Zapatuan ospatuko da Derion Topa Eguna. Hirugarrena izango da Azkoitikoaren eta Soraluzekoaren ostean. Ze espero duzue?
Herriz herri antolatuta daukagun euskaltzaleon mugimendua elkartzea, guztiok ere elkarrekin topo eta topa egitea, eta hizkuntza eta mugimendua aterpe, ospakizun egun polita pasatzea.
Esperientzien trukegunea izango da aurtengo Topa Eguneko ekitaldi mamitsuenetako bat. Zer da eta ze helburu dauka?
Hainbat herritan elkarteek askotariko programa eta proiektuak garatzen dituzte euskaraz bizitzeko urratsak egite aldera. Helburua da proiektu horiek erakustea, gainerako elkarteek ere bertatik bertara ezagut ditzaten, eta guztion arteko esperientziatik ikastea.
Eta beste bat da Berbak erein deitu duzuen hori. Hemendik 15 urtera euskararen egoera zein izango den irudikatzen saiatuko zarete horren bidez. Zuk zeuk zela amesten duzu euskara 15 urte barru?
Nire ametsetako euskararen egoera da egunero hizkuntzaz arduratuko beharko ez dudana, egunero hizkuntzaren hautua behartuta egin beharko ez dudana.
15 urtera begira euskara zela amestuko lukeen galdetu diozue jendeari. Erantzunak, ametsak, proposamenak… jaso dituzue?
Erantzunak jasotzen gabiltza, baina konpromisoa hartu dugu ez irakurtzekoa, 15 urte barrura arte lurpetik ez ateratzekoa. 15 urte barru Derion egingo da berriro Topa Eguna eta orduan ikusiko dugu ea 2014an idatzitako ametsak betetzeko gai izan garen eta zein neurritan. Oraindik ez dakigu bakoitzaren ametsak zeintzuk diren. Baina euskaltzaleoi amets egiteko dei egin diegu, horrelako helbururik gabeko mugimendurik ez baitago, eta guk, behintzat, euskaltzaleen mugimendu moduan, badaukagu jomuga bat: Gaur baino gizarte euskaldunagoa eta euskaltzaleagoa, non euskara hizkuntza zentrala izango den gero eta bizitzaren esparru gehiagotan. Ametsak amets, helburuak helburu, orain horiexek errealitate bihurtzeko indarrak bildu eta lanean segitzea da gure iparra.
1997an sortu zen Euskaltzaleen Topagunea. Gaur egun indartsuagoa da orduan baino?
17 urte ditu Topaguneak, eta osatzen duten elkarte bazkideak 30 urtetik honantz sortutakoak dira. Garai hartako euskaltzale batzuen bultzadaz eta ekimenez, oso buru argiz, erabaki zen elkarte horiek batzeko bilgune bat, topagune bat egin behar zela, guztien artean saretzeko eta hobeto eragin ahal izateko. Urte hauetan, Topagunea, bere bazkide guztiek dituzten nortasunez gain baina horiei lotuta, nortasun propioa irabazten joan da, elkarteei zerbitzua hobeto ematen die, elkarteak saretu egin ditu, eta gutxika-gutxika ekimen eta proiektu indartsuagoei ekiten ari zaie.
Helburu garbiagoak, zehatzagoak, ditu gaur egun?
Duda barik, ez dugu alferrik egin 17 urteotako lana.
Ze helburu?
Barrura begira, elkarteak elkarren artean saretzea, indartzea eta sustatzea du helburu, euskaltzaleak gure artean kohesiona gaitezen, eta euskal hiztunak aktiba daitezen. Kanpora begira, euskaltzaleon ahotsa entzunaraztea, gizartean eragitea eta euskaraz bizitzeko hautua ahalbideratzen duen ekimen eta aukera guztien alde lan egitea.
30 urtetik gora daramatza lanean AEDk (Arrasate Euskaldun Dezagun) eta hura bezala beste euskara elkarte batzuek ere badihardute; Eibarko… Eta Kitto! edo Bergarako Jardunek, esaterako. Gaur egun ere sorrerako helburuei eta funtzioei eusten diete euskara elkarteek?
Gizartea aldatu da, euskararen eta euskal komunitatearen errealitatea ere ezberdina da, eta, beraz, elkarteak ere ez dira berdinak. Funtsean jarraitzen dute izaeraren oinarriari eutsiz: euskaltzaleen topagune modura sortu ziren aipatutako elkarteak eta euskaltzale konprometituen bilgune izaten jarraitzen dute (era berean, euskaltzale guztiei zabalik dauden elkarte irekiak dira).
Baina jardueran eta funtzionamenduan asko aldatu direla esan liteke. Lehen euskara elkarteak sortu zirenean dena zegoen egiteko, asko zegoen sortzeko eta sortu eta eraikitzeari energia asko eskaini zaizkio 30 urteotan (aisialdiko eskaintza, toki komunikabideak, enpresen planak, euskarazko kultura dinamikak, euskara ikasteko azpiegiturak, euskaldunontzako espazioak...); gaur egun, asko dago sortzeko oraindik, baina beste behar asko ere badaude eta euskaltzaleen topaguneei gehiago tokatzen zaigu eragile izatea, gizarte euskalduna irudikatzen laguntzea, motibazioa lantzea eta beste hainbat.
Debagoienean, 2000. urtean baino euskara elkarte gutxiago daude gaur egun; Oñatiko Laixan eta Antzuolako Idolaz, esaterako, desagertu egin dira. Mugimendua ahulagoa da gaur egun?
Ezin da Euskal Herri osoan irakurketa bakarra egin. Gizarte mugimenduen bizitzak zikloak izaten ditu, eta, euskara elkarteen kasuan, ziklo horiek ezberdinak izan dira lurralde ezberdinetan. Eskualde batzuetan elkarteak desagertu diren bitartean, beste batzuetan sortzen ari dira. Egia da boluntariotza eta parte-hartzea ez dela duela 20-30 urte modukoa, baina gizarte mugimendua egon badago, ekintza ilusionagarri eta helburu partekatuen bueltan jendea biltzen da, eta, beraz, gure erronka da euskaltzaleona mugimendu ilusionagarri, eraikitzaile, eragile eta parte-hartzailea izatea. Adibide bat: mintzalagunetan 6.000 lagun dabiltza Euskal Herrian; ezin da mintzalaguna ulertu lan boluntario, militantzia eta ahaleginik gabe. Ez da erronka erraza, baina badakigu euskaltzale asko dagoela Euskal Herri euskaldunago bat egiteko bere ekarpena egiteko prest, eta horiek erakartzen asmatu behar dugu.
2010ean hasitako prozesuari amaiera emanez, 2012an aurkeztu zenituzten euskaldunon elkarteen mugimenduaren hurrengo hamarkadetarako gida-lerroak markatzen dituzten proposamenak. Bide-orria betetzen ari zarete?
Bagabiltza apurka-apurka. Mugimenduago eta eragileago izateko apustua egin genuen 2012an eta azken bi urteetan urratsak egiten ari gara bide horretan. Oso mugimendu zabala eta anitza da gurea: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ongi errotua, oso tamaina eta mota ezberdineko elkarteek osatuta, tokikotasunak pisu handia duena... ezaugarri horiei eutsiz anbizio handiko erronkak jarri genizkion gure buruari eta ari gara urratsak egiten: Ipar Euskal Herriko euskaltzaleekin mugimendua zabalduz, sentsibilizazio arloan egitasmo berriak martxan jarriz, hizkuntza politikan eragiteko lana eginez... Asko dago egiteko oraindik, baina bide onean goaz.
Zein da gaur egungo Topagunearen eta euskara elkarteen funtzio nagusia?
Gizarte mugimendu garenez, gure funtzioa da gizartean eragitea, eskura dauzkagun eta erabil ditzakegun baliabide guztiak tarteko, gizartean pisu bat izatea, entzun gaitzaten, kontuan izan gaitzaten, kasu egin diezaguten, herritarrok euskaraz gero eta toki eta funtzio gehiagotan bizi ahal izateko.
Erronka nagusia?
Ilusionatutako jendez eta euskaltzale aktiboz osatutako mugimendu indartsua taxutzea, gizartean behar bezala eragiteko, orain partekatzen dihardugun eta lurrean ereiten dihardugun amets horiek gertura daitezen.
Eta arazoa?
Arazoak baino, gehiago esango nuke zailtasunak. Zailtasunak dira batzuetan zenbait herritako elkarteek dituzten egunerokoak, zailtasunak aurrera egiteko; zailtasuna da batzuetan mugimenduari eutsi ahal izateko eta bultzatzeko baliabideen urritasunak; zailtasuna batzuetan euskara alderdikeriatan nahastea adostasun minimo bat gabe.
Baina badihardugu lanean horiei zailtasun guztiei aurre egiteko. Badugu jendea ilusionatuta, badugu partekatzen dugun zerbait, helburu bat, eta indar eta ahalmen nahikoa sinesten dugun horren alde egiteko.
Zapatuko eguna ospakizun eguna izango da, eta baita ere arnasa hartu, eta aurrera inpultsoa hartzeko egun ederra. Euskaltzale guztiak gurekin topa egitera gonbidatzen ditugu.