Harrera familiak behar dira Gipuzkoan

Eneko Azkarate 2014ko ira. 23a, 09:11

Gipuzkoako Foru Aldundiak informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian, harrera familiak aurkitzeko, arrazoi desberdinak direla medio beren etxeetatik atera dituzten umeendako. Une honetan, harrera familia bat behar duten 55 ume ditu tutoretzapean Foru Aldundiak.

Haur horiek guztiek ingurune egonkor bat izan dezaten, bai afektuen ikuspegitik, bai eta hezkuntzaren eta zaintzen ikuspegitik ere.

Atzo egin zuten kanpainaren aurkezpena eta ekitaldian egon ziren Ander Rodriguez, Gizarte Politikako diputatua; Euken Barreña, Haurren Babeseko foru zuzendaria; Virginia Peña, ama harreragilea; eta Aitor Peñagarikano, aita harreragilea eta, gainera, Beroa elkarteko presidentea.  

Gaur, biharko eguna amets. Zeu zaitu aukeran. Hori da ekimen honetarako aukeratutako leloa, iragarki, kartel eta bideoen bidez zabalduko dena, gipuzkoarren elkartasunari dei egiteko; izan ere, hori da Gipuzkoako familiei eskatzen zaiena, arrazoi desberdinengatik beren etxeetatik bereizi dituzten adingabeei aukera berri bat ematea.  

Harrera familia askotarikoak

Kanpainaren irudiak haur bat erakusten du pertsona desberdinekin amets egiten; horrela, azpimarratu nahi den ideia da ez dela familia prototipo bat bilatzen. Diputatuak berak azaldu zuenez, "adingabe oso desberdinak daude eta, horregatik, harrera familia oso desberdinak behar dira. Hau da, ez dago aldez aurretik definitutako profilik. Jende askok uste du adingabe bat harreran hartzeko ezinbestekoa dela legez ezkondutako bikotea izatea, heterosexuala, gaztea, diru-sarrera altuekin... Baina hori ez da horrela. Ezkonduak, ezkongabeak, alargunak, homosexualak, enplegua dutenak, erretiratuak… Guztiak dira ongietorriak programa honetara, betiere Foru Aldundiak egiten duen balorazio prozesuan gai direla egiaztatzen badute".

Rodriguezek azpimarratu zuen familia tipologiak ez duela axola, garrantzitsuena dela ezinbestekoak diren hainbat baldintza betetzea: "Familia osoak egon behar du ados erabakiarekin: argi eduki behar da harrera bat dela, ez adopzio bat; adingabea bere ohiturekin eta jatorrizko familiarekin onartzeko prest egon behar da; malgutasuna behar da, aldaketetara egokitzeko; eta, azkenik, profesionalen laguntza onartu behar da, prozesu osoan zehar".

Une honetan, Foru Aldundiak 44 familia behar ditu, babesgabetasun egoeran dauden 55 haur hartzeko. Horregatik, diputatuak programa hau ezagutzera animatu ditu gipuzkoarrak.

Behar bereziak

Gipuzkoan, pixkanaka-pixkanaka, erantzuna ematen zaie familiak behar dituzten umeei. Hala ere, zailtasun bereziak dituzten egoerak badaude. Bereziki egoera honetan daude anai-arreba taldeak (momentu honetan, bi anai-arrebako bost bikote daude eta hiru anai-arrebako hiru hirukote), zazpi urte baino gehiagoko umeak eta nerabeak.

Familia harrera: "Babes neurri bat"

Haurren Babeseko zuzendariak, Euken Barreñak, bere aldetik, xehetasunez azaldu zuen zer den familia harrera bat: "Babes neurri bat da, arrazoi desberdinak direla medio, legez beren jatorrizko familietatik bereiziak izan diren haur eta nerabeentzat aurreikusten dena, ulertzen baita haur eta nerabeentzat ona dela familia giro egonkor batean egotea, beste etxe batean. Horrela, adingabe horiek bi familia dituzte: jatorrizko familia eta harrera familia. Jatorrizko familiarekin harremanetan jarraitzen dute, bisita erregimen baten bidez, eta harrera familiarekin bizi egiten dira. Garrantzitsua da ulertzea harrera familiak osatu egiten duela jatorrizkoa, ez ordeztu".

Gipuzkoan, handiagoa da harrera familietan bizi diren haurren kopurua (329) adingabeen zentroetan hazten direnena baino (277). Barreñaren hitzetan: "Haurren Babeseko Zerbitzuak apustu irmoa egin du arreta eredu honen alde, harrera zentroen alde egin beharrean, adingabearentzat askoz ere mesedegarriagoa baita harrera familia batean egotea. Familian hazteak alderdi positibo ugari ditu haurrarentzat: laguntza eta afektua jasotzen dute, hobeto integratzeko; modu osasuntsuan garatzeko aukera dute; eta ingurune egonkor batean hazi daitezke."

Harrera prozesua

Harreraranzko lehen urratsa eman ahal izateko, interesdunek hainbat bide dituzte programarekin harremanetan jartzeko: telefonoz (943 11 25 22), emailez (familiaharrera@gipuzkoa.net) edo Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuaren bulegoetara joanez (Txara II eraikina, Zarategi pasealekua 99, Donostia).

Prozesua hasteko, lehendabizi, prestakuntza hitzaldi batean parte hartu behar da. Hitzaldi horretan familia harrerari eta bere inplikazioei buruzko informazio zehatza jasoko da. Programa gertutik ezagutu ondoren, harreragile izan nahi dutenei banakako balorazioa egingo zaie; balorazio horretan erabakiko da eskatzailea egokia den ala ez harrera bat egin ahal izateko.

Barreña zuzendariak azpimarratu zuen prozesu osoan Foru Aldundiak Laguntza Teknikoko Zerbitzu bat jartzen duela, haurren eta familien jarraipena egiteko. Gainera, familian esku-hartzeko programak, adingabearentzako tratamendu psikologikoa eta gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoak jartzen dira eskatzaileen esku.

Orientazioa, laguntza...

Aurkezpenean adierazi zutenez, Beroa Harrera Familien Elkarteak, bestalde, "lan handia egiten du", eta informazioa, laguntza, orientazioa eta aholkularitza ematen ditu harreraren fase desberdinetarako. Bestalde, hainbat jarduera ere antolatzen ditu harrera familiei zuzenduta: dibulgaziokoak, sentsibilizaziokoak, aisialdikoak, a.a.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak