"Zestoako Osinbeltz harrobiko zabortegia ezker abertzalearen kale itsua da, "gobernatzeko modu berria" den inposaketaren bidez asmatutako kale itsua.
Batetik esan beharra dugu berriz ere Diputazioa hondakinen politikan hartzen ari den erabakiak legez kontrakoak direla, Batzar Nagusiei bai dagokie erabaki hauek hartzea. Ezker abertzaleak Batzar Nagusietan gehiengorik ez duenez inposatu egiten ditu bere erabakiak. Erabaki honek bete al ditu beharrezkoak diren tramiteak? (Hondakinen azpiegituren PTSaren aldaketa, alternatiben azterketa, informazio publikoa, helegiteen epeak...). Hondakinen kudeaketaren azken tratamendu bezala zAbortegia aukeratzeak Batzar Nagusietan gehiengoak hartutako erabaki eta kontsentsu guztiak apurtzen ditu.
Bigarrenik, Bilduk Osinbeltz aukeratu du dirudienez daukan kapazitate edo lekuagatik, eta ez ditu ezaugarri geografikoak ez geologikoak kontutan hartu, ingurumenarekiko errespetuzko arrazoirik ez du aztertu beraz.
Hirugarrenik, Osinbeltzen lurperatuko duten zaborra bizigabe edo inertea izango dela diote baina materia organikoa izango du tartean eta honek kutsadura eta usain txarra sortuko ditu, Kataluniako Cerdanyolako modu bereko zabortegian gertatu zen antzera, non zabortegi honen inguruan, kilometro eta erdira sufritu ezinezko kiratsa sumatzen zen.
Laugarrenik, Ezker abertzaleak ez ditu birziklatze eta konpostajea kudeatzeko etxeko lanak egin, honen adibide Bergarako Epelen joan den legealdian konpost planta egiteko lur erosketak egin ziren baina Bildu ez da gai izan 3 urtetan planta hau abian jartzeko, oraindik adjudikazioa ere egin gabe dago eta legealdia bukatzear dago. Ez ditu ezta ere abian jarri Zubietako aurre tratamendu planta eta tratamendu mekaniko biologikoa egiteko azpiegiturak, aurreko legealdian aurrikusiak.
Berriz ere, Bilduk eskuartean dituen epeak erabat irrealak dira eta datorren legealdirako utziko ditu hondakinen kudeaketa negargarriaren ondorioak. Kudeatzeko gaitasun falta eta inprobisazioa dira Bilduren jarreran nagusi.
Erabaki hau "globo sonda" bat besterik ez da eta gainera ez ditu ez bertako legeak betetzen, ez Europako zuzentarauak betetzen, ez da demokratikoa, ez teknikoki bideragarria, ez eta administrazioan bete beharreko pausuak emateko denborarik ere ez du ematen, ez ezer. Bide itsuan sartu gaitu berriz ere ezker abertzaleak hondakinen kudeaketa txarrarekin".