1. Zerk eraman zintuen Andaluzia utzi eta Euskal Herrira etortzera?
Lanak; hiru hilabeterako etorri nintzen, eta azkenean zortzi urte bihurtu dira. Denetarik aurkitu dut hemen: maitasuna, lagunak...
2. Zenbat txantxa jasan behar izan dituzu Ocho apellidos vascos estreinatu zenetik?
Asko, bai Euskal Herrian eta baita Sevillan ere! Topikoek badaukate euren egia zatitxoa. Sevillan galdetzen didate ea horrelakoa den, ea nire hasierak horrelakoak izan ziren... Eguraldiari dagokionez, baietz esan behar dut.
3. Euskadi Directo-ren ia 1.400 saio aurkeztu ostean, zer geratu zitzaizun argi euskaldunoi buruz?
Harrera ona egiten duzuela, eta jarrera ona duzuela. Euskal Herritik kanpo esaten da ez zaretela irekiak, baina nik frogatu ahal izan nuen bazaretela. Baita tradizioak oso errotuta dituzuela ere.
4. Nola bizi izan zenuen Cuadrilla busca cita-k piztutako polemika?
Proiektuarekin hasi ginenean ilusio handia nuen, eta grabatzen ere oso giro ona, jatorra, izan genuen. Baina akaso, gero, ez genuen programan hori erakusterik lortu.
5. Botatzen duzu faltan gaurkotasunari lotutako saio bat aurkeztea?
Bai, bai aurkeztea eta baita gaurkotasunarekin harremana ere. Aurkeztu ez arren, Zuek hor eta gu hemen eta Euskadi Zuzenean saioetan kolaboratuko dut.
6. Momentuz, kamerak irratiko mikrofonoengatik ordezkatu dituzu.
Gazteatik deitu zidatenean Dida-n euskarazko kolaborazioak egiteko, zalantzak izan nituen; baina esperientzia oso ona izaten ari da. Irratiko lana ia berria da niretzat, eta erronka bat izan da.
7. Zenbat aldiz galdetu dizute urtebetean euskara hain azkar eta hain ondo ikasteko sekretua?
Ez dago sekreturik. Gogoa, ilusioa eta errespetua izan behar dituzu; eta lan egin. Gainera, ez dut uste hain ondo egiten dudanik. Idaztea ez hainbeste, baina hitz egitea bai kostatzen zait; soltura gehiago izatea gurako nuke.
8. Bat baino gehiago euskara ez ikasteko aitzakia gabe utzi duzu...
Ni neu ere horregatik ez nintzen hasi lehenago ikasten, zaila zela esaten zidatelako. Baina konturatu nintzen Euskal Herrian banago, saiatu behintzat, saiatu behar nuela. Zaila da, bai, gaztelaniarekiko oso ezberdina delako; baina saiatu egin behar da, eta lotsa galdu.
9. Sevillako zeren falta igartzen duzu gehien hemen zaudela?
Familiarena, noski, eta batzuetan, eguzkiarena ere bai. Baina ohitu naiz eguraldira.
10. Eta hemengo zerena Sevillan zaudela?
Senarrarena, eta giroarena: lagun asko egin ditut hemen; nik neuk bilatuta, neure lekua egitea lortu dut. Eta poteoarena ere bai!
----------
Makila magikoa baneuka: "Euskaraz benetan ondo hitz egiteko gai izatea eskatuko nioke makila magiko horri"