Arrasate-Oñati lasterketa zapatuan

Imanol Beloki 2014ko urr. 10a, 10:17

Iazko lasterketan parte hartzaile batzuk lasterketa hasi berri.

Zapatu honetan izango da Antxintxiketan Kirol Elkarteak eta Arrasateko Atletismo Taldeak prestatutako Arrasate Oñati bitarteko XXXI. lasterketa. Arrasateko Portaloitik hasiko dira eta Oñatiko Foruen enparantzan amaituko da lasterketa. 17:00etan hasiko da eta parte hartzaileak 15:30ean txipak hartzera hurbildu beharko dira irteera puntura.

11,8 kilometroko bidea izango du ibilbideak eta lasterketa amaitzeko ordu eta erdiko denbora emango da. Korrikalariez gain, patinatzaileek ere hartuko dute parte eta azken horiek lasterketa hasi baino bost minutu lehenago irtengo dira.

Izen emateko azken eguna gaur da, eta www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena 22:00ak arte. Ordaindu beharrekoa, berriz, 10-12 euro bitartekoa izango da: alokairuzko txipa dutenek 12 euro eta txip horia dutenek 10 euro. Txipak Arrasaten jaso ahal izango dituzte parte-hartzaileek, lasterketa hasi aurretik 15:30ean. Asier Osinaga lasterketaren antolakuntzakoaren esanetan "550 dortsaletik 200 inguru salduta zeuden asteartean.Jendeak beste urte batzuetan baino lehenago eman du izena".

Bidegorritik

Trafiko arazoak saihesteko, aurten ere bidegorria erabiliko da. Lasterketan parte hartzen dutenek bidegorriko eskumako errailetik egin beharko dute eta egun horretan bidegorria erabiltzen dutenei kontuz ibiltzeko eskaera egin diete antolatzaileek, parte-hartzaileen eta bidegorriaren erabiltzaileen segurtasunerako.

Gaueko Tafyd Krosa Arrasaten

Urriaren 17an VI. Gaueko Tafyd Krosa izango da Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako Tafyd heziketa ziklokoen eskutik. Aurten 5,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek.
Arrasateko kaleetan zehar bi bira eman beharko dute, antolatzaileek markatutako zirkuituan. Aurreko edizioetan bezala, hasiera eta amaiera Ferixalekuan izango da, eta hasiera ordua 20:00etan izango da. Besteak beste, kirola sustatzeko helburuarekin jarri zen abian ekimen hau eta hala jarraitzeko asmoarekin ere dator aurtengoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak