500 bat lagun aritu dira auzolanean Deba ibaia garbitzen

Deba ibaiaren txokorik ezkutuenetatik ere atera dute zaborra Debagoieneko herrietan. Erreka Garbitzeko Egunean, ia 500 debagoiendar aritu dira zapatu goiz osoan lanean. Bergararrak izan dira goiztiarrenak eta 08:30ean ekin diote lanari, baina guztiek ere eguerdirako lanak amaituta zituzten, eta herriko plazetan bildu dituzte ibaitik ateratako hondakinak, herritarrak kontzientziatzeko asmoz.

Hona hemen ateratako zein jasotako argazkiak herriz herri:

»Erreka garbitzen Bergaran

»Erreka garbitzen Oñatin

»Erreka garbitzen Arrasaten

»Erreka garbitzen Aretxabaletan

»Erreka garbitzen Eskoriatzan

Talde txikitan banatu ziren ibaia tartez tarte garbitzeko, baina guztira zenbat hondakin bildu duten jakiteko,  ateratakoa zabortegietara eraman arte itxaron beharko da.

Errekak berak ekarritakoa eta haizeak errekara bultzatutakoa baino, hondakinen gehiengoa herritarrek botatakoa zela aitortu zuten garbiketa lanetan jardun zutenek. Harrituta agertu ziren, jende askok ibaia oraindik "zabortegitzat" daukalako. Izan ere, bazterretako ohiko litxarreria poltsez gain, burdinazko egiturak, trafiko seinaleak, erosketa gurdiak, auto baten kolpe leungailua, patineteak, gurpilak eta beste hainbat bitxikeria topatu zituzten goizean zehar.

Pixkanaka biziberritzen

Ibaian ikusitako guztia ez zen, ordea, zikinkeria izan zapatuan. Besteak beste, Aretxabaletan eta Eskoriatzan bertako espezieko hainbat karramarro ikusi zituzten, eta Bergaran, berriz, aingirak eta ezkailuak. Inguruetako ingurumen arduradunak, beraz, "pozik eta itxaropentsu" daude.

Parte hartzea herriz herri

  • Arrasate: 45 pertsona
  • Oñati: 40
  • Bergara: 350
  • Aretxabaleta: 50
  • Eskoriatza: 15
  • Gatzaga (ez dago parte hartze daturik)

Oñatiko Zero Zaborrekoek eguneko bideoa bidali digute:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.