Gorla, 40 urtez igotzaile onenen testigu

Xabier Urtzelai 2014ko urr. 10a, 06:00
1988ko lasterketako une bat; Luis Irizar izan zen azkarrena urte hartan. Argazkiak: Lokatza, Berrigara, Goienkaria, Goiena.

Gure bailaran badira Gorlako Igoera baino lasterketa zaharragoak, asko, gainera. Baina Gorla berezia izan da beti, eta izar bilakatu diren txirrindulari askok jaso dituzte bertako helmugan besoak. Alberto Contador (2001), Joaquim Purito Rodriguez (2000) edota Beñat Intxausti (2006) moduko ziklistak ezagutuko dituzte gazteenek. Beteranoagoek ondo gogoan izango dituzte Julian Gorospe (1981), Peio Ruiz Cabestany (1982) edota Santi Blanco (1994). Bada, guztiek dute komunean zerbait, Gorlan azkarrenak izandakoak direla. Hala, Lokatza Ziklismo Eskola urte hauetako guztietako txapeldunak batzeko lanean dabil, azaroaren 1ean denak omentzeko. Gainera, erretratu zaharrekin erakusketa jarriko dute.

Lokatza taldeko presidentea da Jon Unamuno, eta hark onartuta, Contadorri zor diote saltsa-maltsa hau antolatu izana: "Aurten egin dituen adierazpen batzuetatik sortu zen hau guztia antolatzeko asmoa. Euskal Herriko Itzulia irabazi berritan kazetariak galdetu zion ea irabazi dituen hiru Itzulietatik zein izan den bereziena, eta haren erantzuna izan zen, Itzuliak baino, Gorla irabazi izanak eman ziola benetan poztasuna. Gure artean komentatu genuen kontua, gauza berezi bat dugula eskuartean, eta urteurrena dela aprobetxatuta, erakusketa eta bazkaria egiteko erabakia hartu genuen.

Cabestanyk 1982an irabazi zuen; Argazkian Loroño kazetariaz, Euskal Bizikletan; ondoan Contador (2001), errekorra egin zuen urtean (20:30).

Erakusketa eta bazkaria

Hala, Bergarako hainbat ziklismo zale batera eta bestera ibili da Gorlako Igoeraren gaineko informazioa batzen, eta batu dituzten erretratu zaharrekin eta orduko kirol kronikekin osatuko duten erakusketa hilabetez egongo da zabalik, urriaren 20tik azaroaren 20ra arte, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Carlos Sastrek 1997an irabazi zuen Gorlako Igoera.

Egun handia, baina, azaroaren 1ekoa izango da, Lokatzakoen asmoa delako 40 urte hauetan Gorlan azkarrenak izan direnak batzea, omentzea (12:30ean San Martin plazan), eta elkarrekin bazkaltzea: "Hasiera batean asmoa zen elkarte batean egitea. Baina, jende asko etorri zaigu esanaz eurek ere bazkari horretan egon nahi dutela, eta azkenean bazkari popular bat egitea erabaki dugu. Bergarako pilotalekuan izango da, 300 lagunendako tokia egongo da, eta tiketak dagoeneko Kortazar, Depor, Irish Pub era Sirimirin daude salgai". Bazkal ondoren berbaldia egingo dute pilotalekuan bertan (19:30).

Ezkerretik hasita, Claus Moller (1995), Juanma Garate (1998), eta Julian Gorospe (1981) irabazleak.

Gonbidapenekin lanean

Lokatzako lagunak 40 urte hauetako irabazleak batzeko lanean dabil, jakinda, batzuengana iristea oso zaila dela: "Jendeak oso pozik hartu du gure deia. Pentsa, Claus Moller Danimarkatik etortzeko asmotan dabil, eta esan digunez bidaia aprobetxatuko luke garai bateko lagunak bisitatzeko, ea animatzen den. Bestalde, Cabestany, Gorospe, Santi Blanco, Mikel Landa (Astana), Omar Fraile (Caja Rural), Arnau Sole (Caja Rural)... dagoeneko konfirmazio asko jaso ditugu, eta ederra izango da ziklista horiek guztiak gurean batzea. Beste batzuek esan digute egun horretan ezin dutela gurean egon, besteak beste, Juanma Garate eta Jorge Azantza Valentzian izango dira zuzendari izateko titulua ateratzeko ikastaro batean.

Hainbat komunikabidetako materiala batu dute Lokatzakoek, eta Bilboko eta Donostiako hemeroteketan ere egon dira materiala batzen.

Dezepzioren bat ere hartu dute...

Hala ere, Unamunok aitortu digu guztien erantzuna ez dela uste bezain ona izan: "Bagenekien Contadorrengana iristea zaila izango zela, baina ahalegina egin gura genuen. Hala, Vueltan etapa Aralarko santutegian amaitu zenean etapa ikustera joan ginen, eta ondoren, ziklistak zeuden hoteletara joan ginen, Iruñeara. Han Andrey Amadorrekin egon ginen, eta baita Purito Rodriguezekin ere. Harekin lehenagotik ere banuen harremana, eta etortzeko ahalegina egingo duela esan zidan, baina berez egun horietan Katalunian beste konpromiso batzuk dituela, eta erantzungo digula.

 Omar Fraile (2011) eta Santiago Ramirez (2012) Asteleheneko Goiena Paperean portada izan ziren.

Azkenik Contadorrengana iristen ahalegindu ginen, badakigulako Gorlako Igoera berezia dela harendako –bere txakurrak Gorla izena du. Hainbat kontaktu genituen Contadorrengana iristeko, besteak beste, Festinako ziklista izan zen Felix Carciaren bitartez (Egun Contador fundazioan dabil). Bada, hotelaren sarreran zain egon ginen hainbat orduz, baina ez zituen gugana etortzeko bost minutu hartu nahi izan, ez zen logelatik jaitsi. Bada, apur bat dezepzionatuta itzuli ginen, garbi zegoen Contador Bergarara ekartzea zaila izango zela, baina... Zuzenean eman nahi genion gonbidapena".  

Martxoan izaterakoan, hainbatetan Gorla zurituta zegoela egin dute lasterketa. Eta, ibilbidea ere moztu izan dute, Elosurako jaitsiera arriskutsu zegoelako. Argazkian, Azanza eta Alberto Fernandez de la Puebla.

40 urte, eta hainbat aldaketa

Bergarako Txirrindulariak taldea hasi zen Gorlako Igoera antolatzen, eta urte horietan guztietan lagun askoren lanaz egin zuten aurrera: "Eta hor bidezkoa da Gurutz Arrietak egindako lana goraipatzea". Orduko lasterketak zerikusi gutxi zuen egun ezagutzen dugunarekin, igoera bateko lasterketa motza zelako proba. Hasi San Martin plazan, eta Gorlaraino. "Lokatzak lasterketa antolatzeko ardura hartu zuenean, baina, ibilbidea aldatzea erabaki zen. Izan ere, azken urtetan behera etorrita zegoen parte-hartzea, espezialistendako bakarrik zelako".

Beñat Intsausti 2006an. 

Hala, ordutik hona Gorla birritan igotzen dute ziklistek, Deskargatik itzulia egin ostean. Eta urte haietan –25 urtez– amateurren lasterketarekin batera beteranoendako ere lasterketa antolatzen zen (Bergarako Koldo Lamikizek zortzi ediziotan irabazi zuen), baina proba hura ere desagertu egin zen gero. Egun lasterketa osasuntsu dago (180 ziklista batu ziren irteera puntuan) eta Arnau Soler izan da azken irabazlea. Hori bai, geroago eta gaitzagoa da honako esaldi hau betetzea: "Gorla irabazlen duena profesional bilakatzen da". Eta ez ziklisten mailak behera egin duelako, talde falta dagoenako, baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak