Virginia Imaz: "Umeendako eskaintza eta parekidetasuna landu nahi ditugu bereziki"

Virginia Imaz

Elgetako Espaloia kafe antzokiko kultura kudeatzaile berriak bere aurreikuspenen eta asmoen berri eman du.

Ezaguna da Virginia Imaz urteak egin ditu-eta Oihulari Klown taldean. Orain, Espaloia kafe antzokiko kultura programazioaren arduraduna da. Aste bukaeran inauguratu zuten etapa berria.

Zelan hasten duzue abentura berri hau Elgetan?
Gogo eta ilusio handiarekin. Gure moduko antzerki konpainia batendako hau amets bat da. Espazio bat dugu eta espazio horretan programatzeko aukera dugu. Sinesten dugu kulturaren garrantzian, eta maite ditugun obrak eta sorkuntza lanak ekarri eta publikoari eskaintzeko aukera izango dugu.

Ardura apur bat ere izango da kontuan hartuta Espaloia kafe antzokiak urteotan izan duen kultura ibilbidea.
Bada ardura, bai. Aurretik egon direnak oso ondo egin dute. Espazioa oso ederra da, publikoa eginda dago... Nolabait horri jarraipena ematea da asmoa. Ni neu ere etorri izan naiz ikusle moduan. Horregatik ohore bat ere bada hemen egotea.

Programazio aldetik, zein asmo duzue?
Aurrekoen apustua euskara eta umorea izan dira, gehienbat.  Oso ondo funtzionatu dute bakarrizketek, magiak, dantza saioek... eta ildo beretik jarraitu nahi dugu. Baina ireki nahi ditugu beste bide batzuk ere. Alde batetik, umeendako edo familiendako eskaintzan apustu berezia egin nahi dugu —ipuin kontalariak, antzenlanak, jolasak...— Eta bestetik, emakumearen presentzia areagotu nahiko genuke. Nahiz eta emakume artista oso onak izan programazio gehienetan gizonezkoak dira nagusi. Nik neuk ere bizi izan dut egoera hori, eta kultura programazioan parekidetasuna zaindu nahi dut. Hortik aurrera bultzatu nahi ditugu kabareta, helduendako kontalari saioak... Eta esan irekiak gaudela. Herriko zenbait eragilerekin elkartu gara, eta jaso ditugu proposamen batzuk. Gure esku dagoena egingo dugu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.