Udazkena: paisaia aldatzen da eta aldartea ere alda daiteke

Irati Goitia 2014ko ira. 30a, 00:00
Udako argitasuna alde batera utzi, eta naturak berak erakusten digu aldaketa sasoia dela.

Sartu berri gara udazkenean, hilaren 23an, 04:29an, hain zuzen ere. Urtaro aldaketak, hostoen erortzeaz gain, berarekin batera ekartzen omen du udazkeneko depresioa edo Urtaroko Desoreka Afektiboa deiturikoa

 Itxura denez, eguraldi aldaketak eta eguneko argi orduen gutxitzeak gure aldartean eragina omen du. Hainbatek sintomak ere izaten dituzte: suminkortasuna, apetitua areagotzea, logura handiagoa izatea, kontzentratzeko gaitasun txikiagoa, ekintzekiko interes falta... Itxura denez, gizartearen %5ek nabaritzen omen du, eta emakumeek jasaten omen dute gizonezkoek baino gehiago; eta baita argi ordu gutxiago dituzten herrialdeetan bizi direnek ere.  

Eragina 

Zenbateraino eragiten digu, ordea, eguraldi aldaketak edo eguneko argi kopurua gutxitzeak? Benetan nabaritzen al dugu? "Urtaroek izan dezakete nolabaiteko eragina. Adibidez, iparraldeko lurraldeetan –Ingalaterra, Irlanda, Islandia...– depresio edo suizidio tasak handiagoak dira", adierazi du Arkaitz Irazabal psikologoak. Hala ere, hark nabarmendu du eguraldi aldaketa ezin dela depresioa izateko arrazoi bakarra izan: "Norbanakoaren egoera pertsonalak urtaro aldaketak baino zeresan handiagoa duela esango nuke. Hau da, pertsona bat bakarrik sentitzen bada, bikotekidearekin zuen harremana hautsi badu, babes sozialik ez badu edo bestelako gaixotasun edo minen bat badu, orduan eragingo dio gehiago eguraldi aldaketa horrek". Bestalde, lanerako edo errutinarako itzulera hori ere orain gertatzen dela gaineratu du. "Nik uste dut urtaro aldaketak berak, bere horretan, ez duela eragin aipagarririk", dio.

Udalaitz zentroko Garbiñe Agiriano psikologoak esan du orokorrean ez daukala eragin zuzenik gure osasunean, baina badirela sintomak izaten dituzten pertsonak: "Egia esan, jende guztia dabil kexatzen. Azken batean, asko kostatzen zaigu urtaro aldaketek dakartenera ohitzea eta esango nuke jendeak igartzen duela". Izan daitezkeen sintomak ere zerrendatu ditu: apatia sentimendua, tristura antzeko bat, energia falta, logura, nekea... Batzuengan arreta, kontzentrazio eta memoria arazoak ere eragiten dituela zehaztu du. "Gehienbat, argitasun faltaren ondorioa da. Argitasunak animoa ematen digu, eta, bat-batean eguzki ordu gutxiago izatera pasatzean, jendearengan aldaketak izaten dira", gaineratu du Agirianok.

Amaia Iriarte homeopatak energiak kontuak aipatu ditu: "Uda amaitu da eta udazkenean beste energia batzuk daude. Uda energia handiko urtaroa da. Orain, argi orduak gutxitu egiten dira eta tenperatura aldaketa dator. Horrek gure gorputzean eragina du eta egoera berri horretara egokitu behar dugu. Hala ere, uste dut urtaro guztiek dutela eragina". Horrela, zehaztu du kontsultak ez direla nabarmenki ugaritzen sasoi honetan. Umeak ei dira sasoi honetan gehien joaten direnak, udazkeneko eta neguko birusen edo infekzioen aurrean, prebentzio bezala. "Negua datorrenerako defentsak hobeto izateko".

Melatonina

Agirianok argitu du melatonina kontua dela: "Azkenean, kimika da. Melatoninak guregan eragin handia du eta gure garunak kimikoki funtzionatzen du. Gure garunean kimikoki izaten diren aldaketak gure nortasunean eta gure egunerokotasunean igartzen dira; adibidez, gure portaeran edo jarreran". Melatonina argiaren intentsitatearen arabera ekoizten da. Horrela, gauean melatonina kopurua handiagoa da egunean baino, eta erritmo biologiko eta fisiologikoetan bere eragina du. "Horregatik da garrantzitsua egunean zehar kalean ahalik eta eguzki edo kaleko argitasun gehien hartzea. Edo beste modu batera esanda, kalean denbora pasatzea da garrantzitsua. Adibidez, eguzkia irteten bada, eguzkitara joan eta pixka bat hartzea. Izan ere, horrek melatonina aktibatzen du eta hori oso garrantzitsua da", azaldu du Agirianok. 

"Positiboak izan" 

Zer egin daiteke argi falta horrek eragiten dituen sentimendu edo sentsazioei aurre egiteko? "Prozesu normala da. Udazkena beti izan da udazken. Egin behar duguna da alderdi positiboei begiratu. Izan ere, bizitza gero eta gehiago medikalizatzen gabiltza. Zer egin behar dugu? Antidepresiboak hartu?", esan du Aitor Montesek, Aramaioko medikuak. Gaineratu du hartu beharreko neurriak gainerako urtaroetan hartzen direnak izan behar direla: dieta zaindu –bitaminak dituzten fruituak janda, esaterako– eta ariketa fisikoa egin.

Ildo beretik egin du berba Iriarte homeopatak ere; positiboa izatea ei da garrantzitsuena: "Udatik gatoz, eta udazkenean beti gabiltza pentsatzen, 'ze eguraldi txarra!', 'egunero euria ari du' edo 'a ze hotza!'. Ideia horiek aldatu egin behar ditugu. Izan ere, hori baldin bada gure jarrera, udazkenerako urrats hori, gure gorputzak eman behar duen pauso hori, okerragoa izango da. Hein batean, gure burua egoera txar horretara baldintzatzen gabiltzalako. Beste aldarte batekin hartu beharko genituzke aldaketa hauek". Bestalde, Iriartek dio dieta zaintzea ere beharrezkoa dela, gorputzari babesa eskaintzeko. "Energia handiagoa ematen diguten janariak kontsumitu beharko genituzke edo berotasun handiagoa eskaintzen dizkigutenak jan; adibidez, saldak. Azken batean, udan hartu ez ditugun nutriente batzuk behar izaten ditugu".

Agirianok zehaztu du urtaroari lotutako sintomak izaten direla, eta aldi baterakoak: "Ohitu arte nabaritzen ditugu eraginak, baina gero desagertu egiten dira. Gainera, eragiten digutela jakinda, laguntza eskainiko diguten neurri batzuk hartu behar dira. Adibidez, kirola egitea ondo dago, beti. Azkenean, endorfinak sortzen ditugu kirola eginez eta honek ongizate sentsazio atseginak ematen ditu. Horretaz gain, oso garrantzitsua da loaldiak errespetatzea. Lo ondo egiten saiatu behar dugu, beharrezko ditugun ordu kopuruak egiten. Bestalde, normaltasunez hartu behar dugu urtaro aldaketa hau". 

----------

Gripearen txerto kanpaina

Urtero, udazken sasoian, izaten da gripe arruntaren aurkako txerto kanpaina. Bada, aurtengoa gaur, hilak 29, hasiko dute. Ohi moduan, 65 urtetik gorakoentzat, gaixo kronikoentzat ala diabetea,  bihotz zein biriki gaitzek jotakoentzat izango da. Norberak bere herrian, anbulatorioan hartu ahal izango du txertoa, aurrez zita hartuta.

----------

Udazkena goxoa izango omen da

Eguaztenean amaitu zen tenpora astea, eta, tenporen astean egin duen eguraldia aztertuta, Pello Zabalak udazken "goxoa eta polita" izango dugula iragarri du, aste horretan ez delako "haize bortitzik" ibili, besteak beste.

Tenporak epe luzerako eguraldia iragartzeko erabiltzen diren bide tradizionalen multzoa dira. Astebetean zehar egiten duen eguraldia aztertzen da, eta, eginikoaren arabera, ondorengo hilabeteetan zein eguraldi egingo duen iragartzen da. Bada, Pello Zabala eguraldi aditu eta frantziskotarrak honako hau iragarri du: “Udazken goxoa eta polita espero dut. Baketsua izan da eta haize bortitzik ere ez da ibili.  Horrenbestez, udazken goxo horietakoa izango dugula espero dut. Petrala ez da izango, behintzat. Euskal Herrian izaten dugun horietakoa izango dela ematen du. Fruituak ondu eta baratzeko lanak bere onera ekartzeko horietakoa”. Zehaztasun gehiago ere eman ditu: “Koska handirik ez da izan tenporen astean. Euria oso modu onean egin zuen joan den astelehenean eta haizea oso suabe ibili da. Beroa izan dugu hasierako egunetan eta gero freskatzen joan da”.

Gaua ere iluntzen hasi dela ere esan du frantziskotarrak: "Martitzenean udazkenean sartu ginenean hamabi orduko eguna eta hamabi orduko gaua izan genuen, baina dagoeneko gauak beste bost minutu gehiago ditu eta eguna laburragoa da".

----------

Amaia Diaz de Monasterioguren (nutrizionista): "Udazkena da aukera bat; udaren ostean, gorputzak atsedena behar du"

Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionista oñatiarrak udazkenera eta negura begira hainbat aholku eman ditu. Garrantzitsuenetakoa sasoiko produktuak jatea dela esan du.

Udazkenean sartu gara. Gure gorputzak nabaritzen al du aldaketarik tenperaturen beherakadarekin eta eguzki ordu gutxiago izanda? Nik esango nuke oso deskonektatuta gaudela naturarengandik. Uda eskertu egiten du gure gorputzak; azalerako eta organo batzuendako ona da. Udazkenak ere baditu bere alde onak, ordea. Joan den astean sartu ginen udazkenean eta dagoeneko nabaritu dugu tenperatura aldaketa, hiru-lau egunean aldatu da. Oraindik goiz da arropak aldatzeko, baina bai hasi behar dugu beste era batera pentsatzen. Egin behar duguna da beste organo batzuk landu. Udazkena da aukera bat. Argi gutxi dugula-eta, tragiko jarri beharrean, barrura begira hasi behar gara. Beharra dugu barrura begiratu eta antolatzeko. Horretarako erabili behar dugu udazkena. Janariak ere aldatu egin behar dira –naturak beste produktu batzuk ematen dizkigu–, gorputzak ere eskertzen digu, atsedena behar du, garbiketa. Izan ere, orain igartzen ditugu udan eginiko gehiegikeriak. Zuhaitzetako hostoen erortzearekin asko malenkoniatsu jartzen dira, baina aukera bat da. Gure ama lur honek ematen dizkigu pista batzuk. Naturari begiratuta, ikusten dugu aldatzeko unea dela.

Ama lurrak pista batzuk ematen dizkigula esan duzu. Zer-nolako dieta eraman behar dugu udazkenean? Lehenengo, azala zaindu behar da. Azala da gure barruaren ispilu. Udako gehiegikerien ostean, ikusten duguna da hidratazio falta. Hala, bitamina eta mineraletan aberatsak diren fruituak hartuko ditugu. Barazki mikatzak jateko unea ere bada: txikoria, esparragoak, alkatxofak... Horiek azalean, gibelean eta hesteetan lagunduko digute. Orain da kalabazak, kalabazinak edo azenarioak jateko  garaia ere. Sasoian sasoikoa jan behar da. Naturak oraintxe oparitzen dizkigu fruitu lehorrak ere. Non sartu altxor horiek? Bada, meriendarako, gosarirako... Hasiko gara potajeak sartzen, adibidez: babak, dilistak, garbantzuak... Udan ahaztuta izan ditugun edo etxetik kanpora aritzean jan ez ditugun lapikoko gauzak. Ur asko edango dugu; saldak eta infusioak hartzen hasiko gara. Bestalde, ezin dugu ahaztu udazken-negu sasoian ere mugitu egin behar dugula. Udan egin ditugu kanpoko ariketak –mendira joan edo itsasoan igeri–. Bada, orain da unea kiroldegian izena emateko. 

Urtaro honetan harrapatzen dira katarroak... Bai, umeak eskolan hasi bezain laster hasten gara eztulaz eta mukiez. Ikusten duguna da jendea oso oxidatuta dagoela. Kasu horietan, limoia oinarrizkoa da. Erregina-jelea ere har dezakegu, bizitasun pixka bat eskaintzen digu, eta indarra. Baita propolioa ere –kontsultatu egin behar da bere kontsumoa–, antibiotiko naturala da. Adinaren eta beharraren arabera, har dezakegu erregina-jelea propolioaz, zinkarekin, magnesioarekin... Benetako aldaketa udazkenetik negura gertatzen da, eta, hain zuzen, horretarako ondo gertatu behar dugu.  

Batzuek argi ordu faltaz tristura ere sentitzen dute; horren aurrean zer? Ez dugu depresioan edo tristuran erori behar. Aukera bat da beste gauza batzuk egiteko. Egin behar dena da terapia lana: lagunekin izan, irakurgai politak bilatu, etxetik irten, zure bizimodua okupatu, tertulietan parte hartu... Belarrak ere badira kasu horietarako. Batez ere, loarekin izaten dugu aldaketa handia, –ordutegi aldaketa ere badator–. Baditugu oso suabeak diren belarrak –tila, esate baterako–, erlaxatzen eta digestioan laguntzen digutenak. Bizipoz bat behar baldin baduzu, antibiotikoak hartu beharrean, txinparta pixka bat emateko balio duen magnesioa har dezakezu, adibidez.  Positiboena, baina, naturarekin, animaliez eta pertsonekin kontaktua izatea da. Azken batean, beti uda balitz, gorputza ere ez litzateke ondo egongo.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak