Anjel Alkain: "Jendea aspertzen bada, berehala esango didate nagusiek!"

Txomin Madina Milikua 2014ko urr. 23a, 00:00

Anjel Alkain.

Sorginen Laratza, Wazemank edo Kontrako eztarria bezalakoei esker, ETBko aurpegi ezagunenetakoa da andoaindarra; Zuek hor eta gu hemen arratsaldeko saioan dabil orain.

1. Zergatik aldatu beharko nuke siesta ordua zuen programagatik?

Siesta egitea txarra delako. Ez zaizu gertatu siesta egin eta jenio txarrarekin esnatzea? Niri bai. Hori saihesteko, onena gure programa ikustea da.

 

2. Dituzuen lehiakideak ez dira nolanahikoak... Tartean, Salvame.

Atzo hitz egin nuen Salvame-ko zuzendariarekin eta esan zidan gu hastearekin nabaritzen dutela audientziatan jaitsiera... Beldurrik dugun? Bat ere ez! Azkenean egiten duzunean sinisten baduzu, ordua gutxienekoa da. 

 

3. Gaurkotasuna eta umorea: zer da gakoa formulak funtzionatu dezan? 

Lantalde aproposa edukitzea. Uste dut guk talde polita egiten dugula, eta aukeran gutxi garen arren, saiatzen gara bakoitzaren onena ateratzen. Hori lortuz gero, produktu polita egin dezakegula uste dut.

 

4. Izan duzu inoiz arazorik imitatu duzun norbaitekin?

Sekula ere ez. Horrek erakusten du imitatuek umorea dutela; eta gainera, gu ez gara sartzen imitatuen bizitza pertsonalarekin, gure umorea zuria da.

 

5. Eta sortu dituzun pertsonaien artean, zein duzu kuttunena?

Hainbeste dira, ezin dizudala bat esan. Pertsonaiak sortzeko abiapuntua da gure ezaugarriak izatea eta gertukoa izatea, ikusleak ingurukoren batekin identifikatzeko.

 

6. Euskaraz eta gazteleraz egin duzu lan. Umorea egiteko, zein puntura arte eragiten du hizkuntzak?

Asko, erreminta garrantzitsuena da. Gehiago gozatzen dut euskaraz, errazagoa egiten zait. Gazteleraz nabilenean ere, saiatzen naiz euskarazko ukitua ematen; baina, hala irteten zaidalako. 

 

7. Azken urteotan ia etengabe ikusi zaitugu telebistan. Jendea aspertzeko beldurrik ez?

Ez; argi izan dut beti hau momentuko gauza bat dela. Asko iraun duen edo ez? Horretarako, asmatu egin behar da eta pertsona egokiez inguratu. Jendea aspertzen bada, berehala esango didate nagusiek!

 

8. Zer suposatu zuen zuretzat Wazemank-ek?

Lantaldean, baina nire kasa landutako lehen proiektua izan zen. Beste garai bat zelako, eta pertsonaiekin eta egoerekin asmatu genuelako, sekulako arrakasta izan zen. Bost urte zoragarri izan ziren.

 

9. Botatzen dituzu faltan agertokiak?

Apur bat bai, baina aukeratzen jakin behar da. Jakin behar da gauzak noiz egin behar diren. Orain denak monologoak egiten ari dira... Bada, nik ez dut nahi!

 

10. Zuri irakurria: munduko paellagile onena ei zara. Zein da gakoa?

Ze ordutan esan nuen  hori? Onak egiten ditut, Valentziako batek erakutsi zidan-eta. Baina mundukoa ez, kosmos osokoa esango nuke!

----------

Makila magikoa baneuka: "Eskatuko nuke euskaldunok ETB1 gehiago ikustea: euskaldunok ez badugu ikusten, ez du inork ikusiko"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak