Esmeralda Santana: "Ebolarekin ez kutsatzeko baldintzak baditugu Debagoieneko Ospitalean"

Irati Goitia 2014ko urr. 14a, 12:00

Esmeralda Santana, Debagoieneko Ospitaleko eraikin zaharraren aurrealdean.

Debagoieneko Ospitaleko prebentzio arloan lan egiten du Esmeralda Santanak. Ebolari aurre egiteko jarraibideak eskaintzen dihardu ospitalean azken asteotan lantalde batekin batera. 

Labur azalduta, zer da ebola?

Filobiridae familiako birusa da, Ebolabirus generokoa. Gaixotasunaren hilkortasun tasa %90ekoa izatera irits daiteke. Gaixotasun biriko larri horren sintomak dira, adibidez: bat-bateko sukarra, ahultasun handia, min muskularrak, burukomina eta eztarrikoa, gorakoa, beherakoa, barneko zein kanpoko hemorragiak... Kutsadura gertatzen da gaixotuta dagoen pertsona baten sekrezioekin, gorputz-likidoekin edo hilotzekin  harreman zuzena dagoenean. Sekrezio horiekin harremana izan duten materialak ukitzean ere gertatzen da.

Nola bizi izan duzue Madrilgo ebola kasua?

Osasun-langileek, orokorrean, arduraz jarraitu dute. Izan ere, aurrean dugun osasun arriskua handia da. Mehatxua latentea da. Eta noski, albistegiak ikusita eta Afrikan gertatzen ari dena jakinda, ardura maila garrantzitsua da.

Benetan badago ardurarako arrazoirik?

Osasun-langile bat kutsatu izanak sortu du ardura. Horrek ziurgabetasun sentsazioa sortu du ospitaleko langileengan. Haiei ere gerta dakiekeela pentsatzen dute. Kontuan izan behar da oso gaixotasun latza dela eta oraindik ez dela sendagairik aurkitu.

Debagoieneko ospitalean baduzue ebolaren aurkako protokolorik?

Bai, protokolo bat prestatu dugu, gure zentrora egokitua. Osasun Ministeriotik eta Osakidetzako zuzendaritza orokorretik jaso dugu informazioa. Jasotako jarraibide nagusiak klinikoak eta epidemiologikoak dira. Zehazten dira kasuren bat izanez gero aurrera eraman beharko genituzkeen urratsak. Nola egin beharko litzatekeen ebola duen gaixo baten isolamendua eta nola egingo den bere lekualdatzea erreferentziazko ospitale batera. Hein batean, gaixotasunaren transmisioa saihesteko, aurrera eraman beharreko jokabideak dira. Esaterako, babeserako ekipamenduaren erabilera edo isolatutako gunearen desinfekzioa. Kasuistika guztiak aztertzen gabiltza.

Zein urrats ditu ebolari aurre egiteko protokolo horrek?

Nagusia da kasuak detektatzea irizpide klinikoak eta epidemiologikoak oinarri hartuta.  Adibidez, irizpide klinikoa izango litzateke bat-bateko sukarra izatea. Epidemiologikoa, berriz, bidaiatu duen norbait izatea edo bidaiatu duen norbaitekin kontaktua izana. Bi irizpideak izan behar dira kontuan. Izan ere, sukarrarekin bakarrik ezin da ebola duela zehaztu.

Eta ebola duela identifikatu ondoren, zeintzuk izango lirateke hurrengo urratsak?

Norbaitek gaixotasuna duen susmoa izango bagenu, isolatu egingo genuke, ospitalez aldatu arte. Izan ere, hemen, lehen fase horretan artatuko genuke, baina ondoren, erreferentziazko ospitale batera eraman beharko litzateke. Euskal Herrian horrelako bi zentro ditugu: Donostiako Ospitalea eta Basurtukoa. Lekualdatze hori anbulantzia berezi baten egin beharko litzateke. Isolamendu  bereziarekin, eta anbulantzia eramango luketen pertsonek buzo berezi bat jantzita.

Hemen egingo litzatekeen lehen arreta horretarako protokoloaz gain, jaso dute nolabaiteko prestakuntzarik ospitaleko langileek?

Bai, horretan gabiltza. Formazioa egiten gabiltza langile talde zehatzekin. Batez ere, kanpotik zuzenean datozen gaixoak artatzen dituztenekin, adibidez, urgentziako erizainekin. Edo garbikuntza arloko langileekin; izan ere, haiek osatzen dute babes txikien izan dezaketen taldea, haiek desinfektatu behar dituzte-eta isolatutako guneak. Horretaz gain, lehen mailako langileei ere eman zaie prestakuntza.

Ze motatako prestakuntza izan da?

Osasun laboralaren aldetik eta prebentzioaren ikuspegitik landu da gaia. Osasun laboralak kontuan du langileen babesa eta guk, prebentziotik, epidemiologia ikuspegitik jorratzen dugu. Azken batean, babeserako neurri eraginkorrak izatea da helburua.

Madrilen osasun arloko hainbat langile irten ziren protestan, esanez, jaso zuten prestakuntza 30 minutukoa izan zela eta ez zela egokia izan. Hemen nola egin da?

Jarraipen bat duen prestakuntza da. Idatzizko protokoloaz gain, zerbitzuetara joaten gara eta praktikak egiten ditugu. Buzoa nola jantzi eta kendu. Bigarrena da garrantzitsuena, hori da-eta gaixo bat artatu osteko unerik kritikoena. Praktika horiez gain, langileei azaltzen zaizkie hartu beharreko higiene neurriak eta gaixotasunaren kontrolak nolakoa izan behar duen. Hau da, nola saihestu daitekeen kutsatzea. Jarraipena izan behar duen lana da hori. Oraindik ez dugu bukatu. Orain dela bi aste hasi ginen ospitaleko garbikuntza taldearekin. Horren ondoren, lehen mailako harretako langileekin aritu ginen. Eta, hain zuzen ere, inguruan dauden lehen mailako arretako zentro guztietara joan ginen. Eta aurreko astean, ospitalean jarraitu genuen, ebolarekin kutsatutakoak arta ditzaketen arloetan. 

Bestalde, herritarrengan nabaritu duzue izurik?

Ez bereziki. Nik uste dut izua handiago dela osasun arloko langileengan. Izan ere, haiek dira arriskuaren aurrean lehen lerroan egongo liratekeenak. Hala ere, kontuan izan behar da epidemia izan den herrialdeek duten osasun sistema gurea baino atzeratuagoa dela, urritasun asko dituzte eta hornikuntza gutxi. Eta gaixotasun honek kontrol eta higiene neurri zorrotzak eskatzen ditu. Nik uste dut hemen neurri egokiak hartuz gero, ez dela herrialde horietan izan den broterik gertatuko. Gaixotasuna asko zabaltzen da bizi zaren  tokiaren arabera. Nik uste dut hemen asko gutxituko litzatekeela arriskua, isolamendurako neurri egokiak hartuz gero, eskuen higienea mantentzen badugu eta arnas higienea zainduta. 

Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoa edo Osakidetza ebolari aurre egiteko prest dagoela esango zenuke?

Bai. Gaur egun, kutsadura bat saihesteko baldintzak ditugula esango nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak