Lehenengo zatiko lanarekin nahikoa izan da irabazteko

Xabier Urtzelai 2014ko ira. 27a, 19:02
Eraña baloia gidatzen, harena izan da goleko erdiraketa.

Ligako hirugarren garaipena Aretxabaletarendako, eta hiru jokatu dituzte. Hanka sartzeko beldur handi barik, Aretxabaleta aurrean egongo da aurten. Badirudi Valleren mutilendako erronka nagusiena indarrak –eta garaipen gosea– bederatzi hilabetez ondo kudeatzea izan behar dela; hortik aurrerakoa zuzenketa txikiak egitea izango da, taldea iaztik dago-eta ondo landuta. Zapatuan jokatutako beste bi norgehiagoketan, Bergarak arnasa hartu du Usurbili 2-0 irabazi ostean, eta Antzuolak puntu ona ekarri du Hondarribiatik (2-2). 

Aretxabaletan, San Migel jaietako herri bazkaria futbol partidura joateko etetea erabaki duenik egon bada, zigorra harendako. Partiduak ez duelako horrenbesterako merezi izan. Eta sikiera, lehenengo zatirako gerturatu bada Ibarrara gaitzerdi, orduan jokatu du-eta Aretxabaletak ondoen, hasiera-hasieratik partiduan sartuta egon direlako Valleren mutilak. Bigarren zatiak, ordea, ez du apartekorik izan. Ez da partidu ikusgarria izan, baina gauzak ondo egitetik zetorren Zarautz desagertuta ibili da, eta Aretxabaletakoena da meritu hori.

Valleren taldeak lehen minututik hartu du baloia izateko ardura, eta tarteka txukun erabili dute batera eta bestera. Imanol eta Gillen arduratu dira Arizmendiarrietaren burua bilatzeaz, eta Aretxabaletakoak ate aurrean asmatu ez badu ere, bizkarrez jokatuz lan handia egin du. Lehenengo abisua Piruk eman du, bote-prontoan egindako jautiketa indartsu batean, eta ia segidan, Erañak langara bota du baloia, eta aldaratzea Arizmendiarrietari iritsi bazaio ere, Mikel Ruiz atezain zarauztarrak eguneko soldata irabazi du. Ez hor bakarrik, baita hurrengo jokaldian ere: baloia zutoinera –Imanolek– eta ondorengo errematea atezainak geratu du. 

Lehenengo zatia amaitzear zegoen, eta Aretxabaletak saria merezi zuen. Bada, Piru izan da saria ekarri duena, Julen Erañaren erdiraketa on bat buruz saretara bidali ostean (gol erdi Erañarena).

Bigarrenean, joko nahasia

Zarautzek aldaketa pare bat egin ditu atsedenaldian, jokalari erasokorrak zelairatuz, baina ez dute apartekorik lortu. Vallek ere aulkian zituen denak zelairatu ditu: Badillo, Sanchez, Aitor Perez, Pacheco, Apraiz... Baina gehiago izan da kontrarioa aurrealdean estutzeko, lasai jokatzen ez uzteko, benetan min egiteko baino. Gauza bat aurpegiratzekotan, partiduaren amaierara arte Zarautz bizirik mantendu dutela, horrek dakarren arriskuaz. Baina, amaierara arte sufritzen ere jakin egin behar da, halakoak izaten direlako partidu gehientsuenak.

Zenbaki harrigarriak

Hirutik hiru, iazko bolada onak jarraipena du, oporretan ez zaielako futbolean egitea ahaztu. Valleren lan-taldeak iazko abendu erdian hartu zuen taldea, eta ordutik honako zenbakiak azpimarratzekoak dira: 69 puntutatik 62 eskuratu dituzte (9 gol baino ez dituzte jaso, eta 41 egin). Aurrean egongo dira. Apusturik egin nahi?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak