Euskal zinemaren urtea da hau Donostia Zinemaldian, eta gaur garrantzi handiagoa hartuko du bertoko zinemagintzak. Euskal zinemaren jai handian, Pedro Olea zuzendari, ekoizle eta gidoilari bilbotarrak jasoko du aurtengo omenaldia.
Horren ostean, Borja Cobeagaren Negociador filma emango dute. 2006an Jesus Egigurenek eta Josu Urrutikoetxeak eta Xabier Lopez Peñak izan zituzten elkarrizketak berritu ditu donostiar zuzendariak bere hirugarren filmean, komedia bat egiteko.
Galaren ostean, festa izango dugu Bataplanen, eta noski, GOIENAko lantaldea ere bertan izango da, gertatzen den guztia kontatzeko asmoarekin.
Sail ofiziala
Casanova variations Michael Sturmingerren filmak inoiz izan den seduktorerik handienaren mitoa irudikatzen du. Fikzioaren bidez ez ezik, antzezpenekin ere kontatzen du protagonistaren istorioa.
Proposamena bitxia da oso, ohiko Casanaova irudikatu beharrean, zuzendariak John Malkovich aktore edadetua aukeratu du. Honen bidez, mitoa gorpuztu egiten da, eta gazte kaskarin bat baino, sedukzioa atsegin duen gizona ezagutuko dugu. Adi! Ez da ortodoxoentzako lan bat, oso film berezia da, opera eta fikzioa nahastu egiten baitira film honetan.
Phoenix filmak kontatzen duen istorioak, denbora behar du. Zine aretotik atera eta gero, hausnartu beharreko filma da. Aurpegia erabat desitxuratuta itzuli den emakumezko abeslari baten istorioa kontatzen du Christian Petzold zuzendariak.
Istorioa baina ez da hor amaitzen, protagonistak bere senarra topatu nahi du-eta. Bide horretan espero ez dituen aurkikuntza ugari egingo ditu, guztiak txarrak gainera. Nazismoa, konfiantza, amodioa... guztiaz hitz egiten da film honetan.
Asiako zineak beti harritzen nau. Komedia eta drama, umore eta tristura, errealitatea eta fikzioa. Heamu etorkinak legez kanpo garraiatzen dituen arrantza-ontzi baten istorioarekin hasten da. Lasaia, plano luzeak, argi zaindua... Koreako film luze horietako baten antza dauka, baina laster, gauzak okertu dira.
Eguraldiak bidaia aldrebestuko du eta arrantzale lasaiak, 'serial killer' batzuetan eraldatuko dira. Ziur zuzendariak asmo onez egin duela filma, baina une gehiegitan barrea eragiten duen B mailako film txar bat dirudi.