Nagusiek parte hartuz, herri lagunkoiak sortu

Julen Iriondo 2014ko urr. 6a, 12:00
Arrasateko Olarte kalea; lehen planoan, bikote heldua umea eramaten.

Inguru fisikoa eta soziala aztertu eta egin beharreko moldaketak proposatuz, "adinekoek eta, oro har, herritarrek Euskadiko udalerriak hobetzen parte har dezatela bultzatzea", "zahartu ahala nork bere bizimodua izaten jarraitu ahal izateko –ahal bezain modu aktiboenean eta autonomoenean"; horixe da Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzu Sailak, Matia Institutuaren laguntzarekin abian jarritako Euskadi lagunkoia ekimenaren helburua.

Jatorriz, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) bultzatutako egitasmoa da –Age-friendly environments programme–, eta bateko eta besteko 250 dira dagoeneko Hiri eta Komunitate Lagunkoien Munduko Sarera batutakoak. Jaurlaritzaren nahia da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriek ere lagunkoi izenda dezatela euren burua –izendapen horrek berekin dakartzan betekizun guztiekin–, eta prozesu guztia pertsona nagusien parte-hartzearekin egin nahi –behar; ezinbestez– denez, erretiratuen elkarteak ere inplikatu dira zeregin honetan. 

Honela, Gipuzkoan, herrialdeko Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak hartu zuen jaurlaritzako planaren garapenean jarduteko ardura; eta Debagoienak protagonismo berezia du honetan guztian. Izan ere, Debagoiena da lanketa hau egiteko Gipuzkoako jubilatuen elkarteak, hasera baten, aukeratu dituen hiru eskualdeetako bat, Debabarrenarekin eta Goierrirekin batera; abantaila batekin, gainera: Aretxabaletako Basotxo elkarteak egina duela –bere aldetik eta Jaurlaritzak asmoa martxan jarri aurretik– herriaren azterketa, nagusiekiko zenbateraino den lagunkoi ikusteko eta hobetu beharrekoak adieraziz.

Zahartze aktiboa 

Euskadi lagunkoia egitasmoa "zahartze aktiboaren paradigmaren pean garatzen da", Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzu Sailetik diotenez: "Adinekoekin lagunkoia den inguruneak egiturak eta zerbitzuak berrantolatzen ditu, banakoen behar eta ahalmen ezberdinetara egoki daitezen, eta, hala, haien partaidetza sustatzen du", diote lagunkoitasunari buruz ari direla.

Herri lagunkoi izendapenari dagokionez, "ingurune integratzailea eta irisgarria da, pertsonen arteko bizikidetza eta adinekoen zahartze aktiboa sustatzen duena". Hauek dira, oraingoz, udalerri gisa Jaurlaritzaren Euskadi lagunkoia ekimenera atxiki direnak: Orio, Ordizia, Hondarribia, Idiazabal, Zumarraga, Gesaltza, Aramiñon, Erribera Goitia, Uribarri Gaubea, Beranturi, Lantaron, Koartango, Oka Iruña eta Zanbrana.

Euren burua lagunkoi izendatu nahi duten herriek, hala adierazten duen dokumentua sinatzearekin batera, ondorengo prozesua jarraitzeko konpromisoa hartzen dute: udalerriaren lagunkoitasun maila neurtzeko diagnostikoa egin, adinekoen eta gainerako herritarren iritziei jarraiki; diagnostikotik abiatuta, lagunkoitasun plana egin; planean jasotakoak martxan jarri; eta abian jarritako ekimenen eta prozesuko fase guztien ebaluazioa egin. Eta etengabeko hobekuntza helburu, prozesua behin eta berriz errepikatzea da planteamendua.

OMEren irizpideei jarraiki, zortzi dira lagunkoitasun mailaren diagnostikoa egiterakoan kontuan hartzen diren esparruak: garraioa –herri eta hirietan nahiz horietatik kanpo mugitzeko erraztasuna–; etxebizitza –bakoitzaren beharretara egokitutako etxebizitzak eduki ahal izatea–; parte-hartzea eta gizarte sarea –auzokoen arteko laguntza sustatzea–; errespetua eta barne hartzea –belaunaldi guztiek elkarrekin lan egitea–; herritarren parte-hartzea eta enplegua –herritar sentimendua eta pertsonen beharretara egokitutako enplegu malgua sustatzea–; komunikazioa eta informazioa –herri eta hiriek ondo pasatzeko, laguntzeko, ikasteko, gozatzeko... eskaintzen dituzten aukera guztiak ezagutzea–; gizarte eta osasun zerbitzuak –zer baliabide ditugun eta nola eska ditzakegun jakitea–; eta aire zabaleko lekuak eta eraikinak –leku publikoen erabilera sustatzea (parkeak, lorategiak, kiroldegiak, plazak...), horiek hobetzen lagunduz–.

Aretxabaletako esperientzia 

Hain justu ere, irizpide horien arabera egin zuten Aretxabaletako azterketa ere, Basotxo erretiratuen elkartearen ekimenez. 2012. urtean Bilboko Euskalduna jauregian egindako jardunaldi batean gaiaren berri aurreneko aldiz jaso, eta herrian aproba egitea erabaki zuten, nahiz eta beste helburu nagusi batekin, sustatzaileetako bat izan zen Pedro Etxebarriak dioenez: "Solas egiten ikasteko saioetan ari ginen garai hartan, eta herriaren lagunkoitasun maila neurtzeko azterketa egitea egoki iruditu zitzaigun helburu horretarako". 21 laguneko taldea elkartu, herria ikuskatu eta behatu, eta bakoitzak bere iritziak emanaz jartzen zuten praktikan solaserako gaitasuna.

Bide batez, baina, esandako lana egin zuten, eta herriaren ezaugarriak bilduz 66 orriko txostena osatu. Eta orain, Eusko Jaurlaritzak Euskadi lagunkoia ekimena martxan jarri duenean, lan hori aprobetxatzea erabaki dute, eta diagnostikoa egina dagoela baliatuz Aretxabaletako Udalari proposatu diote Herri lagunkoi izendapena egin dezala. Honen gainean, Ana Bolinaga alkateak Goienari adierazi dio ekimena begi onez ikusten duela, baina lanketa sakona eskatzen duela, eta aipatutako zortziak baino gehiago direla jorratu beharreko esparruak. Dena dela, Basotxokoekin –eta beste eragileekin– elkarlanean jarduteko borondatea agertu du alkateak, eta gaiari laster helduko diotela agindu.

Baina Aretxabaletan bakarrik ez, Antzuolan ere ari dira urratsak ematen herriaren lagunkoitasuna –pertsona nagusiekiko– handitze aldera. Tipi-tapa ekimenarekin dihardute han: hiru irteera egin dituzte herrian, eta laugarrena egitekoak dira, hobetu beharrekoak detektatzeko; argazkiak atera eta txostena pasatzen diote Udalari. 

Orain, ordea, lehendik egiten ari diren ekimen honi ikuspegi orokorragoa eman eta zortzi esparruen araberako lanketan jarduteko hamar laguneko taldea ari dira sortzen. Udalarekin batera jardutea da asmoa, nahiz eta Herri lagunkoi izendapenarena aurreragorako utzi, Landatxope erretiratu elkarteko presidente Genaro Laskurainen arabera.

Kontuak kontu, antzerako ekimenak bailara osora zabaldu nahi dituztela dio Pedro Etxebarria sustatzaileak: "Nagusiok badugu zer esan gizarte honetan; protagonista garela, alegia".

---------

Aldarrikapenak, Nagusien Egunean

NBEren ekimenez, 1991. urtean ospatu zen lehen aldiz Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna. Harrezkero, urtero aprobetxatu dute urriaren 1a nagusiekin lotutako aldarrikapenak egiteko. Jubilatu eta Pentsiodunen Gipuzkoako Elkarteak ere bat egiten du, eta iragan eguaztenerako bilkurak deitu zituzten udaletxe aurreetan. Debagoieneko hainbat herritan ere egin zen, eta Arrasatekoan, adibidez, Abaroa elkarteko presidente Jose Rivierek –Gipuzkoako elkarteko buru ere badena– irakurri zuen manifestua.

Gipuzkoako manifestua

Bertan esaten zen Gipuzkoako elkarteak sustatzen duela "gizarte bat non adinez nagusiak gai diren bertan aktiboki parte hartzeko"; baita ere, sustatzen duela "bizitzaren azken etapaz" eta "merezi" dituzten "eskubideez" gozatzeko aukera emango liekeen gizartea. Aldiz, "tristea" deritzote politikarien hainbat erabakiri, eta ardura erakusten dute; "gutaz ahaztu dira", diote, hiru gai konkretu aipatuz: "Nabarmen murriztu" dela pentsiodunen erosahalmena; berrordainketa ere ari direla sufritzen; eta pentsiodunak direla askotan familien sostengu, "bai zuzenean diruz lagunduz, bai zeharka ilobak zainduz, horrek gurasoentzat dakarren lasaitasun ekonomikoarekin". Eta ondorengoa ere bazioen gero manifestuak: "Aipatutako guztiagatik, gure ordezkari politikoei eskatzen diegu gure taldearekiko jarrera positiboa manten dezatela, eta ahal duten neurrian kontuan har dezatela zaharkitzea bizitzako fase bat dela, eta halabeharrez iritsi nahi dugula bertara, baina ahal diren egoera eta arreta hoberenekin".

----------

Lide Amilibia (Eusko jaurlaritza): "Nahi ditugu eskaini beste espazio batzuk, euren ekarpena egin dezaten"

Gaur egun, %20,2 da 65 urtetik gorakoen portzentajea Euskadin; 2050 urterako, berriz, hamarretik hiruk izango dituzte erkidegoan 65 urte baino gehiago. Datuotatik abiatuta erantzun ditu Goienaren galderak Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak.

Zergatik da beharrezkoa Euskadi lagunkoia bezalako egitasmo bat? Nahikoa gizarte zahartua gara. Eta proiektu hau da adineko pertsonen aktibazioa lantzeko eta parte-hartze prozesuak martxan jartzeko. Adinekoak aktiboago izango dira eta erosoago ibiliko dira auzo, kale eta herri irisgarriak-eta egiten baditugu. Eta, honez gain, gai baldin bagara parte-hartze prozesu hauetan adineko pertsonak eta gazteak harremanetan jartzeko eta elkarri laguntzeko, askoz hobeto. Beraiek protagonista izatea nahi dugu, aktibo mantentzea eta gizarteari duten jakinduria helaraztea.

Gabeziak sumatzen ziren orain arte? Orain arte ere egon dira ekimen oso garrantzitsuak, erretiratuen elkarteenak... Baina badago beste soslai bat, agian gazteagoa, ez dutena topatu orain arte euren txokoa aktibo mantentzeko. Eta guk nahi ditugu eskaini, orain arte egindakoak kontuan hartuta eta balioan jarrita, beste espazio batzuk, eurek ere euren ekarpena egin dezaten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak