoak eragindako pertsonen zuzeneko senitartekoen kasuan, jakin daiteke analisi genetiko bidez gene hori duten ala ez, esaterako. Gai polemikoa da, dena den, izan ere, badago jakin gura duen jendea eta jakin gura ez duena ere, eta gene dutela jakinda ere... Benetan ez dakigu zer egin jende horrekin.
Baina, kontrolatuago daude?
Bularreko minbizia izan duten senitarteko zuzenak dituzten pertsonen kasuan, noski, kontrola handiagoa da, gainean gaude eta bereziki horrek eragina du diagnosi goiztiarrean. Prebentzio modu bakarra, gene hori dutenen kasuan da, mastektomia bat egitea. Bular barik, ez dago minbizirik.
Nola tratatzen da gaur egun bularreko minbizia?
Aurrerapauso handiak egin ziren duela ia hogei urte tratamenduari dagokionean. Lehen kirurgikoa zen tratamendua; mozketa handiak egiten ziren eta gaur egun, diagnosi goiztiarra duten kasuen %60an, tumorea eta ingurukoaren zati txiki bat bakarrik kentzen da. Noski, beste aspektu garrantzitsuak bularreko minbiziaren tratamenduan dira kimioterapia eta erradioterapia. Gaur egun erabiltzen ditugun beste terapia batzuk oinarritzen dira hormonetan eta azkenik dago terapia genetikoa; hortik doa etorkizuna. Hala, bakarka, indibidualki tratatuko dugu minbizi bakoitza, segun eta bakoitzak duen onkogenaren arabera.
Osatu ere, geroz eta gehiago osatzen da.
Kasuen %90 baino gehiago osatzen dira. Alegia, bularreko minbizi gehiago osatzen dira, pneumoniak baino.
Zein protokolo jarraitzen duzue halako kasu bat agertzen denean Debagoieneko Ospitalean?
Lehentasunezko prozesuak deituriko protokoloa dugu eskuartean Debagoieneko Ospitalean. Ginekologia arloan, protokolo horren barruan egongo lirateke bularreko minbizia, umetoki-lepokoa, endometriokoa eta obulutegikoa. Alegia, ginekologiako minbiziak. Horrek esan gura du, nik bularreko minbizi kasu baten aurrean nagoen susmo klinikoa badut, hamabost eguneko epean gaixotasunean tratatuko zaituen ospitalearen eskuetan izango zarela. Gure erreferentziazko ospitalea Txagorritxu da.
Ikerketaren garrantzia azpimarratzen dute behin eta berriz minbiziaren kontrako elkarteek. Zein garrantzia du horrek?
Erabatekoa. Baziren minbizi batzuk tratamendu ohikoei ihes egiten zietenak, ez genekien zergatik, baina erabiltzen genituen metodoek ez zuten ezertarako balio. Markagailu konplexu batzuen bitartez gaur egun badakigu zer nolako minbizia den eta zein izango den bere garapena. Hau da, minbiziari izena jartzeaz gain, zortzi abizenak ere ipintzen dizkiogu orain. Bakoitza oso modu berezian tratatu behar da, minbizi bakoitza delako desberdina. Ikerketei esker, laster, emakume bakoitzak izango du bere tratamendu espezifikoa. Aurrerapen itzelak ari dira egiten. Mundu globalizatu baten bizi gara eta uste dut ikerlariak eta medikuak-eta oso jantzita daudela. Bularreko minbiziaren kontra, gainera, apustu oso gogorra egin da, izan ere, minbizi oso ohikoa da, minbizi sozial bat da.