Inoiz baino turista gehiago

Eneko Azkarate 2014ko ira. 23a, 09:06

Turismoari dagokionez, "historiako udarik onena" izan du Euskal Autonomia Erkidegoak, bisitari-kopuruaren "errekorra" lortuta: 846.726 iritsiera; 2010 urtean baino %8,8 gehiago. Donostia, Bilbo, Gasteiz, Arabako Errioxa eta Gipuzkoa, oro har, dira gehien hazi diren helmugak. Gipuzkoa dago hiru lurraldeen buruan, turismoari dagokionean.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dituzten datuen arabera, inoizko abuzturik onena izan da aurtengoa turismoari dagokionez. Azken urteotako joera erakusten dute datuek, batik bat bisitari atzerritarren hazkundeagatik. Hala, bisitari atzerritarren gastu turistikoa %14 hazi da. Guztira, 222 milioi gastatu baitituzte. "Iazko udaren aldean, eguneko gastua % 15,3 hazi da, eta pertsonakoa %5,4".

Eusko Jaurlaritzaren arabera, bestalde, "Euskadi Estatuko zazpigarren helmuga turistikoa da, inguruko autonomia erkidegoen gainetik".

Hiriburu hotel edo ostatuez gain, landa-ostatuek ere emaitza positiboak izan dituzte aurtengo udan, berriz ere: 12% hazi dira.

Gipuzkoaren lidergo finkatu da

Gipuzkoari dagokionez, abuztuko emaitzek "Gipuzkoa finkatu dute turismoaren lurralde sustatzaile gisa Euskal Autonomia Erkidegoan", Diputazioaren arabera. Urtarriletik abuztura bitartean, 669.586 bidaiarik hartu dute ostatu hoteletan, nahiz nekazaritza-turismoko establezimenduetan, Eustatek bildutako datuen arabera. Horrek esan nahi du turismoa  %5 igo dela 2013ko lehen zortzi hilabeteen aldean. Eta, aurreikuspenen arabera, Gipuzkoak turisten errekorra gaindituko du 2014. urtean.

"Aurrerakada handia"

Jon Peli Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatuak nabarmendu duenez, alor turistikoak aurrerakada handia egin du lurraldean. "Uda eta Aste Nagusia bikainak izan dira, baina benetan nabarmentzekoa da opor garaietatik kanpoko hilabeteak ere oso onak izan direla. Emaitza altuetara iristen zarenean —joan den urtean milioi bat bidaiari inguru—, gero eta zailagoa da errekorra gainditzea. Eta, hala ere, aurtengo urtea ere bikaina izango da" adierazi du Uriguenek.

Bisitariak ondo zaindu

"Aldundia, eskualdeko turismoko agentziak eta Donostia Turismo ahaleginak egiten ari dira sustapen ekintzak zabaltzeko, eta ahalegin horiek eragina dute; baina, nolanahi ere, gipuzkoar guztiek argi izan behar dute turismoa diru-sarreren eta enpleguaren iturri dela eta, beraz, ondo zaindu behar ditugula kanpotik etortzen diren bisitariak. Toki batetik gustura joaten den bidaiaria marketin onena da helmuga horretarako. Batzuetan ez da atsegina hainbeste jende ikustea eta guneak konpartitu behar izatea. Baina Gipuzkoara datorren turistak lurraldearen informazioa du, errespetua erakusten du eta gu ezagutzeko gogoa dauka; beraz, estimatu egiten du irribarre bat edo oharpen bat" esan du Jon Peli Uriguenek.

"Emaitza bikainak"

Bestalde, Iker Ruiz de Egino Kanpo Harremanetako eta Turismoko zuzendari nagusiak datozen hilabeteetan gauzatuko diren sustapen ekintza batzuen berri eman du. "Emaitzak bikainak dira eta bide onetik goazela adierazten dute, baina ezin dugu guardia jaitsi, tarta bera nahi duten beste toki batzuekin lehiatzen ari baikara.  Horregatik, udazkenari begira ekintza batzuk egiteko asmoa dugu" esan du Ruiz de Eginok.

Australiarrak, errusiarrak...

"Nahiz eta uda honetan ohikoak ez diren beste merkatu batzuetako turista gehiago etorri diren (Australia, Errusia, herri nordikoak, etab.), Gipuzkoak apustua egiten jarraituko du hurbileko eta mugako helmugen alde, horiek baitira merkatu igorle nagusienak, leialak gure lurraldeari eta gure eskaintza turistikoari. Frantziari begira jarraituko dugu, ahalmen handia duelako, gertu dagoelako eta garrantzi handia duelako guretzat. Turista frantsesak oso ondo ezagutzen gaitu, eta bertako edozein bezala mugitzen da hemen. Gainera, Frantziako merkatutik datozenek era askotako opor-garai eta jaiegunak izaten dituzte, eta primeran osatzen dituzte Katalunia nahiz Madrildik datozenen ohiko turismo sasoiak; hau da, gure lurraldeko turismo sasoietako aldaerak berdintzea lortzen dute".

Aurrera begirako lan ildoak

Datozen hilabeteei begira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak lan-ildo hauek ditu:

  • Prentsa bidaiak eta bloggerrak, gure lurraldea sustatzeko komunikabide eta sare sozialetan. Horien artean azpimarratu behar da orain astebete ITV kanal britainiarreko jendea egon zela Gipuzkoan, gastronomia eta ardoei buruzko erreportajea egiteko asmoa baitute.
  • Marketin Zuzeneko Kanpaina Frantzian. Aurten Marketin Zuzeneko bigarren sustapen-kanpaina egingo da La Poste bidez Tolosan eta Bordelen (Frantzia). Kanpaina hori indartzeko asmoz, postontziko banaketa egingo da ondoren, hau da, 30.000 gutun banatuko dira Bordeleko eta Tolosako errenta handiko auzoetan. Sustatu beharreko gaien artean hauek daude: Albaola, sagardotegiak irekita egotea urte osoan, Tolosa eta Ordiziako azokak, Geoparkea eta Flyscharen ibilbidea.
  • Helmugaren aurkezpena Bordelen (Frantzia). Helmuga aurkezteko sustapen kanpaina prentsaren eta Girondako turismo arloko profesionalen aurrean.
  • On-line sustapen kanpaina.
  • Sustapen kanpaina hedabide digitaletan, Gipuzkoako eskaintza turistikoaren kokapena hobetzeko (www.visitgipuzkoa.net), mugako merkatuetan, nahiz merkatu igorle berrietan.
  • Turismoko feria hauetan parte hartzea (merkatu nazionala nahiz nazioartekoa): 1. WTM 2014 Feria, Londres, Euskadi–Basque Country standarekin: 2014ko azaroaren 3tik 6ra (lehen aldiz joango gara feria horretara gure standarekin). 2. INTUR 2014, Valladolid, Gipuzkoa Turismok hiru erakusmahai dituen bere standa eramango du: Donostia, Euskal Kostaldea, Barnea edo Berdea: 2014ko azaroaren 27tik 30era. 3. Seo D’Urgell Feria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak