Batetik, inoiz baino parte-hartze handiagoa baimenduko du antolakuntzak; 30.000 lagun inguruk hartuko dute parte. Gainera, 50. urteurren hori ospatu eta giroa berotzen joateko, hainbat ikus-entzunezko egin dituzte. Bada, hor sartzen da jokoan Debagoiena; izan ere, Aretxabaletako Arteman enpresak du horiek egiteko ardura. Astean aurkeztu dituzte 50. aldiko abestia eta bideoklipa, debagoiendarren parte-hartze handiarekin.
Antzuolatik, hitzak
Besteak beste, abestiaren letra Antzuolako Sasibertsolaixek idatzia da: "Bertsozale elkarteak lehiaketa bat antolatu zuen duela bi urte, Fortuna Kirol Elkartearekin batera. Gaia, Behobia-Donostia lasterketa. Afari giroan idatzi genituen bertsoak eta epaimahaiari gustatu egin zitzaizkion", dio Hodei Letek, bertso eskolako kideak. Duela urte bi idatzitako bertsoa abesti bihurtu dute orain. Juantxo Zeberio musikariak izan du hori egiteko ardura eta grabazio estudioetan hainbat musikari ezagun elkartu dira. Beasaingo Pottoko estudioetan grabatu du abestia Juantxo Zeberioren Tenporak taldeak Fredy Pelaez teknikariarekin. Bertan parte hartu dute, besteak beste, Xabi Solanok, Xabi San Sebastianek, Jon Gurrutxagak eta Oreka TXk.
Bideoklipa
Estudioetan grabatutako irudiez gain, Donostian ere grabatu ditu Artemanek bideoklipeko irudiak. "50. urteurrena ospatzeko, istorio bat sortu dugu, lasterketa belaunaldi desberdinen artekoa dela irudikatuta", dio Iker Barandiaranek, Artemaneko langileak. Hala, pertsona baten bizitza da ardatza, antxintxika, bere bizitzako etapa desberdinetan. Hain zuzen ere, bi oñatiarrek hartu dute parte bideo horretan: Yeray Varela korrikalariak gaztaroa irudikatzen du bideoklipean eta haren aitak, Ramon Varelak, helduaroa.
'Arin', Behobia Txikiko maskota
50. edizioko bideoez gain, Artemanek sortu du Behobia Txiki lasterketako maskota ere. Behobia-Donostiaren aurreko egunean ezagutuko dugu, Anoetan.
(Tenpora taldea abestiaren grabaketan –Juantxo Zeberio, ezkerrean)