Zer kontatzen du dokumentalak?
Dokumentala memoria historikoa berreskuratzeko lanaren inguruan kokatu beha da. Markina eta Elgoibar artean dagoen San Migel gainean hainbat fosa aurkitu izan dira. Kontuan hartu behar da oraindik ere familia askok ez dakitela euren senideak non dauden, eta horiek lurperatzekoa aukerarik ez dute familia askok. Bada, badago jendea, Aranzadi elkartea tarteko, auzitegiko medikuen eta antropologoen laguntzarekin fosa horien bila dabiltzanak. Horrela gorpuak identifikatzeko aukera izango dute. Hori da testuingurua. Bada, San Migelen aurkitutako gudari bat identifikatu egin zuten –Atutxa politikariaren osaba zen Sabin Atutxa Olabarri–, eta hortik etorri da lana egiteko ideia. Gainera, esan behar da kontu hauek argitzeko presa dagoela. Oraindik badaude garai hartan gazteak ziren testigu zuzenak baina nagusiak direnez, presa dezente dago horrelako lanak egiteko.
Erakundeek eskatuta egindako dokumentala da?
Sabino Arana fundazioak eta Bizkaiko Diputazioak eskatuta egindako lana da. Babes aldetik, hainbat Udalen laguntza jaso dugu.
Guda hark izan zuen garrantzia nabarmendu duzue.
Gerra zibilaren hasiera zen, eta Mola jeneralak Euskal Herri guztia hartu gura zuen. Nafarroan erreketeen babesa zuen, eta Gipuzkoan Donostia hartu berri zuen. Helburua Bilboraino heltzea zen. Bizkaian Mola jeneralaren aurka egiteko laguntza eskatu zuten; EAJk batzokietan laguntza eskatu zuen eta gazte askok izena eman zuen gudari moduan Ziardiamendira joateko. Gazte horiek ez zuten inongo formazio militarrik. Bilbon egun gutxi batzutan instrukzio minimo batzuk hartu zuten eta horrela joan ziren San Migelera. Ez zen guda epikoa izan, baina kontua da gazte horiek Ziardiamendi mendiaren tontorrean aurrez aurre eutsi zutela frente militar profesional bat. Hain zuzen, egun horietan, Agirre Lehendakariak gaur egun ezagutzen dugun euskal gobernuaren oinarriak finkatu zituen. Ez da hainbeste guda horretan gertatu zena, baizik eta guda horri esker egin ziren mugimendu politikoak.
Gertatutakoaren testigu zuzena ere baduzue.
Aranzadi elkartearen laguntza dugu deshobiratzeak nola izan ziren azaltzeko, baserritarren testigantza zuzenak ere baditugu: euren etxeetan nola bizi izan zuten gertatutakoa; eta, daukaguna da gudan bertan egon zen testigu bat: Jose Maria Otxoa de Txintxetrun. Zoritxarrez, 2013an hil zen.
Horrelako gertakariak kontatzerakoan ze izaten da zailena?
Karga emozional handia dauka. Hainbat grabazio egin ditugu: tartean, gudari haien senideekin hainbat grabaketa egin ditugu. Senideek, gudariek egin zuten ibilbide bera egin dute. Autobusean sartu genituen Bilbon eta omenaldia eginez San Migeleraino etorri ginen. Hunkigarria izan zen, bai eurentzat eta baita guretzat ere. Gertatutakoa grabatzeko zine talde handi batekin egin dugu lan, 100 laguneko taldea, eta 200 figurante. Elgoibarko, Markinako eta Azpeitiko gazteak izan dira figuranteak. Historialarien laguntza behar izan dugu hori egiteko: armak nondik zetozen, nolako kamioiak erabiltzen ziren, zelako orrietan idazten zuten, nolako ilea zuten… detaile guztiak kontuan hartu behar dira.
Eusko Gudariak abesti ezaguna ere orduan egin zen ezagun.
Eusko gudariak abesti ezagunari batailoi hark eman zion garrantzia. Hitzak aurrez idatzita zeuden (Jose Maria Garate); baina, doinua eta letrak Arana Goiri batailoiak elkartu zituen. Eurena egin zuten abestia; eta, euren artean animoak emateko erabili zuten.
Nolako harrera izan du lanak?
Niretako garrantzitsua zen telebistan eman aurretik Elgoibarren estreinatzea. Hunkigarria izan zen. Konturatzen zara jendearengan zerbait eragin duzula, eta benetan garrantzia duena hori da. Telebistarena da hedatzea. Uste baino askoz ere hobeto funtzionatu du, bai ETB1n eta baita ETB2n ere. Apustua egin eta premi time-n bota zuten; audientziak ikaragarria izan dira, ETBko bataz bestekoaren gainetik. Nik daukadan esperantza da ETBn dokumentalen aldeko apustua egitea.
Ze ibilbide izango du lanak?
Diputazioko jendeak badauka asmoa aretoetan eskaintzeko, ez zine komertzial moduan baina bai zine forumetan edo. Memoria historikoa berreskuratzeko marko horren barruan izango da.
Amaitzeko, zorionak, Lauaxeta saria irabazi duzu lanagatik!
Egubakoitzean deitu zidaten. Euskaraz egindako lanen inguruko sariak dira. Bada, ikus-entzunezko arloan aurten niri eman didate. Aurrerago izango da sari banaketa ekitaldia. Lan talde guztiari emandako saria da.
Gaur egun zertan zabiltza?
Bizkaiko gazteriari buruzko dokumentala egiten gabiltza. K proiektua izena dauka, euskaraz K-k plurala izan nahi du; hainbat ekimen antolatu dira gazteen artean: jaialdiak, bideo lehiaketak, txio lehiaketak… irabazle horietako batzuekin Kaliforniara joan ginen grabatzera. Euskal Komunitate handia dago han, eta gainera hango euskal etxeak 70 urte betetzen zituen. Hortaz, Estatu Batuetako euskal etxe guztiak batzen dituen erakundeak (NABO) antolatuta jai handi egin zuten. Asmoa zen sei gazte hara eramatea eta ezagutzea euskal diasporako jendeak nola bizi duen euskalduntasuna, euskara eta euskal nortasuna. Gainera, aprobetxatu genuen sei gazte horiek Los Angelesera eraman eta bi kulturen talka grabatzeko.