Urteko bigarren hiruhilekoan ere EAEko ekonomiak hobera egin du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko urr. 20a, 08:00

Beste hiruhileko batez (2014ko bigarrena), EAEko ekonomiak goranzko joera mantendu du. Hazkunde erritmoa bizkortu, eta %0,9an kokatu da. Datua Euroguneak izan duen %0,7aren eta Europar Batasunak eskuratu duen %1,2aren artean dago. Hiruhileko arteko tasetan, EAEko ekonomia %0,4 hazi zen, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago, gehikuntza egonkorraren itxura eskainiz.

Industria eta manufaktura

EAEko ekonomiaren susperraldia bi sektore nagusien hazkunde orekatuari esker lortu da. Izan ere, industriak %0,7 areagotu zuen bere balio erantsia aurreko urteko mailaren aldean. Manufakturen jarduerak, aldiz, %0,9ko bizitasuna erakutsi zuen. Industriaren ekoizpenak aurretik iragarri zuen balio erantsiaren hobekuntza hori, aurtengo bigarren hiruhilekoan %1,2 hazi zelako urte arteko tasa. Banaketa produktu motaren arabera egiten bada, toki nabarmenean dago bitarteko ondasunen ekoizpena. Beste muturrean, oraindik nabaria da Fagor kooperatibaren itxiera, kontsumo iraunkorreko ondasunen tasak oso zenbaki negatibotan (%-15,7 uztailean) jarraitzen duelako. Industriaren susperraldi leuna baina etengabea sektoreko enpresen iritzietan ere agerian geratu da, Industria Ministerioak osatzen duen industria giroaren indizean ikus daitekeenez. Adierazle horrek hoberantz egin du etengabe urte hasieratik eta irailean -9,3ko balioa jaso zuen, azken hiru urteko daturik onenetakoa. Bestalde, eskari zorroa oraindik nahiko apala da, baina gero eta baikorragoak dira berari buruzko iritziak. Saldu gabe dauden amaitutako produktuen stock-a oso txikia da eta sektorearen etorkizunaz eman dituzten erantzunek dagoeneko zeinu positibo gehiago jaso dituzte negatiboak baino. Azkenik, ekoizteko ahalmenaren erabilera maila nahiko altua da eta, horren ondorioz, laster ekipamendurako ondasunetan inbertsio berriak egiteko beharra eduki dezakete.

Enpleguaren sorrera

Enpleguaren sorrera ia osorik zerbitzuetan gauzatu zen, nahiz eta lehen sektoreak 100 lanpostu inguru gauzatu zituen. Zerbitzuek %0,9ko urte arteko gorakada izan zuen; hala, dagoeneko hiru hiruhilekotan izan dute emaitza positiboa. Beste muturrean, industria eta eraikuntza daude: berriro langileak galdu zituzten, nahiz eta aurreko hiruhilekoetan baino gutxiago.

Prezioen bilakaera

BPGk balio positiboak berreskuratu zituen bigarren hiruhilekoan, nahiz eta hazkundea oso txikia izan (%0,2). Goranzko joera arin horren oinarrian, kontsumo pribatuaren deflazioa dago. KPIari dagokionez, bigarren hiruhilekoan lehenengoaren antzeko tasak (%0,5 eta %0,4,hurrenez hurren) jaso bazituen ere, ondorengo hilabeteetan beherantz egin zuen nabarmen urte arteko tasak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak