Gipuzkoa Sarean proiektua aurkeztu eta abian jarri zenuten aurtengo udaberrian. Zein izan da helburua?
Helburu garbia dauka: lehendik geneukan eredu batetik, Gipuzkoa Aurrerako eredutik, beste eredu baterako, eredu berrirako, jauzia egitea. EAJren eredua zen Gipuzkoa Aurrera; goitik beherako eredua. Lau eragile ekonomiko nagusirekin adostutako eredua, proiektu inportanteak abian jartzeko. Gipuzkoa Sarean, berriz, zeharkakoa da. Eragile sozio-ekonomikoen artean landutako eredua. Eraikitzen doan eredua.
Ze ekintza bideratu dituzue orain arte?
Hastapenetik hasi gara espazio berriak sortzen. Beste garapen eredu bat nahi badugu, eragile sozio-ekonomikoekin konpartitu nahi ditugun marko eta espazioak sortu edo bultzatu behar ditugu. Politika ezberdinak, efizienteagoak eta indartsuagoak konpartitzeko.
Eskualdeetako garapen agentziekin elkarlanean diharduzue?
Lurraldeko garapen agentziak oso garrantzitsuak dira; estrategikoki indartsuak. Gipuzkoan 10 eskualde garapen agentzia daude eta, une honetan, Buruntzaldean sortze prozesuan daude. 80ko hamarkadan udalek bultzatuta sortzen hasi ziren, eskualdeetako garapen ekonomikoa bultzatzeko. Krisi testuinguruan, tresna eraginkorrak. Garapen agentziak, halere, azkenaldian bihurtu dira beste erakunde goragokoen tresna, bideratzaile edo kudeatzaile. Eta hori aldatu nahi dugu. Hausnarketa konpartitzen dugu eta eskualdeko eragile aktibo izan behar duten heinean, uste dugu beste funtzio bat bete beharko luketeela eskualdean, garapen ekonomikoa dinamizatuz, bultzatuz...; eta baita, modu horretan, lurraldearen garapenean lagunduz.
Protagonismo handiagoa eman nahi diozue eskualdeetako garapen agentziei?
Bai, erakunde publiko baten, kasu honetan, udalen, erreminta direnez, egituratzaileak izan behar dira: eskualdeetako garapen sozio-ekonomikoen eztabaida gune, estrategien egile eta dinamizatzaile, eragile ezberdinekin elkarlanean. Esaterako, garapen agentziak eta landa garapenerako erakundeak zelatan ez dabiltza elkarlanean? Ikusten dugu bide oso bat egiteko dagoela, orain arte kudeatzaile soil izan direlako. Paper aktiboa hartu behar dute garapen agentziek.
Elkarlan horrek eman du fruiturik?
Hastapenetan identifikatu ditugu hainbat gai. Esaterako, energiaren eremuan, eskualdeendako estrategikoak izan daitezkeen lerroak sustatzen hasi gara. Gipuzkoako enpresen nazioartekotze prozesuan ere hainbat lan lerro zabaldu ditugu… Nabarmentzekoa da, esaterako, joan zen astean, zazpi eskualdetako garapen agentziak energia eta tokiko garapena uztartzen dituen proiektu bat aurkeztu dutela Gipuzkoako Foru Aldundian, enplegua sustatzeko helburuarekin. Potentzial handia dauka elkarlan honek.
Proiektu konkretuetarako ze diru poltsa dauka Gipuzkoa Sarean-ek?
Lehenik eta behin esan nahi dut, gure ustez hau ez dela filosofikoa, gogoetan oinarritutako lan lerroa izanik ere. Azkenean, ondorio praktikoak ditu egunerokoan: sektore publiko indartsu baten alde gaude, beste batzuek murrizketen alde egiten duten bitartean, Diputaziotik, esaterako, gizarte politika publiko indartsuak abiatu nahi ditugu; baita mugikortasun politika indartsuak ere, eskualdeen eta herrien arteko harreman bideak bultzatuz, esaterako, merkataritza-eta bultzatzeko; edo zerga politika justuago eta progresiboak… Lurraldean aberastasuna modu orekatuan bultzatuko dituen politikak. Betiere, helburu praktikoekin eta zeharkako politika globalak bultzatuz. Baina adibide konkretu bat jartzearren, Gipuzkoa Sarean elkargunetik, lurraldearen egoera sozio-ekonomikoaren gaineko ikerketa eta diagnostiko baten ondoren, bideratuko ditugu 6 milioi euro Gipuzkoako ehun industriala bultzatzeko.
Zer dio diagnostiko horrek?
Ehun industrial indartsua daukagula eta erreferentziazko enpresa indartsuak ere bai, nazioartean, aurre-aurrean, lehiatzen dabiltzanak. Baina, horrekin batera, badaukagu enpresa txiki asko. Izan ere, lurraldeko enpresen %90 inguru txikiak dira eta horiek hainbat gabezia dituzte: teknologiarekin lotutakoak; edo merkatu dibertsifikaturik ez daukatelako; edo ez daukatelako produktu berezirik; edo antolaketa aldetik ere hutsuneak dituztelako… Hala, erakundeetatik politika zehatzak bultzatuz gero, gabezia horiek leuntzen lagun daiteke.
Fagorren kasua da adierazgarria.
Bai, bai, Fagor Etxetresnak itxi eta haiendako bakarrik lan egiten zuten inguruko hainbat enpresa txiki itxi behar izan zituzten. Mendekotasun handia zutelako Fagorrekiko enpresa haiek.
Zertarako, aipatu dituzun 6 milioi horiek?
Epe motz-motzera, premiazkoak diren egitasmoak aurrera eroateko. Diagnostiko horretan, hainbat txoke-plan proposatzen dira. Identifikatzen ditugu bideragarriak izan daitezkeen hainbat enpresa eta txoke planak planteatzen dizkiegu. Horretara bideratuko dugu diru hori. Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, enpresa txikietan gestio ereduaren inguruko, maila estrategikoak-eta barne antolaketa eremuak lantzeko partida ere izango da. Eta eskualdeetako lanbide heziketa eskolekin batera, enpresen produktibitate gabeziari aurre egiteko lan lerroak sortu ditugu. Enpresa hauen prozesu produktiboa hobetzeko lanketa iraunkor bat abiaraziko dugu. Merkatu eta produktuen dibertsifikazioa bultzatzeko, elkarlanean dihardugu Diputazioko berrikuntzako alorrarekin. Enpresen arteko elkarlana-eta bultzatuz, merkatu berrietarako sarbideak laguntzeko, besteak beste.
Gipuzkoako enpresek une honetan dituzten zailtasunik eta erronkarik handienak zeintzuk dira?
Aipatutako hiru nagusiak eta dibertsifikazioa, bai produktuari eta baita merkatuari dagokionez. Enpresaren dimentsioa oztopo izan daiteke, baina irtenbidea ez da enpresa handiak sortzea, txikiak elkarrekin aritzea baizik. Mundura zabaltzeko. Alemania edo Frantzia krisian edo gaixo daudenez, Gipuzkoako enpresek asko sufritzen dute. Horregatik, beste merkatu batzuetara zabaltzea komeni da, mundua ez dagoelako krisian.
Langabeziak gora egin azkeneko hilabeteotan Gipuzkoan. Ezin krisitik atera?
Azkeneko 8 urteotako irakurketa egingo bagenu, ikusiko genuke Gipuzkoa dela krisi honi ondoen erantzuten diharduen lurraldea. Ez gaude Espainiari begira, Europari begira baizik. Eta gure lehentasunak dira sektore publiko indartsua edukitzea eta horren haritik politika ezberdinak lantzea. Alde horretatik, uste dugu Diputaziotik bultzatzen ari garen politikak oso eraginkorrak direla.
Egoera ekonomikoa hobetzeko zantzurik igarri duzue?
Zaila da aurreikustea zer gertatuko den. Eguneroko lanean sinisten dugu. Gure sektore publikoa eta ehun industriala indartu behar dela uste dugu eta ahalegin horretan dihardugu. Bai uste dugu finantza-erreminta indartsuak behar ditugula. Zentzu horretan, ikusten ari gara herritarrek sortutako finantza erakunde bat, Kutxa, esku pribatuetan geratzen ari dela. Eta horren aurka gaude. Kutxabanken kasuan, gainerako alderdiak, lurraldearen interesen kontra dabiltzala uste dugu.
Catak Fagor Etxetresnak erosi izana eta erosketa horren baldintzak egokiak ikusten dituzue Diputaziotik?
Foru Aldundiarendako inportanteak dira enpleguaren kalitateari eustea, kopurua bermatzea eta enpresaren erabakimena Gipuzkoako lurraldean kokatzea. Ikusi beharko dugu ze mailatan betetzen den guztia. Hori esanda, Fagor Etxetresnak berriro martxan jartzea eta jendea lanean hastea da inportantea.
Badakizue zer gertatuko den Edesarekin?
Ikuskizun gaude. Edozelan ere, argi daukagu lurraldeen arteko gatazka mediatiko baten ez garela sartuko. Enplegua da garrantzitsuena. Badirudi Edesaren jarduera ekonomikoa abian jartzeko asmoa duela Catak eta hori da inportanteena; ez horrenbeste Basaurin kokatzen den edo Arrasaten edo Bergaran, azken egunotako informazioek diotenen moduan.