Sozialistekin lortutako akordioari esker, 16 udal egoitzen kudeaketa bere gain hartuko du Foru Aldundiak

Eneko Azkarate 2014ko urr. 17a, 13:44

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko du Gipuzkoako 16 udal egoitza eta eguneko zentroen kudeaketa, 2018. urtea bukatu baino lehen. Eta Kabia deitzen den erakunde autonomo baten bidez egingo du, modu progresiboan eta udalekin adostu den moduan.

Aurreikusi bezala, prozesua aurten abiatuko da foru administrazioak Azkoitia, Villabona, Lasarte-Oria, Zumaia eta Elgoibarrekin sinatuko dituen bost eskualdatze hitzarmenen sinadurarekin. Debagoienean, Arrasate, Bergara eta Oñatiko eguneko zentro edo zaharren egoitzak hartuko ditu bere gain Kabiak.

Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek azaldu du konpetentzia aldaketa hau posible izango dela "Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde sozialistarekin lortutako akordioari esker". Akordio honen arabera, urte honetarako aurreikusitako bost egoitzez gain, "Diputazioak, pixkanaka, lau urte baino luzeagoa izango ez den epe batean, beste 11 udal egoitzaren kudeaketa bere gain hartzeko konpromisoa" hartu du.

Rodriguezek sozialisten talde batzarkidearen "jarrera eta ardura eskertu" ditu, "prest" egon baitira "udal aldarrikapenei erantzun eta Gizarte Zerbitzuen Legea betetzen duen zerbitzuen kudeaketa publikoko eredura bideratutako eredu aldaketan laguntzeko".

"Enpleguen jarraikortasuna bermatu"

Diputatuak, era berean, berretsi egin du egoitza hauetako langileei zuzendutako lasaitasun mezua: beren "enpleguen jarraikortasuna bermatu" du, bai eta azpimarratu egungo lan baldintzak mantenduko dituela Aldundiak. Era berean, egoitzetan bizi diren pertsona eta hauen senideei esan die orain duten arreta eta zerbitzu bera jasotzen jarraituko dutela.   

EAJ eta PP aurka

Foru Aldundiak eta sozialisten talde batzarkideak lortutako akordioa dela eta, EAJ eta PPk Kabiaren sorreraren kontra aurkeztutako osoko zuzenketak ez dira onartuko hilaren 22an Batzar Nagusietan izango den plenoan. Beraz, erakunde autonomoa sortzeko Foru Arauak bere tramitazio bidea jarraituko du Gizarte Politikako Komisioan eta bertan sartuko dira zuzenketak partzialak, Diputaziorik adierazi dutenez. Hurrengo osoko bilkurak berretsi beharko du Foru Araua ondoren.

Debagoieneko egoera

Arrasate

Eguneko zentroa Aita Mennik kudeatzen du egun, eta Iturbide zaharren egoitza Udalak; azken honek 202.367 euroko defizita eragin zuen 2011n. Diputazioari dagokio bata zein bestea kudeatzea.

Eskoriatza

Aita Menni arduratzen da eguneko zentroaz eta patronatu batek kudeatzen du zaharren egoitza.

Aretxabaleta

GSR zaharren egoitza pribatua da eta eguneko zentrorik ez dago; eskaera egiten dutenak Eskoriatzako eguneko zentrora bideratzen dituzte.

Bergara

Diputazioa arduratzen da eguneko zentroaren kudeaketaz eta Udala zaharren egoitzarenaz (Mizpirualde).

Oñati

Eguneko zentroa Aita Mennik kudeatzen du eta zaharren egoitza (San Martin) errektore batzorde batek.

Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzaga

Antzuolako eta Elgetako eguneko zentroak ez dira besteak modukoak; herri txikiak izatera, erabilera anitzeko herri zentroak dira. Beste zerbitzu batzuekin batera kudeatzen dituzte (babestutako etxebizitzekin batera) eta, horregatik, izaera berezia dute. Tokian tokiko udalek kudeatzen dituzte. Zaharren egoitzarik ez dago.

Leintz Gatzagan ez dago ez dago ez zaharren egoitzarik ez eguneko zentrorik.
Aramaio (Araba):

Eguneko zentroa dago bertan (Lurgorri). Udalarena da eta Kl kooperatibak gestionatzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak