Urteko lehen 9 hilabeteak kontuan hartuta, Gipuzkoako zerga bilketak goitik jarraitzen du. Aurreko urtearekiko, %5,2 hazi da iraila bitartean zerga bilketa. Datu horiek kontuan hartuta, zortzigarren hilabetez jarraian, zerga bilketa metatuak aurreko urtekoaren gainetik jarraitzen du.
Alde positiboak eta negatiboak
Aldundiak emandako informazioaren arabera zera nabarmendu daiteke orain arteko zerga bilketan: alde positiboan, PFEZren, AFHZren eta BEZaren sarrerak nabarmen handitu dira eta Rover kasuaren itzulketak amaitu; alde negatiboan, berriz, sozietateen gaineko zergaren itzulketak asko handitu dira.
Aberastasunaren eta fortuna handien zerga
PFEZak gora egin du (%4,4) 37,5 milioi gehiago jasoz. Horretarako lagungarria izan da lan etekinen atxikipenen hazkundea (%1,3) eta aitorpenen kuota diferentzial garbia beste %8,5 igo izana.
Aberastasunaren eta fortuna handien zergak (AFHZ) berriz, iaz baino 16,7 milioi gehiago jaso ditu (%35,8 gehiago).
Datuak
BEZaren bilketa garbia %14,1 hazi da. Orotara, 79,5 milioi euro gehiago bildu dira BEZarekin, sarrerak handitu direlako, itzulketak gutxitu eta besteak beste Rover kasuaren itzulketak amaitu direlako.
Sozietateen zergak aldiz 55,2 milioi gutxiago bildu ditu, aurreko urtean baino %24,8 gutxiago. Garrantzi handia du itzulketak 33,4 milioi handitu izanak. Sozietate Zergaren itzulketak eta berandutze interesen itzulketak nabarmen handitu dira irailean. Honen azalpena Kutxabanki egindako 28,8 milioitako itzulketan egon daiteke Aldundiaren esanetan, Kutxak Repinvesetik jasotako dibidendoen tributazioari buruzko 962/2014 Auzitegi Gorenaren sententziaren exekuzioagatik.
Urteko lehen bederatzi hilabeteak pasa direnean joera sendo batzuk antzeman daitezke. "Zuhurtzia handiz hartu behar dira datuak", Aldundiaren esanetan. "Iraila bitarteko diru bilketa datuak onak dira Gipuzkoan eta urte osorako jarritako helburuak betetzetik gero eta gertuago dago Ogasuna", diote.