Jose Maria Txabarri: "Ebolaren hedapena saihestea da lehentasuna, eta gaixo daudenei osasun zerbitzua ematea"

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko ira. 22a, 16:49
Txabarri, Arrasateko San Juan de Dios ospitalean, abuztuan.

Jose Mari Txabarri Imañak (Leiva, Errioxa, 1953) gertutik ezagutzen zuen Miguel Pajares abadea, abuztuan ebolak jota hil zen espainiarra. Bera kide den San Juan de Dios kongregazioak du Monroviako (Liberia) San Jose ospitalearen ardura.

Zeintzuk dira handik jaso dituzuen azken berriak?

Monroviako ospitaleko hiru abade eta bost langile hil direla badakigu. Liberiarekin muga egiten duen Sierra Leonan, berriz, beste zortzi langile hil direla ere jakin dugu.

Ze neurri hartu dira?

Lehena izan da herrialde bietako ospitaleak ixtea, garbiketa lanak egiteko eta desinfektatzeko. Irailaren 9an Sierra Leonakoa ireki genuen, baina Liberiakoa itxita dago oraindik. Hala ere, abuztuaren 25ean joan ziren hara gure ordena barruan dagoen Juan Ciudad gobernuz kanpoko erakundeko hiru kide. Monroviako ospitalea berriz zabaltzeko lanean dihardute.

Zein da hango egunerokotasuna?

Lehengo egoera bera bizi dute, gutxi gorabehera. Oraindik ez dute ebola kontrolatzea lortu eta hori lortzerako hilabete batzuk pasako direla uste dut.  

Zein da lehentasuna orain?

Lehentasuna hedapena gelditzea da, ebola gaitza gehiago ez hedatzea lortu behar da, bai herrialde barruan baita herrialdetik kanpora ere. Hori lortzea, baina, oso zaila da han. Herrialde batetik bestera joateko ez daude aireportuak edo bide nagusiak bakarrik, basotatik eta bigarren mailako errepidetatik ere joan daiteke batetik bestera.

Obamak ere esan du egoera larria dela eta Nazio Batuak martxan jarri du laguntza bidaltzeko protokoloa. Zenbaterainoko larria izan behar du egoerak nazioarteko erakundeek laguntza emateko?

Ez ginateke tamaina honetako egoeraraino heldu behar laguntza jasotzeko. Lehen salaketa, lehen kasua, ezagutu zenean ez zitzaion kasurik egin, eta hori akatsa izan da. Aldiz, kaltea Europako herrialdetakoren batera heltzen bada, orduan hasten da jendea mugitzen eta gaia serioa dela esaten.

Pobrezian bizi diren herritarrei, baina, sinesgarritasun txikia ematen zaie. Orain egoera ez dago kontrolpean eta baliabide ekonomiko asko behar dira egindako kaltea konpontzeko. Orain arte hil diren pertsonez gain, beste 5.000 lagun ei daude kutsatuta.

Miguel Pajaresi ere horixe gertatu zitzaion, ezta?

Bai. Gobernuari eta erakundeei laguntza eskatu zien ebolaz kutsatu zela jakin zuenean, baina ez zioten kasurik egin. Egoera benetan larria zenean erreakzionatu  zuen jendeak. 

Baina orain ere antzeko egoera ari da gertatzen. Pajaresena pasa da, eta arazoa bukatu da askorendako. Ez da horrenbeste hitz egiten arazoaz, eta hori ez zen horrela izan beharko. Arazoa hor dago oraindik. Gaitza hedatzen ari da eta egoera lehengoa baino larriagoa izan daiteke.

Berdin gertatzen da malaria edo heriotza arriskua izan dezaketen beste gaixotasunekin ere?

Hemeretzi urtez egon naiz Afrikan. 27 urte nituela joan nintzen lehen aldiz eta Ghanan, Togon, Beninen, Sierra Leonan eta Senegalen izan nahiz, gehien bat. Behin baino gehiagotan izan dut malaria baina gaitz ezberdina da hori. Malaria ez da hilkorra, ez, behintzat, kasu guztietan. Umeak kaltetzen baditu eta buruko malaria baldin bada, orduan bai, orduan hilkorra da.

Malaria, baina, gaixotasun zaharra da, aspaldikoa, eta garbitasun ezak sortzen du. Hala ere, adibidez Espainian ohikoa balitz, haren kontrako txertoa aterako zuketen. 

Ze neurri hartu behar dute orain erakundeek?

Lehentasuna, hedapena saihestea da. Horrez gain, baina, gaixo daudenak artatzea eta osasun zerbitzuak babestea eta bermatzea. Malaria edo apendizitisa dutenek ere behar dute osasun zerbitzua. Gainera, kutsatzea prebenitu behar da. 

Gaixorik dauden guztiendako sendagaiak behar dira, eta garbitasun sakona egin behar da, herri osoa desinfektatu behar da ebola gehiago hedatu ez dadin. Hori, baina, oso zaila da eta jakitun izan behar gara herrialde denetako erakunde guztiek lagundu behar dutela. Baita, noski, Nazio Batuak ere. Horretarako, baina, diru asko behar da.

Oraingo laguntzek, baina, izango dute jarraipenik?

Baietz uste dut. Gu han gaude, ospitalea zabaltzeko lanetan ari gara orain eta gaixo daudenei irtenbidea ematen saiatuko gara. 

Bestalde, tamaina handia hartu du arazoak eta hori saihesten saiatuko direla uste dut, bai sendagaiak bidaltzen eta baita gaitzarekin bukatuko duen txertoa ateratzeko ikerketak egiten ere. 

Liberia, Ginea eta Sierra Leona dira herrialde kaltetuenak, ezta?

Bai. Senegal ere gertu dago, baina badirudi herrialde horretara ez dela oraindik heldu, mugak ondo zaindu dituzte.

Noiz egon zen Pajares azkenekoz Arrasaten?

Joan den urrian egon zen. Bere izaera naturalarekin bat eginez, San Jose ospitalerako proiektu berriak landu guran, dirua lortzera etorri zen. Espainiara etortzen zen aldiro zetorren Arrasatera bisitan, hemengo lagun asko ezagutzen zituen-eta, tartean Mikel Tellaetxea. Donostiara joatea ere gustatzen zitzaion. Etengabe egon zen harremanetan Euskal Herriarekin. 

Tellaetxeak, gainera, Pajaresekin egin zuen lan Monroviako San Jose ospitalean, ezta?

Bai, horrela da. Aita Menni ospitale psikiatrikoko egungo zuzendari Mikel Tellaetxe Monroviako San Jose ospitaleko zuzendari izandakoa da, eta hark ere bertatik bertara ezagutu ditu gaixotasun bortitz horren eraginak.

Zenbat laguni ematen dio zerbitzu San Jose ospitaleak?

Hiriburuan dago eta bera da herritarrek kontuan hartzen dutena. Gerra asko bizi izan ditu Liberiak, eta hango gobernuaren ospitaleetan ez dago sendagairik. 

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Hilabete batzuk barru egoera kontrolpean izango den esperantza dut. Bide batez, elkartasun mezua zabaldu gurako nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak