LHn, "mesfidantza"
LHko lehenengo, hirugarren eta bosgarren mailetan aplikatu da, zehazki, eta hiru aldaketa nagusi ekarri ditu: lehena, abian dela erlijioaren ordezko berria: Gizarte eta Herritar Baloreak –Eusko Jaurlaritzak eman ditu ikasgai horretarako edukiak eta irizpideak–. Bigarren aldaketa Ingurune ikasgaiari dagokiona da. Madriletik zehaztu da bitan banatu behar dela: Gizarte Zientziak eta Natura Zientziak. Euskal Autonomia Erkidegoan, baina, orain arte bezala jarraituko dute –curriculuma ez da aldatu, astirik ez delako izan, Jaurlaritzaren esanetan–. Hala ere, ikaslearen espedientean bi nota azalduko dira. Hirugarren aldaketa nagusia da LHko hirugarren mailako ikasleek ebaluazio bat egin beharko dutela, euren ezagutzak neurtzeko. Emaitzak ikasleen gurasoei eta ikastetxeari jakinaraziko zaizkie.
"LOMCErekin hezkuntzaren kalitatea hobetuko dela diote. Zer hobekuntza dakar ikasgai bat bitan banatzeak? Non dago esaten duten aurrerapauso hori? Oraingoz, sortu duen bakarra da ezinegona eta ezjakintasun handia", adierazi du Mikel Uribarrenek, Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolako irakasleak. Gaineratzen du "presaka, gaizki eta informazio gabe" egin direla aldaketak. "Ikasgai berriak eman behar badira, aurreprestakuntza bat egon behar du. Irakasleok prestatu egin behar gara. LOMCE zapaltzeko makina bat bezala etorri da". Kritiko azaldu da baita Zigor Ibartzabal, Oñatiko Txantxiku Ikastolako zuzendaria: "Mesfidantzaz eta mehatxupean hartu dugu lege berriaren ezarpena. Sorpresaz ere esan daiteke; aurreko ikasturtean Eusko Jaurlaritzatik EAEn ahalik eta eraginik txikiena izan zezan neurriak hartuko zituztela zioten. Ikasturte honetan, aldiz, derrigorrez hainbat eskabide bete behar direla adierazi digute". Horretan dabiltza orain ikastolan, derrigorrezko eskaera horiek martxan jartzen. Hala ere, Ibartzabalek argi du euren beharretara egokitzen ez den legea dela eta ikasleengan ahalik eta eragin txikiena izan dezan nahi dute. "Proposatzen diren aldaketak espainiar hezkuntza sistemak dituen gabezia eta arazoak gainditzeko helburuarekin egin dira; hala ere, espainiar erakundeek ere legea errefusatu dute. Euskal hezkuntza sistemak aspalditik gainditu dituen erronkak dira LOMCErekin lortu nahi direnak". Gaineratzen du eleaniztasunaren "aitzakia" aintzat hartuz, euskara eta hizkuntza minorizatuen aurka egiten duela: "Espainiar nazio ikuspegia bultzatzen du, euskal nortasunaren aurka eginaz". Hain zuzen, hori ere kritikatu zaio LOMCEri. Izan ere, Gizarte eta Herritar Baloreak ikasgai berrian, Espainiako Konstituzioaren baloreak eta Espainiako sinboloen esanahia landuko dira, adibidez.
Lanbide Heziketan, "atzera"
Lanbide Heziketan ere aurten hasi dira nabaritzen hezkuntza erreformaren eragina; zehazki, Oinarrizko Lanbide Heziketan. Julen Elgeta HETELeko – Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartea– presidenteak esan du ikasturte honetan nabarituko dutena ez dela asko izango, baina datozen urteei begira "kontu handiz" hartu behar direla erabakiak, bi urte barru ager daitezkeelako lehendabiziko eragin esanguratsuak. "Gure Lanbide Heziketa sistemak ez du horrelako legerik behar. Irakasleentzat, ikasleentzat, enpresentzat eta Lanbide Heziketa sistemarentzat atzerapauso nabarmena ekarri du", adierazi du. Eta gaineratu du Euskal Herriko Lanbide Heziketa sistemaren maila "bikaina" dela eta LOMCEk ez diola ezer berririk eskaintzen: "Alderantziz, gure Lanbide Heziketan duela urte asko baztertu ziren planteamenduak berreskuratzen dira". Hezkuntza erreformak zehazten du, esaterako, DBH bukatzen ez duten ikasleak Oinarrizko Lanbide Heziketa egitera bideratzea. Elgetak bi puntutan adierazi du desadostasuna horri dagokionez: "Batetik, ikasle horiek DBHko titulua jasotzea oso zail izango dute, ezinezko ez esatearren; eta bestetik, erdi mailako zikloetara joateko izango duten pasabide automatikoarekin ez gatoz bat". Lanbide Heziketa eskola porrotaren erantzuna izateko arriskua ere ikusten du Elgetak. Hala ere, ez da guztiz ezkorra: "Zorionez, aurreko astean onartu zen Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren helburuak erabat desberdinak dira".
Gurasoak, kezkatuta
Hezkuntzako eragileek ez dute begi onez ikusten, ezta gurasoek ere. Imanol Zubizarreta eskoriatzarra Baikarako –Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioa– koordinatzailea da. Joan den ikasturtean hainbat hitzaldi egin zituen LOMCEren gainean. "Orokorrean, jendea eta familiak ez dira jabetzen etorkizunean LOMCEren aplikazioak ze garrantzi izango duen. Nik ez dut kontzientziarik ikusten, ekarriko dituen aldaketak kontuan izanda. Hitzaldiak egin ostean, konturatzen zara jendea lur jota gelditzen dela. Izan ere, orain dela 40 edo 50 urteko hezkuntza sistemara itzultzea da. Esango nuke jendea lasai dagoela, lasaiegi", dio. 2013ko ekainean Elgetan izan zen hitzaldia egiten. Zera dio Ibai Etxanizek, Elgetako ikastetxeko guraso elkarteko idazkariak: "Informazioa Baikaratik, komunikabideetatik eta eskolan egin diren bileretatik jaso dugu. Hala ere, ez dugu informazio zehatzik legearen aplikazioak izango dituen eraginez. Adibidez, entzuten da ikasleak euren mailaren arabera banatuko dituztela, egia al da hori? Edo hirugarren mailan egin behar duten ebaluazio horrek zertarako balioko du?".
Akordioa hainbat puntutan
Hezkuntza erreformaren eragina txikiagoa izateko, akordioa sinatu zuten abuztuan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Horrela, euskara eta Eskola Kontseiluak ez omen dute erreformaren eraginik izango. Izan ere, LOMCEren eraginez, kontseiluak kontsultarako organo izatera pasako lirateke eta zuzendaritzek izango lukete ahalmen handiagoa. Hitzarmenaren arabera, baina, Jaurlaritzak arautuko du kontseiluaren eta zuzendaritzaren arteko harremana. Euskara dagokionean ere, Jaurlaritzaren esku egongo da eta Madrilek euskaraz gaztelaniaz baino ordu gehiago ematea onartu du –gurasoek aukera izan behar dute gaztelaniazko ereduak hautatzeko–. Hein batean, ereduen alde egin da Madrildik. "Guretzat euskararen alorrean lortutako akordioa ez da aurrerapausoa; baizik gauden bezala jarraitzea. Guk beti aldarrikatu dugu euskarazko sistema eredu bakarra. Honekin, oraingoz, bide hori itxi egiten da", esan du Zubizarretak. Uribarrenek informazio gehiago eskatzen du: "Esan dezatela zein izango den kontseiluren papera zehazki". Bi puntu horietan akordioa lortu duten arren, Jaurlaritzak ez du kenduko erreformaren aurka Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea, Euskadirena delako hezkuntza eskumena eta LOMCEk ez duelako hori betetzen. Epaitegiko tramiteak luze joko du, ordea.
Bestalde, Heziberri 2020 proiektua lantzen dabil Jaurlaritza, horrek zehaztuko ditu curriculum berriak. Zain dira hainbat; tartean, Zubizarreta bera ere: "Orduan ikusiko dugu Jaurlaritzaren benetako jarrera. Ea bere curriculuma aplikatzen duen, edo burua makurtzen duen. Legez, Madrilgoa ezarri behar du". Ibartzabalek, ordea, hori jo du LOMCEk ekarri duen alderdi positibo bakartzat: "Lege honen ezarpenari aurre egiteko lege propio bat sortzeko bideari ekin izana da alderik positiboena, Heziberri 2020".
Aurten LOMCE "oharkabean" pasako zela esan zuen Hezkuntza Sailburu Cristina Uriartek, ikasturtea hasi zenean. Hurrengoetan ikusi egin behar zer gertatzen den, ordea. LOMCEk proposatzen ditu, besteak beste: LHko seigarren mailan, DBH 4.enean eta batxilergoa amaitzean kurtso amaierako ebaluazioak egitea edo aparteko zailtasunak dituztenak gaztetxotatik bereiztea.
Bat eginda
Argi dute denek LOMCEri bateratuta egin behar ziola aurre. "Lege honen aurka erakundeok, sindikatuak eta herritarrak elkarrekin lan egin behar dugu. Eusko Jaurlaritzak herria aurka duen lege bat dela jakin behar du eta horrela hezkuntza lege propio baterantz urratsak ematen jarraitu. Herriaren indarrean dago gakoa", esan du Ibartzabalek. Bat dator Zubizarreta:"Denok bagaude LOMCEren aurka, bateratuta egin behar dugu". Uribarrenek azpimarratu du hezkuntzaren erreforma egin behar bada, hezkuntza komunitateko agenteekin batera egin beharko litzatekeela. Eta gaineratu: "Hezkuntza erreforma ez da irakasleriaren ardura izan behar soilik, gizarte guztiari eragiten digun zerbait da".
----------
Bergaran, Hezkuntza Mahaia
Hainbat herritan sortu dituzte hezkuntza plataformak LOMCEren aurka. Bergaran, Hezkuntzaren Mahaia eratu zuten. Lau herritarrek, irakasle batek eta Aranzadi Ikastolako, Ipintza Institutuko eta Miguel Altunako ordezkariek osatzen dute. Hala ere, parte hartu nahi duenarendako zabalik dago. Izan ere, beharrezkoa ikusten dute batasuna. Hilean behin elkartzen dira kultura etxean –hurrengoa azaroaren 6an, 19:00etan–. "Argi dago eragile bakoitzak ikuspegi desberdina izango duela aspektu ezberdinen aurrean, baina denok ados baldin bagaude LOMCEri ez, Euskal Herrian gure hezkuntza mezuarekin, batu ditzagun indarrak eta egin dezagun lan", adierazi dute mahaiko kideek. Izan ere, diote gizarte osoan izango duela eragina, ez eskoletan bakarrik: "Gizarte guztiarentzako atzerapausoa ekarriko duen legea da. Eta gizartearen arazoa delako, herria izan behar da honi erantzuna emango diona. Horregatik, Bergarako herriak eta Euskal Herriak ez dutela horrelako lege doktrinatzaile zentralizatzaile, uniformizatzaile, segregatzaile, atzerakoi eta elitista nahi argi eta garbi utzi behar du". Gaia kalera atera behar dela-eta, ostiralero elkarretaratzea egiten dute eta ikasturte honetan hilero zerbait "xumea" egitea pentsatu dute.
----------
Ikasle grebak deitu dituzte urrirako
Euskal Herria Sozialistak eta Ikasle sindikatuak ikasle greba orokorrak deitu dituzte urriaren 21, 22 eta 23rako, LOMCEri ez! Unibertsitatearen, batxilergoaren eta LHren pribatizazioari ez! Kalitatezko hezkuntza publikoa, laikoa, doakoa eta euskalduna! lelopean. Bestalde, dei egin diete LAB, ELA, STEE-EILAS, CCOO, UGT eta EHIGEri urriaren 23an Euskal Herrian hezkuntza komunitate osoaren greba orokorra egitera, "hezkuntza publikoaren aurkako murrizketa basatiak denon artean geratzeko".
----------
Manifestazioak
Protesta agerraldiak egin zituzten joan den zapatuan Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Hezkuntza eredu propio baten alde egin zuten, eta Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformaren aurka. Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki, LOMCEri ez, inposizioei ez lelopean egin zituzten manifestazioak. LOMCEren aurkako plataformak –Hezkuntza Plataformen Topagunea, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, ELA, EILAS eta LAB– egin zuen deialdia. EHIGE guraso elkarteak, Ikastolen Elkarteak eta EH Bilduk ere babestu zuten.