UEMA barruan dauden, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako udalek norbere herrialdeko aldundira eta Eusko Jaurlaritzara gutunak bidali dituzte, udalek goi administrazioekin dituzten harremanak euskaraz izateko. 2013an UEMAk Debagoieneko udalerrien hizkuntzaren inguruko diagnostikoa egin zuen eta Debagoieneko datuak nahiko onak direla adierazi zituzten. Gure bailarako udalek ere goi administrazioarekin harremanak euskaraz nahi dituztela adierazi dute. Hala, Oñati, Bergara, Antzuola eta Elgetako udalek ere gutunak bidali dituzte goi administraziora.
Maren Belastegi UEMAko lehendakariaren esanetan: "Uste dugu administrazioa eredugarria izan behar dela herritarren aurrean". Horregatik, UEMAk Administrazioen arteko harremanak euskaraz izateko hiru helburu ezarri ditu:
- Herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin bermatzea, beti ere herritarren hizkuntz eskubideak errespetatuz.
- Euskara beste administrazioekiko harremanetako hizkuntza izan dadin bermatzea.
- Euskara administrazio barneko lan hizkuntza izan dadin bermatzea.
Bestalde, beste hainbat arlotan ere euskara bultzatzeko kanpaina ezberdinak egiten ari dira; osasunean, Aramaioko ordezko medikua euskalduna ezartzea esaterako. Ogasunean, errenta aitorpena ere diputazioarekin martxan jarri da euskaraz izateko, eta beste hainbat alorretan; merkataritzan, etorkinekin, …ere hainbat ekimen egiten ari dira besteak beste.