Unai Erroitzenea: "Zerbitzu berriak jartzeak 7 milioi euroko inbertsio gehigarria suposatzen du"

Ubane Madera 2014ko urr. 13a, 08:31

Unai Erroitzenea, Diputazioko Mugikortasun zuzendaria.

Gipuzkoako autobus zerbitzu publikoa hobetzeko Aldundia lantzen dabilen prozesua hirugarren fasean sartu da. Bestela esanda, atzera ere Gipuzkoako eskualde guztietatik pasatuko dira aldundiko ordezkariak, oraingo honetan, garraio publikoan egingo dituzte aldaketen berri ematera. Debagoienari dagokionez, eguaztenean, urriaren 15ean da hitzordua, Arrasateko Kulturaten, 18:00etan.

Esan genezake bada datorren urtean garraio zerbitzu hobea izango dugula?
Bai, zerbitzuak areagotu, indartu egiten dira. Herri nagusienen kasuan lotura zuzeneko zerbitzuak ugaritzen dira eta herri txikienen kasuan, Leintz Gatzagan kasu, eskaripeko zerbitzuak ezartzen dira, eraginkortasunean irabaziz eta zerbitzu kopurua gehitzea ahalbidetuz. Era honetan eskualde barneko loturak oraingoak baino hobeak izatea lortuko dugu. Une honetan proiektua lizitazio fasean dago, eta 2015eko urtarrila-otsaila aldera indarrean jartzeko moduan egongo ginateke.
Hau guztiau gauzatzeko inbertsioaren bat beharko da, ala?
Emakida berriak gauzatzeak 7 milioi eurotako inbertsio gehigarria suposatzen du. Aldundiak egiten duena apustu indartsua da. %36 handiagoa da dirutan.
Gure eskualdean bereziki ospitale eta unibertsitate guneak hartu dituzuela aintzat diozue…
Bai, eguneroko mugikortasunaren arrazoi nagusienetakoak dira biak, eta horiek indartu egingo dira.
Eskualdeen arteko lotura indartu egingo dela ere badiozue…
Mugikortasun ohituretan joan-etorrien %85 eskualde barruan ematen da eta %15 eskualde artean. Saiatu gara, batetik, Debagoiena barreneko zerbitzuak hobetzen. Eta bestetik, Urola Gariarekin, Debabarrenarekin edo Urola Kostarekin zerbitzuak areagotzen. Adibidez, Urola Garaiarekin orduerdiroko zerbitzuak bi norabidetan, Urola Kostarekin, Donostiarako joan-etorrietan aukera ematen da Zarautzen geratzeko, eta horren bitartez, Urola Kostarekin konexioa bermatzeko. Eta Debagoiena Bilborekin lotzeko lotura azkarra jarriko da, autopista bidezkoa.
Eta Debabarrenarekin?
Eibarrekin loturak areagotuko  dira (Oñatitik, besteak beste), eta udan Debarekin ere bai.
Hirugarren fasera iritsita, bidean jaso dituzuen datuak esanguratsuak dira.
Lehenengo fasean ekarpenak jasotzen hasi ginen, 3.300 inguru. Ekarpen horietatik abiatuta, aurre-proiektua landu genuen. Eta horrekin, bigarren fasean joan ginen 56 herritara, aurre-proiektua azaltzera eta ekarpen berririk balego, horiek jasotzera. Beste 2.000 inguru jaso genituen. Hortik abiatuta, proiektu definitiboak landu ditugu eta hirugarren fasean, herritarren ekarpenak nola jaso diren erakutsiko dugu, eta jakinaraziko dugu martxan jarriko diren proiektuen nondik norakoak zeintzuk diren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak