Berezia da Arkaitz Sasiain oñatiarraren –eta bere familiaren– kasua ere. Hamazortzi urte zituela –duela 21 urte–, gurasoek anai-arrebak ekarri zizkioten etxera; familia osatzeko garaia zela iritzita, Arkaitzek eta Mireia Otxandategi bikotekideak gauza bera egitea erabaki zuten, eta lau laguneko familia bilakatu dira orain urte batetik hona, Aitor eta Anderrekin.
Askotarikoak izan daitezkeen arrazoiak tarteko, jatorrizko familiatik bereiziak izan diren adingabeekiko babes neurria da familia harrera, Foru Aldundiaren ardurapekoa. Familia berriarekin bizi izatera pasa arren, jatorrizkoarekin harremana ez dute galtzen umeek –bisita erregimen bat dute–, eta azken helburua da umeak familia biologikora itzul daitezela, horretarako baldintzak bermatuta daudenean, beti ere.
Familia egiturari dagokionez, Aldundiak ez du kondiziorik jartzen umea –edo umeak– etxean hartu ahal izateko; ez dago, adibidez, zertan aurretik etxean beste umerik eduki. Harrera familia izan ahal izateko baldintzak bestelakoak dira: familia osoak egon behar du ados erabakiarekin; adingabea bere ohiturekin, historiarekin, izaerarekin eta jatorrizko familiarekin onartzeko prest egon behar da; adingabekoaren egoeraren aldaketetara egokitzeko malgutasuna behar da; eta, azkenik, prozesu osoan zehar profesionalekin jardutea onartu behar da.
Betetzen batzuetan –edo batzuentzat; egoerak eta esperientziak askotarikoak izaten direla kontuan izanda beti– beste batzuetan –batzuentzat– baino errazago izaten diren baldintzak dira, ondorengo lerroetan adierazita geratuko den modura.
Jon eta Iñigo
Aretxabaletako bikotearentzat, "zoragarria" izaten ari da esperientzia, baina "gogorra ere bai": "Bat-batean bi umerekin; ez da erraza. Hiru hilabeteko umearekin, hasieran, errazagoa izan da, 22 hilabeterekin etorri zenarekin baino. Baina esperientzia oso polita da. Hor egon behar zara, gainean egon behar zara, oso garrantzitsua da; segurantza eman, eta eman, eta eman...".
Erronkaren tamaina ikusita zortzi hilabetez, Iñigo eta Jon, biak egon ziren etxean –orduan itzuli zen Iñigo lanera– umeekin. Iñigok esandakoei gehituz, Jonek dio daukaten maitasun dena ari zaizkiela ematen umeak iritsi zirenetik; baina maitasunarekin nahikoa ez dela ere ohartarazten du: "Kontuan izan behar da egoera ez oso on batetik datozela; motxila famatu hori dakarte, eta zabaldu egin behar da. Utzi egin behar da zabaltzen, eta umeek batzuetan ekartzen dituzte gauza politak eta beste batzuetan ez hain politak. Horretara ere zabalik egon behar da, eta onartu behar dira umeak euren osotasunean. Behar den moduko lotura sor dadin inportantea da hori".
Norbera ezin daitekeela erdizka ibili ere badio Jonek, "nahiz eta harreran badagoen umeak jatorrizko familiara itzultzeko aukera hori": "Baina bizitzan ere gauza denak ez dira betirako, eta horregatik ez gara etxean geratzen. Bihotza zabaldu egin behar da, eta arriskatu egin behar da bizitza honetan, bizitzeko". "Polita da, merezi du"; jendea animatzen du, erabakia "ondo pentsatzekoa" dela ohartarazi arren.
Arkaitz eta Mireia
Ondo pentsatzekoa dela, bai horixe; hori berretsi egiten dute Arkaitz Sasiainek eta Mireia Otxandategik, euren bi esperientzietatik –aurrenekoa Arkaitzek bizi izan zuen hasieratik, gurasoekin–. 2 urte zituen Julenek etxera iritsi zenean –1993an–, eta 3 Sandrak. Arkaitzek ez du ezkutatzen lehen esperientzia hori "oso gogorra" egin zaiela, arrazoi bat baino gehiagogatik; urtebeteko Aitor eta 7 urteko Ander eurekin dituzte orain, hala ere.
Aurreneko esperientziari helduz: zirkunstantziek egin zuten bi umeen egokitzapena ez zedila berdina izan. Bi umeetako batek besteak baino denbora gutxiago egina zuen ama biologikoaren aldamenean. Ondorioz, batentzat bestearentzat baino astunagoa izan zen bizitzaren hastapeneko bizipenen zama.
Denbora pasa ahala, biak jakitun izan arren errealitatea zein zen eta errealitate horren arabera bizi izanda ere, sarri beraien jatorrizko familiara noiz itzuliko begira egon izan dira. Eta horrek eragina izan ei du euren bizitzetan.
Eta bizitakoak eragin du, oro har, harrera familia osoarengan: "Asko mugatzen zaitu zure bizitzeko eran, borroka handia da; eta beti geratzen zaizkizu zalantza asko, ondo egin duzun, non huts egin duzun...". Diputazioaren kontrola ere azpimarratzen du Arkaitzek, sarri onerako dena –psikologoa joaten da etxera bilakaera nolakoa den ikustera, eta animatzen ditu: "Ondo ari zarete..."–; "batzuetan, ordea, harrera familiak haurrarekiko asmo edo nahi batzuk izan ditzake, edo behar batzuk ikusi, eta horiek aurrera ateratzeko departamentu askoren oniritzia behar izaten da”.
Zailtasun bat gehiago; umeek jatorrizko familiarekin izaten dituzten bisitak egin egin behar direla ulertzen dute, adibidez –maiztasun batekin izaten dira, Beroa elkarteak kudeatzen duen Etxegorria egoitzan–, baina eurak "arrankatu ezinda" ari direla dio, eta umeengan "eragin handia" dutela bisitok: aurreratutakoa berriz ere atzera egiten omen dute bisitekin.
Adibideokin guztiokin erakusten dute Arkaitzek eta Mireiak harrera familia bihurtzearena "entrega handia" eskatzen duen gauza dela, nahiz eta jaso ere egiten omen den, nola ez; esker ona, adibidez, batzuetan zuzenean eta besteetan zeharka, eta eurak ere haurrak harreran hartzera zihoazela etxean esan zutenean –Diputazioaren egoitzetan dauden umeek benetan beharra dutelako egin ei dute– gertatutakoaz azaltzen dute: "Gurea ikusi eta gero, berdina egin behar duzue? Ahal dudan heinean, laguntzeko egongo naiz", esan omen zien duela 21 urte harreran etorritako arrebak: "Harrituta utzi gintuen; hunkigarria izan zen", dio Arkaitzek.
Eta euren buruekiko poztasun hori ere badute: ikustea, garai hartan, "oso egoera txarrean" iritsi ziren bi umeri aukera bat eman zietela aurrera egiteko; eta berriz ere ari dira saiatzen.
----------
Beroa elkartea laguntzaile
Harrera prozesuan familia hartzaileei zein adingabeei laguntzea –informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskainiz– da Beroa elkartearen egitekoa, baita difusio eta sentsibilizazio kanpainen bitartez harrera familia berriak anima daitezen ahalegintzea ere. Informaziorako eta formaziorako hitzaldiak antolatzen dituzte, eta baita asteburuko egonaldiak, udalekuak eta aisialdiko ekintzak ere. www.asberoa.com da elkartearen helbidea.
----------
Aldundiaren kanpaina
Gipuzkoako Foru Aldundiak informazio eta sentsibilizazio kanpaina jarri du abian, harrera familiak aurkitzeko. Aldundiak adin txikikoen egoitzetan tutoretzapean dituen 55 haurrek behar dute familia bat, ingurune egonkor bat izan dezaten, bai afektuaren ikuspegitik, bai hezkuntzaren eta zaintzaren ikuspegitik ere. Interesa dutenek edo informazio gehiago nahi dutenek 943-11 25 22 zenbakian, familiaharrera@gipuzkoa.net helbidearen bitartez edo Gizarte Politikako bulegora –Donostian– joanda lor dezakete.
----------
Ander Rodriguez (foru diputatua): "Denbora pasa ahala, gero eta zailagoa da berrelkartzea gertatzea"
Gizarte Politikako burua da Rodriguez.
Zeren arabera asignatzen zaio ume bat familia bati? Familiaren ezaugarriak eta adingabearenak kontuan hartzen dira, parekatze prozesu bat eginez. Horregatik azpimarratzen dugu familia mota guztiak direla beharrezko; bakarrik bizi diren pertsonak eta seme-alabarik ez duten bikoteak ere bai, adibidez.
Nola erabakitzen da familia biologikoarekin itzuli behar ote duen haurrak? Diputazioa da umearen tutorea eta hari dagokio erabakia. Berrelkartzea posible dela erabakitzeko kontuan hartzen dira familia biologikoaren garapena eta umearen egoera. Ez da gauza bera berrelkartze bat proposatzea umearen eta familia biologikoaren arteko aldentzea epe labur batez eman bada edo urteak pasa badira. Zenbat eta denbora luzeagoa pasa, gero eta zailagoa da berrelkartze hori gertatzea.
Guraso biologikoei ere laguntzen diezue? Gehienetan, gurasoak ez dira gai umeen beharrez arduratzeko, arazo pertsonalak dituztelako –osasun arazo kroniko eta larriak, ama edo aitatasun eredu desegokiak, eta abar–. Posible denean, esku-hartze bat proposatzen zaie gurasoei, beren arazoei aurre egiteko. Arazo batzuk ezin dira konpondu, baina aukera ikusten denean beraien egoera hobetzeko, saiatzen gara laguntza ematen.
Izaten al dira familia edo ingurune berrira ondo egokitzen ez diren umeak? Harrera familiak atzera egitea eska dezake? Egoera zailak bizi izan dituzten gaztetxoak dira. Horregatik, adinagatik ohikoak izaten diren beharrez gain, izan dituzten gabezia edo esperientzia txarren ondorio diren beste behar batzuk ere izaten dituzte. Beraz, familia hartzaileek aita-amatasun terapeutiko moduko lana ere egin behar dute, jasan ahal izan duten mina konpontzen saiatuz, Aldundiaren laguntza teknikoarekin. Ez dira asko, baina egoten dira egokitzen ez diren umeak edo familia hartzaileak –azken finean, bi aldeen arteko egokitzapen prozesua da–. Kasu horietan, noski, atzera egin daiteke, familiak eskatuta, umeak eskatuta, edo Diputazioak hala erabakita.