Debagoieneko egoera ekonomikoak "badu irtenbidea" Sorturen ustez

Eneko Azkarate 2014ko ira. 25a, 12:29

Debagoienako Sortuk "kezka" adierazi nahi du eskualdeko egoera ekonomikoaren gainean. Are eta gehiago, "haserrea adierazi" du "Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoak Debagoieneko eta EAEko krisi egoera sakondu" besterik ez duelako egiten. AHTren lanak ere kritikatu ditu Sortuk, diruak "xahutzen" dituelako: "Dirutza hau eraikuntza enpresa handien eskutan geldituko da berriz ere eta eskualdean hondamendi ekologikoa eragiten ari da" dio Sortuk.

Hedabideetara bidalitako oharraren bidez, Debagoieneko Sortuk dihardu egoera ekonomikoaz, Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoaz, Abiadura Handiko Trenaz edota Kutxabanken pribatizazioaz. Eta egoeraren aurrean, bere proposamena ere egin du.

Hemen, Debagoieneko Sorturen oharra:

"Debagoieneko egoera ekonomikoak badu irtenbidea"

"Krisia eragin duen eredu ekonomikoa multinazionalak, banketxeak eta eraikuntza enpresa handiak pozik edukitzean oinarritu da. Gaur Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoa botere ekonomikoaren neurrira egindakoa da, herritarren egoera ekonomiko eta soziala egunero okerragoa bihurtuz eta iraganeko hutsegite larriak egunero errepikatuz.

Debagoienako industria egoera latza bizitzen ari da, langabezia, finantziaziorik eza eta lan baldintzen prekarizazioa eguneroko ogia dira Fagor, Arcelor edo Otsein bezalako enpresa handietan. Honek, herritarren bizi baldintzak okertzea eragin du eta erosketak egiteko gaitasuna gero eta eskaxagoa da, eskualdeko merkataritzan eragin latza izaten ari delarik.

AHTn dirua xahutuz

Bitartean, azken egunotan ezagutu dugu Urkullu Lehendakaria Madrilen egon dela Raxoirekin hitz egiten. Oso gaizki joan omen da bilera eta akordio bat bakarrik ekarri du besapean: AHTren obrak egiteko beste bi tramuren esleipena. Hau da, 300 milioi euro gehiago Bergaran AHTren hiru kilometro egiteko. Dirutza hau eraikuntza enpresa handien eskutan geldituko da berriz ere eta eskualdean hondamendi ekologikoa eragiten ari da.

Kutxabanken pribatizazioa

Politika ekonomiko eta sozialean Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua eskutik ikusten ditugu, eredu neoliberal berdina defendatzen dutelako, bai arlo industrialean eta baita finantzarian ere. Hainbeste urtetan enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko balio izan duen Kutxabank pribatizatzeko erabakia hartu dute eta datorren hilean pribatizazioa egiteko erabakia hartu dute. Orain arteko aitzakia zen ez zegoela beste aukera legalik, baina, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu berri duen proposamenak Kutxabank Publikoa eta Soziala izateko garantia juridiko guztiak ditu.

Sorturen proposamena

Horrela ezin dugu jarraitu, herritarrak langabezia, prekarietatea eta bizi baldintza kaxkarretara kondenatzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo Gobernua. Eredu ekonomikoan aldaketa sakona behar dugu, horretarako burujabetza politiko eta ekonomikoa beharrezkoa da, Euskal Herritarrok gure eredu ekonomikoa erabakitzeko.

Baina bitartean, gauza asko egin daitezke, Euskal Herria herri oso aberatsa delako (Barne Produktu Gordina ia Alemaniaren parekoa dugu) eta daukaguna ongi kudeatuz gero denok ongi bizitzea posible delako.

EHBilduk 150 neurri konkretu proposatu ditu alternatiba sozioekonomikoa praktikara eramateko, berak gobernatutako instituzioetatik norabide honetan ari da lanean eta Eusko Jaurlaritzan ere aurkeztu du proposamena. Hauek dira 150 horietako hainbat neurri, borondatearekin adosteko modukoak eta krisitik irteteko eredu berria marrazten dutenak:

  • Azpiegitura handirik ez, zerbitzu publikoak bai. AHTren obrak gelditu, berriz pentsatu eta 10000 milioi euroak ongi erabili: industriaren modernizazio eta garapenerako; kalitatezko zerbitzu publikoak (hezkuntza, osasuna, etxebizitza) bermatzeko eta babes sozialerako.
  • Kutxabank ez pribatizatu. Euskal Herriko garapen ekonomiko eta soziala bultzatu dezake bertako banku publiko eta sozial batek, bide batez etxegabetzeen lotsagabekeria etenaz. Kutxabanken akzioak bertako instituzioek erostea eta kontrol publiko zein soziala bermatzea nahikoa da horretarako.
  • Lan baldintza duinak. Instituzioak eredu, lan baldintza duinak bermatzea posible da Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den bezala Aldundiko langileekin naiz lan publikoetan klausula sozialak txertatuz.
  • Lana eta aberastasuna banatu. Dagoen lana herritarren artean banatzea posible eta beharrezkoa da, lan aldia murriztuz, Europako hainbat herrialde aurreratutan egiten ari diren bezala. Lana banatzea aberastasuna banatzeko neurria eraginkorra da.
  • Presio fiskala. Horretaz gain presio fiskala igo behar zaie enpresa eta norbanako aberatsenei. Ez gara ezer arraroa eskatzen ari, presio fiskala Europako Batasuneko herrialdeen bataz bestekoan jartzeaz baizik. Neurri honekin 6.000 milioi Eurotik gora izango genituzke urtero behar nagusiei erantzuteko.
  • Tokiko Garapena. Enpresa txiki eta ertainak bultzatu; bertako komertzio eta produktuen aldeko politikak egin; lehen sektorea eta turismo arduratsua bultzatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak